EzBerdin Berdinak aurkeztu da, euskal identitate garaikidea birpentsatzeko esperientzia artistiko eta parte-hartzailea

Proiektuak

2025/10/08

EzBerdin Berdinak aurkeztu da, euskal identitate garaikidea birpentsatzeko esperientzia artistiko eta parte-hartzailea

Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileekin batera Euskal Herri osoan izango da bira, urriaren 24an Bilbon hasita, abendura bitartean, 7 saio esklusiboetan.

Gaur, EITBren Bilboko egoitzako Izan Ongi gunean, EzBerdin Berdinak aurkeztu da jendaurrean, Eusko Ikaskuntzak Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileen talde zabal batekin elkarlanean bultzatutako hausnarketa sortzailea. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalek babestuta, LABORAL Kutxaren eta EITBren babesa ere badu.

Ekitaldian parte hartu dute Iñaki Zabaleta, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak; Leire Vargas eta Sabin Bikandi, saioetan parte hartuko duten sortzaileak (bertsolaria eta musikaria, hurrenez hurren); Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia; eta Joseba Koldo Pérez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Bilboko Udaleko Kultura zuzendari Iñaki López de Aguileta, bai eta EITBko Kultura eta Euskara Zuzendari Vanessa Fernández eta LABORAL Kutxako Bizkaiko Komunikazio arduradun Álvaro Parro ere bertan izan dira.

Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak hasiera eman dio aurkezpenari, ekimenaren helburuak azalduz: "Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren legatu gogoetatsuari zabalkundea eta jarraipena eman nahi diogu". Kongresu horrek, 2024ean, hizkuntza artistikoari helarazi zizkion identitateari, euskarari, aniztasunari eta etorkizun partekatuari buruzko gogoetak, ikuspegi ireki eta inklusibo batetik. Zentzu horretan, Arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna azpimarratu du: "euskal nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatu nahi da, euskal kulturan oinarritutako proposamen artistiko berritzaile batetik abiatuta, belaunaldien arteko elkarrizketa eta lurralde-kohesioa bultzatuz", gaineratu du Zabaletak.

Bestalde, Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Aitor Aldasorok, azpimarratu du EzBerdin Berdinak proiektuaren balioa, artearen eta hizkuntzaren indar eraldatzailea gizarte-kohesioa sendotzeko adibide gisa. Nabarmendu duenez, “euskarak eta kulturak elkarrekin egiten dutenean bidea, komunitatea indartu egiten da”, eta gaineratu du euskara ez dela soilik zaindu beharreko ondarea, baizik eta “etorkizuna imajinatzeko eta komunitatea sortzeko giltza”. Bere esanetan, horrelako ekimenek erakusten dute sormen artistikoak belaunaldien, lurraldeen eta sentsibilitate desberdinen artean zubiak sor ditzakeela eta euskara eta euskal kultura herria etorkizunera proiektatzeko indar bizi bihurtu dezaketela.

Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak hartu du hitza ondoren. Bere hitzaldian, “gizarte hobe baten bilaketa horrek, aniztasunarekiko errespetua, bizikidetza, kulturartekotasuna, integrazioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa, desberdintasunen aurkako borroka, elkar entzun-ulertzea… bezalako balioetan oinarritua, zerikusi handia duela hemen iragartzen ari garenarekin”, nabarmendu du.

Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak azpimarratu du horrelako ekimenek gure gizartearen loturak indartzen dituztela, eta kultura dela horretarako oinarrizko ardatza. Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak gaineratu du: “Etorkizunean gure gizartea nolakoa izatea nahi dugun ikertzeko saiakera da esku artean duena Eusko Ikaskuntzak ekimen honekin”. Eta, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak “funtsezko gai bati heltzen dio ekimenak, izan ere, guztioi eragin eta kezkatzen gaitu”, azaldu du.

Euskal nortasunaren inguruko hausnarketa sortzailea

Aurkezpenean nabarmendu da EzBerdin Berdinak ez dela ohiko ikuskizuna, baizik eta esperientzia bat, identitatearen, elkarbizitzaren, euskararen eta abarren inguruko hausnarketa sustatuko duena. Nola hitz egiten dute tradizioak eta modernitateak, belaunaldiek eta lurraldeek? Zer egiteko dute euskarak eta kulturak gizarte plural eta aldakor batean?

Beraz, dantza garaikidea eta tradizionala, bertsolaritza, antzerkia eta zuzeneko musikak (txalaparta, rapa edo elektronika) uztartzen dituen gogoeta sortzailea da. Estiloen eta diziplinen arteko fusioa, indarra eta emozioa transmititzen dituena, bai eta aniztasuna sortzetik eta euskaratik naturaltasun osoz batzeko gaitasun ikaragarria duena ere. Besteak beste, Odei Barroso, La Furia, Leire Vargas, Mixel Etxekopar, Sabin Bikandi, La Pulga edo Jesus Herrera izango dira saioetan.

Publiko orori zuzendurik, Eusko Ikaskuntzak zorroztasun zientifikoa ematen dio EzBerdin Berdinak dinamikei, elkarrizketa errazteko eta ikusleen artean iritziak partekatu ahal izateko, modu arin eta atsegin batean. Gainera, bira amaitutakoan, prozesuan zehar jasotako inpresio eta hausnarketa guztiak begirada kritiko batetik bilduko dira 2026ko hasieran aurkeztuko den txosten batean.

Egutegia eta sarrerak

EzBerdin Berdinak ekimenaren bira Bilbon hasiko da, EITBren egoitzako 5. platoan, urriaren 24an eta 25ean, 19:00etan, eta Iruñean jarraituko du azaroaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian, 18:00etan. Ondoren, proiektua Donibane-Garaziko Jaï Alaï trinketera helduko da azaroaren 28an, eta abenduaren 12an Gasteizko Europa jauregira, 19:00etan. Bira Donostian amaituko da, abenduaren 19an eta 20an, Tabakalerako patioan, 19:00etan baita ere. Aipatzekoa da urriaren 25ean Bilbon, azaroaren 28an Donibane Garazin eta abenduaren 20an Donostian izango diren saioek formatu laburragoa izango dutela.

Sarrerak eskuragarri daude jada Eusko Ikaskuntzaren webgunean, non hitzordu bakoitzari buruzko informazio praktikoa ere eskaintzen den.

7 saio esklusibo izango dira soilik eta prezio orokorra 18 eurokoa da, baina tarifa murriztua 15 eurokoa izango da urriaren 17a baino lehen egindako erosketetarako. Eusko Ikaskuntzako bazkideek 9 euroko prezio berezia izango dute, 5 eurokoa izango dena urriaren 17ra arte.

Informazio gehiago eta sarrerak hemen.

 

Saioen egutegia

Hiria Lekua Data Ordua
Bilbo EiTB Urriak 24-25* 19:00
Iruñea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Frontoia Azaroak 8 18:00
Donibane Garazi Jaï Alaï Azaroak 28* 20:00
Gasteiz Europa Jauregia Abenduak 12 19:00
Donostia Tabakalera Abenduak 19-20* 19:00

*Urriaren 25eko, azaroaren 28ko eta abenduaren 20ko saioak laburragoak izango dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp