Urteko galdera

Mikel Aramburu Zudaire / BHko Filosofia irakaslea

07/26/2017

Mikel Aramburu Zudaire / BHko Filosofia irakaslea

Zer da gizakia gaur egun? Transhumanismoa vs. Humanismo berritua?

Gizakia errealitate konplexua da eta aldi bereko hainbat elementuz osatua (biologiko, psikologiko, kultural eta pertsonalak). Baina, mendebaldeko filosofiaren argitan, badira gizakioi buruzko zenbait galdera ikerketa zientifikoak erantzun ezin dituenak ezinezkoa baita gero enpirikoki egiaztatzea. Horretarako dago antropologia filosofikoa. Dena dela, gaur egun erronka zientifiko eta teknologiko berriak sortzen ari dira eta zaila egiten zaigu zer ote den gizakia jakitea. Zientzia aldetik Big Bang-ak guztiaren jatorria azaltzeko balio izan du baina hemendik aurrera Bang besterik ez gizateriaren ezagutzarako jauzi handia izango da. Eta Bang horrek esan nahi du bit, atomo, neurona eta geneak bateratzea teknologia konbergente deiturikoetan: nanoteknologia, bioteknologia, informazio eta komunikazio teknologiak edo zientzia kognitiboak, hain zuzen. Argi dago aro hiperteknologikoaren atarian gaudela eta gizakia sekulako azkar, sekulako urtetsu eta sekulako zoriontsua izatera iris litekela ala adimen artifizialak zuzendutako makinen diktaduraren menpe desager litekela. Etorkizuna aurretik jakitea zail da. Adibidez, orain absurdoa ikusten dugu kafetera interneten konektatzea baina 10 urte barru agian geure buruari galdetuko diogu nola bizi ahal izan garen hori egin gabe. Izan ere, ahaltsuagoaz gain, teknologia gero eta merkeago da eta singularitate teknologikoa defenditzen duten aditu batzuen ustez, aipatu adimen artifizial horrek gizakiarena gaindituko du eta 2045erako gertatuko da! Edo lehenago, 2025ean, ordenagailuak garunaren kalkulu ahalmena izango omen du. Horren alde dugu mugimendu transhumanista zeinak, teknologia iraultzari esker, giza gaitasunak hobetu, gaixotasunak amaitu eta bizitza luzatzea espero baitu. Horrela giza eboluzioak postgizateriari bide emanen dio eta ziborg modukoak izanen gara edo kontzientzia huts bihurtuko gara USB batean biziz. Fikziozko zientzia badirudi ere, gerorako hipotesia onargarria da. Laborategian erabat sortua den etag enoma artifiziala duen lehenbiziko zelula da bateratze teknologiko eta biologiko horren adibide. Bestalde, zineman gaia agertzen hasi gara: Her filmean adimen artifizialenganako maitasuna azaltzen da edo Westworld seriean androideak ia ezin dira gizakiengandik bereizi edo Black Mirror serie distopikoa aipagarri dugu. Dena dela, memoria bateratzea edo buruko antolaketa mikrotxip batean gordetzea momentuz ezinezkoa da. Garunaren funtzionamendua oraindik ez dugu ongi ezagutzen edo agian beste berri bat sortu beharko litzateke. Filosofo futurista batzuek diote 2040ko hamarkadarako superadimen artifiziala garatzeko %50eko probabilitatea dagoela edo %90a 2075erako. Hala ere, singularitate hori gertatuz gero gizartearen zatiketa soziala handituko litzateke zeren soilik aberatsenek aurrerapen teknologikoak eskuratuko bailituzkete eta beren gorputza hobetuko (gogoan izan Elysium filma). Gainera, lanpostu asko ere arriskuan daude. Hori dela eta, beste humanismo bat eta betiko humanismo berritua, egokitua, gure mendebaldeko humanismoaren alderdi hoberenak hartuta, zenbait adituk eta pentsalarik - nik barne - aldarrikatzen dugu. Eta horrek ez du suposatzen zientzia eta teknologiaren aurrerapenei uko egin baizik eta ustezko postgizateria horri aurre egitea gizaki arraza munduan desager ez dadin. Gizateria errobotizatua, alienatua, teknologiaren menpekoa izatea amesgaizto eta distopia okerren bilakatuko litzateke. Aldiz, ezin dugu ahaztu gure pentsamenduaren historian zehar eman diren gizakiari buruzko ikuskera ezberdinak antzinako Greziatik Errenazimentuko humanismora eta gaur egun arte. Hor daude ere giza bizitzaren zentzu auziari emandako erantzunak edo identitate, askatasun, min edo heriotza auziei emandakoak eta kontuan hartu behar dira gure garai moderno hauetan ere bai. Nire ustez, bizitza guztian mina hor egoteak eta hilko garela jakitun izateak sortzen digun auzia transzendentzia-irrikak edo nahiak argitu ahal du.Eta transzendentzia-irrika hori Absolutuarekiko ireki edo harekin harremana eduki nahi izatea da, finean. Dena den, Absolutu hori ba ote den eta, baldin bada, zer den eta gizakiok horrelako errealitatera irits ote gaitezkeen auzi filosofiko itzela da eta bestelako ikuskerak aurkitu daitezke, besteak beste, erlijioenak edo erlijioarekiko jarrerak, batez ere Jainkoaren existentziarekiko (teismoa, ateismoa, agnostizismoa edo indiferentzia). Horri buruz galdetzea da gizaki egiten gaituen ezinbesteko osagai nagusietako bat eta ez dago, eta ez da izango, inongo makina edo teknologiarik galdera horiek gure ordez egiteko. Azkenik, planteatzen dugun antropologiak ondorio etiko-politiko desberdinak dakartza eta ez soilik gizaki eta giza harreman edo gizarteari begira, baizik eta natura, izaki bizidun guztiei edota unibertsoari ere begira. Gaur egun, futurismotik urrun, neoliberalismo hegemonikoak politikaren gaineko ekonomia edo ekonomizismoa nagusi eta gehiegizko indibidualismoa edo hiperkontsumoa ekarri ditu. Horren aurka, humanismo berritu horrek errealitateari begirada kritiko, enpatiko eta errukitsua landu behar du eta honekin, pertsona - gizon-emakume - eta taldeen ekintzak eta konpromisoak bultzatu. Azken xedea da "beste mundu hobe bat" sortzea utopiak eraginda edo, beste modu batean esanda, maitasunak zentzu zabalean. Baina horretarako hezkuntza, familietan hasita, unibertsitatean jarraituz eta bizitza osoan zehar, oso garrantzitsutzat jotzen dut eta batik bat balore etiko-zibikoetan hezkuntza.Bukatzeko, eta hasierako galderara bueltatuz, seguraski sekulan ezin izango dugu jakin benetan zer den gizakia, gure errealitate sakona misterioan kokatuta dago eta, baina hortxe dugu, nire ustez, gure handitasun xumea...
Share:
Facebook Twitter Whatsapp

OTHER ANSWERS IN 2017