Foroan aplikatuko den metodologia EHUko parte Hartuz master eta ikerketa taldearekin, Aztiker soziologia ikergunearekin eta Elhuyarrekin lankidetzan garatuko da. Parte hartze metodologiaren bitartez, gogoeta eta deliberazioan oinarritzen den foroa burutuko da. Bilduko den taldea talde txikietan banatuko da, 7 pertsonez eta dinamizatzaile batez osatuko taldeak sortuko dira.
Edukiei dagokionez, galdera marko honi erantzuna bilatzeko ariketa egingo dugu: Zer norabide eman behar diogu hezkuntzari? Zer nolako jendarte eredua nahi dugu, horrela nahi dugu hezituak izan.
Erantzunaren bila ibilbidea egiteko, hausnarketa gidatzeko, eztabaida jarraian agertzen diren bi ardatz nagusien inguruan kokatuko da:
Gure herriaren iraunkortasuna eta kulturartekotasuna: curriculum berri baterako ildoak.
Jendarteak, aldaketa handiei ez ezik, etengabeko aldaketen abiadura bizkorrari ere egin behar die aurre. Ziurgabetasun egoeran bizi gara. Eta aldaketa horietara egokitzeko hezkuntza-sistemaren gaitasuna ezbaian dago. Errealitate honek eta erronka globalek eskatzen dituzten galderak eta erantzunak topatzeko zailtasunak ditugu.
Korronte globalizatzaileen norabideak irakurtzeko, digitalizazioa eta inteligentzia artifizialaren eragina neurtzeko, aldaketen azkartasuna ulertzeko eta gure herria dinamika horietan ongi kokatzeko, egungo errealitatea hobetuko duten tresna eraldatzaileak sortzea beharrezkoa da.
Hezkuntza gizarte eraiketa da, gizartea antolatzeko moduaren ideia-sistemaren parte. Hezkuntza sistema gizartea bera eta guztion bizi-baldintzak hobetzeko palanka izan dadin, egungo ideia-balio sistema itaundu beharko genuke etorkizuneko hezkuntza sistemak nondik joan beharko luken adosteko.
Tresna eraldatzaile horiek tokitik eta tokiko erantzunak bilatuz sortuko dira, sortzekotan. Horretarako, hezkuntza –formala eta ez-formala–, erdigunera ekarri beharko genuke eta, aldi berean, ezagutza komunitarioa eta pentsamendu kritikoa garatu.
Testuinguru honetan, beste kulturekin solasean, gure hizkuntza, gure kultura eta nortasuna modu iraunkorrean bizitzeko moduaz pentsatu beharra dago, gure baitako askotariko aniztasuna kudeatzeko behar ditugun tresnak lantzeko beharra dago, beti ere, guztion bizitza duina bermatuko duen jendartea osatzeko asmoz.
Gure hezkuntza sistemak garatu behar dituen baloreak eta helburu kolektiboetaz hausnartu nahi dugu ardatz honetan. Galdera iradokitzaileak:
- Nola eman bide inklusioari, ekitateari eta kultarartekotasunari?
- Nola bide eman euskarari eta euskal kulturari?
- Nola bermatu komunitateen, herritarren eta tokiko erakundeen eragite gaitasuna?
- Nola landu jendarte gisa ikuspegi kritikoa?
Gobernantza eredua: demokratizazioa eta parte hartzea.
Arestian aipatutakoak lantzeko nolakotasunari arreta eskaini beharko litzaioke. Eta beharrezkoak diren aldaketen “nolakotasunari” erantzun egokia eta bidezkoa eman ahal izateko gobernantza eredu komunitarioa bultzatzea komeni da. Kultura demokratikoan sakontzeko premia arlo guztietan sumatzen den arren, hezkuntzak berebiziko ardura du herritartasunaren eraikuntzan: balioen eta praktika demokratikoen irakaspenean eta gauzatzean, bere baitan, eta gizarte zabalean.
- Aldaketen “nolakotasunari” erantzun egokia eta bidezkoa emateko, nola bultzatu gobernantza eredu komununitario bat?
- Nola sakondu kultura demokratikoan? Nola sustatu parte-hartzeko kultura?
- Ezagutza komunitarioa eta pentsamendu kritikoa garatzeko, nola sustatu parte-hartzeko kultura? Nola sakondu kultura demokratikoan?