Adimen artifiziala, gure memoriaren zerbitzura

Berri korporatiboak

2026/02/13

Adimen artifiziala, gure memoriaren zerbitzura

Eusko Ikaskuntzak urrats berria eman du bere dokumentu-funts zabalak eskuratzeko moduan: AA Bilaketa-laguntzailea jarri du martxan, adimen artifizialean oinarritutako bilaketa-sistema aurreratua, gaur egun proban dagoena.

Mende batetik gorako ibilbidean, gure konpromisoa argia izan da: Euskal Herriari buruzko jakintza gorde ez ezik, gizartearen esku jartzea ere, partekatuz eta erabilgarri bihurtuz. Digitalizazioaren aldeko apustua egin genuen sareak lehen urratsak ematen zituenean; eta, gaur, beste urrats bat ematen dugu: informazioa sarean egoteaz gain, modu adimentsuan eskuratzeko aukera eman.

AA Bilaketa-laguntzailea zubi bat da Eusko Ikaskuntzak zaintzen duen ondare zabalera iristeko: Auñamendi entziklopedia, digitalizatu ehunka argitalpen, 100.000 iruditik gorako artxibo fotografikoa, kantutegiak, soinu-funtsak, ikus-entzunezko materiala eta bestelako baliabide dokumentalak. Tresnak ez ditu iturri nagusiak ordezkatzen, ezta irakurketa zuzena ere; aitzitik, orientatzeko eta sakontzeko laguntzaile moduan jarduten du, bilaketak fintzen eta testuingurua ematen.

Adimen artifizialaren balio erantsia kultura-artxiboetan

Artxiboak hazten diren heinean, erronka ez da soilik kontserbatzea, baizik eta ulertzeko eta konektatzeko moduak erraztea. Bilaketa-laguntzaile honek hizkuntza naturala ulertzen du: kontsultaren atzean dagoen asmoa interpretatzen du, sinonimoak eta kontzeptu loturak identifikatzen ditu, eta grafia historiko ezberdinak aintzat hartzen ditu. Horrek aukera ematen du galdera zehaztasun tekniko handirik gabe eginda ere, emaitza esanguratsuak lortzeko.

Gainera, bilaketa ez da zerrenda estatiko bat jasotzera mugatzen. Tresnak elkarrizketa moduko dinamika eskaintzen du: gai bat zehaztu, garai jakin batera mugatu edo material mota bat aukeratzeko proposamenak egin ditzake. Horrela, "informazio-zarata" murriztu eta benetan interesgarria den edukira iristea errazten da.

Adimen artifizialak, bestalde, ustekabeko loturak egin ditzake: artikulu bat argazki batekin edo sarrera entziklopediko bat soinu-grabazio batekin lotzea, ikerketarako ildo berriak irekiz. Aldi berean, artxiboen konplexutasuna arindu eta publiko zabalago bati irekitzen dio atea: ikasle, irakasle, ikertzaile zein jakin-min duen edonorentzat.

Teknologia etikoa jakintzaren zerbitzura

Proiektu honen oinarrian printzipio argi bat dago: teknologia bitartekoa da, ez helburua. Helburua da jakintza eskuragarriago, erabilgarriago eta irisgarriago egitea, ez giza lana eta iturrien balioa ordezkatzea.

Proba fasean dagoenez, komunitatearen ekarpena funtsezkoa izango da sistema hobetzeko. Zure intereseko gai batekin probatzera gonbidatzen zaitugu, eta zure iritzia partekatzera: zerk funtzionatzen du ondo, zer hobetu daiteke eta zer gauza berri aurkitzea erraztu dizun.

Probatu dezakezu hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp