Urteko galdera

Xabier Etxague Alcalde / Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (UPV/EHU)

25/05/2016

Xabier Etxague Alcalde / Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (UPV/EHU)

Bazen behin Mendaur izeneko umetxo bat. Herri zoragarri bateko baserrian jaio zen. Umetxoak inguruko naturaren laztanak jasotzen zituen eta azkar eta erne hazten ari zen. Umea hazi ahala bi mintzo esnatu zitzaizkion bere baitan, mintzo gorria eta mintzo urdina. Mintzoek lotan ematen zuten denbora gehiena baina une larrietan ernatu egiten ziren eta umeari mintzatzen zitzaizkion zereginak agintzeko. Umeak normaltzat zituen bere baitan izaten ziren mintzoen arteko eztabaidak. Berarekin batera haziak ziren eta gizatasunaren ezaugarritzat zuen mintzoen izatea. Berak nabaritua zuen zerbait garrantzitsu egin behar zuenean mintzoek gogor hitz egiten ziotela, eta, gainera, haien artean eztabaidatu egiten zutela. Sesioa zenbat eta luzeagoa, orduan eta nekagarriagoa izaten zen bere baitako hitz aspertu hura eta desatsegina bilakatzen zitzaion. Herriko eskolara joaten hasi zen. Eskola gustukoa zuen, etxetik aparte ibiltzeko aukera baitzuen, lagun artean, jarduera dibertigarrietan. Gelan bazeuden txoko desberdinak eta andereñoak "jarduera librea" deitzen zuen puska batean berak aukeratu ahal zuen zein txokotara joan eta hantxe jostetan ari. Txoko guztiak ziren gozagarriak; denetan bazeuden deigarri egiten zitzaizkion jokoak. Bazeuden bi txoko bereziki erakargarri izaten zitzaizkionak, andereñoak bati "hitzak" deitzen zion eta besteari "zenbakiak". Puska batean duda-mudatan egoten zen zein txokotara joan erabakitzeko. Erabakia, nonbait, garrantzitsua izan behar zuen, mintzoak ernatu egiten baitzitzaizkion. Mintzo gorria "hitzetara" joateko konbentzitzen saiatzen zen; mintzo urdinak, berriz, "zenbakietara" agintzen zion. Biak ibiltzen zitzaizkion ika-mikan eta berak ez zuen ondo ulertzen ika-mika haren zergatia, baina nonbait garrantzitsua izan behar zuela sumatzen zuen, eztabaida franko astuna egiten baitzitzaion. Zein txokotara jotzen zuen ikusteko andereñoa begira egoten zitzaiola ere antzeman zuen. Gutxika-gutxika mintzo gorria nagusitzen joan zitzaion eta urdina, ordea, ahultzen. Gero eta gehiago "hitzak" izeneko txokora jotzen zuen. Izan ere txoko hartan marrazki eta kolore gehiago zeuden, ipuinak ere bai, eta bera gozagarri antzematen zituen haiek denak. Bi txokoetan ezin egoteagatik pena zuen, zenbakiak ere gustuko baitzituen. Joko-moduko haiek erakargarri ziren, baina tarteka aspertu ere egiten zen, errepikakor izaten baitziren. Gainera, zenbakien istorio haietan ez zegoen otsorik. Eskolan aurrera joan ahala, aunitzetan tokatu zitzaizkion antzeko egoerak, batean tailerrak zirela, bertzetan taldeko lana zela,.. era batera edo bertzera aldioro aukeratu behar zuen "hitzak" ala "zenbakiak". Eta aldioro mintzo nekagarriek hitz egiten zioten: "hitzekin mundua ezagutu eta hobetuko duzu; abokatua edo politikoa izango zara"; "zenbakiekin gauzak asmatuko dituzu eta aberatsa izango zara", eta antzeko pitokeriak entzuten zituen bere baitan. Antzeman zuen bere baitako mintzoek kanpoko pertsonek erraniko berak errepikatu