Urteko galdera

Eba Gaminde / Irakaslea Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean

2016/12/05

Eba Gaminde / Irakaslea Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean

Galderak berak erakusten digu aspaldian okerreko bidetik gabiltzala, humanismoa eta zientzia banatu ditugun heinean. Egungo gizakiaren jomuga pertsonalak hirutara laburbildu daitezke: arrakasta profesionala, ospea zein begirunea dakarten giza-harremanak eta kalitateko bizitza ahalbidetzen duten diru-sarrerak. Epe laburreko ikusmira dugu, alegia, berehalakotasuna gailentzen duen denbora-ulerkera, orainaren balioa gurtuz. Jarduera-ardatzak "Ni"a eta "Orain"a dira, profesional edo teknikaririk onena izatea, harago begiratu gabe, ezta gure alboan dagoena ere (edo azpian, igotzean zapaldu dugulako). Zer edo zer aldatu behar da, eta, nire uste apalean, gakoa hezkuntza ereduan dago. Epe laburreko ikusmira berekoi hori hezkuntza ereduaren bitartez aldatzea dagokigu, osoko heziketa edo heziketa integrala eskainiz, hots, jakintza teknikoez landara, balioak eta eduki transbertsalak edo zeharkakoak jorratzen dituen hezkuntza. Nondik nahi begira dakiola ere, "baliodun hezkuntza" edo "balioetan hezitzea", kontzeptu hagitz zabala eta konplexua da, eta azken helburua erdiesteko, gainera, irakasleen ekarpenak ez ezik, beste agente batzuen parte-hartzea ere ezinbestekoa da, guraso zein familiarena, eta gizartearena, hain zuzen. Guzti horien arteko elkarlanak ekarriko du arrakasta. Irakaskuntzari dagokionez, balioetan hezitzea izango litzateke hezkuntzaren norainokoa zabaltzea, kontzeptu eta gai tekniko zehatzak irakasteaz gain, moralaren nahiz bizikidetzaren esparruetako gaiak ere jorratuz, azkenean teknikari jantziak, baina, aldi berean, pertsona arduratsuak trebatzeko. Egungo giza-aniztasuna eta globalizazio ekonomikoa direla bide, inoiz baino beharrezkoago bilakatu da balioetan hezitzea, erronka berriei aurre egiteko gai diren pertsonak behar direlako, ohiko egiturak emeki-emeki aldatu eta gizarte zabalago baterantz jotzeko gai diren pertsonak. Eta zelan eratu hezkuntza eredua, helburu hori erdiesteko? Lehenik eta behin, abiaburua edo muina aldatuz: pertsona/gizakia jarri behar da hezkuntza ereduaren erdigunean, ikaslea eta bere ikaste-prozesua, eta horren gain joan behar da eraikitzen. Heziketa-zentroa, Eskola, Unibertsitatea, irakasleok... gizakia eta gizartea zerbitzatzeko gaude, lehen mailako irakaskuntza zein ikerketa teknikoa bultzatuz, baina, aldi berean, sozietatea eraldatzeko konpromisoa ahalbidetzen duten tresnak eta gaitasunak eskainiz, eta bi esparru horiek uztartuz. Labur-zurrean, gaur egun, zoritxarrez, humanismoa eta zientzia banatuta dauden heinean, pertsonen duintasuna, guztion ongizatea eta giza-eskubideak errespetatzen dituen bizikidetza ahalezkoa baino ez da, horren kontrako mehatxu ugari daudelako, zientziatik at: terrorismoa, tratu txarrak, indarkeria, elkartasun eza... Horien aurrean, hezkuntza sistemak bestelako aukera positiboak sustatu behar ditu. Eskolak eta familiek, hedabideek eta gizarte-eragileek elkarri lagundu behar diote lan horretan. Heziketa zientifikoa landu, hobetu eta sustatu behar da, noski, baina oraingoan, arreta eta indarra kultura humanistikoan jarri behar da, "izaeraren hezkuntzan", pertsona hobeak izaten ere irakats eta ikas daitekeelako.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2016-ko BESTE ERANTZUNAK