Belaunaldien arteko harreman orekatuak ez daude bermatuta. Aspaldi luzean, belaunaldiek elkar lagundu, txandakatu eta zaindu egiten zuten, hori esan beharrik gabe; gaur egun, ordea, isilpeko akordio hori zalantzan jarrita dago.
Premisa horrekin egin da Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailarekin lankidetzan burutu duen belaunaldien arteko elkartasunari buruzko txostena, 2025ean Heldu, Gazte! sinposioan oinarrituta egindako lana jasotzen duena.
Dokumentua, nagusiki, diagnostiko ariketa bat da, neurri zehatzak proposatu aurretik, ezagutza antolatzen du, kontzeptua argitzen du eta eztabaida zehaztu. Ariketa horretatik ideiak hiru ardatz nagusitan antolatzen dira:
Lehenengoa belaunaldien arteko eta baitako aukera berdintasuna da. Txostenak egiaztatzen du igogailu soziala moteldu egin dela eta desabantailak belaunaldi batzuetatik besteetara transmititzen direla; adinkeria – Europako herritarren %52k laneko desabantaila-faktore nagusitzat jotzen dutena – arazoaren parte da, eta eskatzen du adina berdintasun-politiken erdigunean jartzea, generoarekin edo jatorriarekin batera.
Bigarrenak ardatza gobernantzan zentratzen du: belaunaldien arteko elkartasunak belaunaldien artean kostuak eta onurak nola banatzen diren ebaluatzeko tresnak behar ditu. Erreferentea Gales da, bere Well-being of Future Generations Act hamar urterekin.
Hirugarrena dimentsio komunitarioa da. Elkartasuna egunerokotasunean aplikatzen da — elkarteak, klubak, auzoko jarduerak —, indibidualismoak higatzen duen aktibo hauskorra, aitortu eta indartzea komeni dena.
Txosten hau abiapuntua da. 2026an hiru topaketa antolatuko dira kontzeptua eremu zehatzetan lurreratzeko eta neurrien agenda bat eraikitzeko, urtea bide orri batekin ixteko.