egiten zituztela. Asper-asper eginda zegoen. Umeak ez zuen ulertzen zergatik aukeratu behar zituen, zergatik ez zioten eskaintzen "hitzak" eta "zenbakiak" batera, zergatik ez zioten eskaintzen bi entretenigarri haiek batera disfrutatzeko jarduerarik. Nonbait, betitik izana zen honela eta orain ere hala beharko. Hasperenka onartua zuen izate arraro hori. Jira eta bira, baserriko belar asko egin ondoren, berarentzat mitikoa zen etapa batera ailegatu zen: "Debeatxe" inportante hartara. Ez zekien zer erran nahi zuen hitz arraro hark, baina ez zion axola ere, Debeatxen denak ziren handiak, indartsuak eta ordu txikiak arte kanpoan egoten ziren. Etapa hartan bukatu ziren tailerrak, txokoak, proiektuak, eta berarentzat hain erakargarriak ziren haiek. Eguneko ordutegia laukitxo berdinetan banatuta zegoen eta ordutik ordura aldatu egiten zen: "hitzak" - "zenbakiak" - "hitzak" (edo antzeko zerbait) - "zenbakiak" (edo antzeko zerbait) - "hitzak" (bertze era batera) - "zenbakiak" (bertze era batera) - ... Bere baitako mintzoek etsita zeuden, eztabaidatu ere ez zuten egiten, hainbestekoa baitzen orduroko aldaketa. Nekagarria egiten zitzaion gure umeari dena eramatea: lagunen arteko geldialdiak, herriko jaiak, etxean lagundu behar izatea, ... Beti bazegoen zer edo zer. Jada ez zegoen maisurik edo andereñorik, irakasle eta andereño aunitz baizik. Haien arteko batek atentzio gehixeago ematen zien, tutorea zenak. Tarteka-marteka tutorea zen hark galdetu egiten zion ea zer zuen gustukoen: hitzak ala zenbakiak. Orduan ernatzen zitzaizkion mintzoak, zer edo zer garrantzitsua antzematen zuten galdera inozo hartan eta bere baitako eztabaida pizten zen. Bere baitan ez zuen erantzun nahi, baina tutorea zen hark nolabait erantzutera behartzen zuen. "Ahgggg...!!!! Ez dut erantzun nahi! Dena dut gustuko!" Kia! Erantzun egin behar zen. Ailegatu zen Debeatxeko azken mailara. Eta ... hara! Berak emaniko erantzuna baliogarri izan zen ordutegiko laukitxo batzuk aldatzeko. Zenbakiak ziren batzuk hitzak bilakatu ziren. Hara zer galera! Ernegatu egin zen gure gaztea. Zergatik kendu zizkioten zenbakiak? Zergatik ugaritu zizkioten hitzak? Tutoreari esandako hargatik? Berak betitik biak erakargarriak eta maitatuak zituen, baina Debeatxe hartan bukatu zitzaion dena besarkatzea. Gainera, beste zerbait ere aldatu zen. Berak ez zekien ondo zer zen baina bere betiko gela banatu egin zen, hitzak aukeratu zituztenak elkarrekin zeuden eta zenbakiak aukeratu zituztenak bertze gela batera aldatuak ziren. Bere betiko gela puskatu egin zen. Harremanak ere aldatu egin ziren, aldaketa zertan zen ondo jakin gabe ere, tratu desberdina antzematen zuen. Zenbakiak aukeratu zituztenak jabeago ziren; ez zekien ondo zeren jabe baino jabeago antzematen zituen. Edo, bertze era batera erranda irakasleek jabeago egiten zituzten. Txikixeagoak ote ziren hitzak aukeratu zituztenak? Etapa hartan Bernardo Atxagaren anai txikiak mintzoa bazuela ikasi zuen, berak bezala; baita bere behiak memoria bazuela ere. Gustura zegoen, oso, hitzen artean, baina penaz bizi zuen zenbakien galera. Galera hura betirako izanen zen usteak beldurtzen zuen. "Zergatik ukatu dizkidate zenbakiak?".
Hau bezalako hamaika istorio errepikatzen dira gure inguruan, behin eta berriz. Sortu dugun hezkuntza sistemak berak behartzen du kultura humanistikoa eta zientziaren arteko banaketa. Galdetu egiten digute zer nolako hezkuntza eredua nahi dugun banaketa hau ezabatzeko. Horren aurretik beste galdera badago: nahi dugu banaketa ezabatzea? Ez gara gaizto izango eta emanen dugu baietz, benetan kultura (edo mundu?) berri bat sortu eta banaketa gainditu nahi dugula. Hona, nire irudiz, gako erraz batzuk: -Ezagutza integrala lantzea. Alegia, ezagutza desberdinak integratzen dituzten proiektuak izatea irakaskuntzaren ardatza. Aspalditik lantzen da honelako irakaskuntza eskola askotan. Izen eta praktika desberdinak izaten dituzte (proiektuka lan egitea, problemen ebazpen integrala, ikerketa metodoak, ...). Amara Berri, Antzuola, ... eta bertze eredu asko ditugu gure inguruan. Eman eta zabal ditzagun. -Bigarren Hezkuntzan ere ausardia izatea. Praktikak erakusten digu DBHra iristerakoan arduradunok beldurtu egiten garela Curriculum ofizialen eta kanpoko ebaluazioen exijentzien aurrean. Ondorioz, ezagutzen eta kontrolatzen dugun sistemari heltzen diogu: graduazioa eta sailkapena; laukitxoen ordutegia alegia. -Curriculum ofizialak "deskondentsatzea" eta esparru bakoitzaren oinarrizko eduki eta eduki instrumentalei heltzea. Egungo DBHko curriculum ofizialak izugarri zamatuta daude eduki entziklopedikoez. Ez dago munduan, egungo DBHko eduki ofizial guztiak erabat ikasi eta barneratu dituen pertsonarik. Izanen da froga bat gainditzeko, denbora mugatu batez, ikasteko gai denik, baina, ez dut ezagutu nik eduki horiek benetan ikasi dituen pertsonarik. Eta, ofizialki horixe eskatzen diegu gure gaztetxoei. Irakaskuntzan denok dakigu alferrikako eduki asko irakasten ditugula eta iraka-ikaskuntza ahalegin horiek mugatzen dutela bertzelako ikaskuntza integralagoak garatzea. Izan gaitezen behingotik koherenteak eta berrikus dezagun curriculuma integraltasunaren anteojuekin. Curriculumak diseinatzerakoan arlo bakoitzeko jakitunek lan egin behar dute bertze arlokoekin batera. Alegia, diziplina-artekotasunak gidatu behar du curriculumaren diseinuak. Ez al da erokeria, egun, curriculum ofizialarekin gertatzen dena? -Zeharkakotasuna etapa guztietan lantzea, baita batxilergo eta unibertsitatean ere. Gizarte eta Humanitate ikasketetan oinarrizko formazio zientifikoa nahi dut nik; eta zientzia eta ingeniaritzetan oinarrizko formazio gizarte zale eta humanistikoa ere nahi dut. Horretarako unibertsitatean titulazioak analizatzeko begiek fokua zabaldu behar dute eta curriculuma beste irakaskuntza egokituei ireki behar diete. -Aldaketak progresibotasunaren hastapenean oinarritzea. Jakina, ikasgaietan oinarritutako curriculum batetik proiektuetan ardazturiko eredu batera igarotzea ez da egun batetik bestera egiten. Egungo eskolaren egiturak errazten du proiektuen lanketa progresiboki integratzea. Has gaitezen asteari denbora atal txikia hartzen eta poliki-poliki joan gaitezen proiektu integralen dinamika zabaltzen. -Hezkuntza joko politiko "epe-motzekotik" ateratzea. Gobernu bakoitzaren egitasmoa curriculum ofiziala bere ideologiaz blaitzea den bitartean alferrik ariko gara. Hezkuntza eredu bat errotzea urtetako proiektua da; lau urte ez dira aski ez eta zortzi ere. Eta gurean lau urtetik aldarazi nahi digute eredua. Aipatu ditudan puntuak betegarriak dira, horretarako borondaterik bada. Agian guztiari heltzea zaila izan daiteke une politiko nahasi hauetan, baina neurri batzuk martxan jar ditzakegu jada hala nahiez gero. Baina, banaketa ezabatzea ez da urte edo agintaldi baten lana; ezta bi edo hiru agintaldiren egitasmoa ere; belaunaldi oso bat behar dugu planteatzen ari garen bezalako kultura aldaketa egiteko, baina bihar bertan hasi gaitezke lanean. Erantzuten ari garen galdera lanaren hasiera ote da?
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2016