Asier Barandiaran Amarika / Euskal Filologian doktorea
Galderak inplizituki status quaestionis bat planteatzen du. Hezkuntza ereduaz galdetzen da baina jakintzat emanda gaur egungoan "kultura" humanistikoa eta zientifikoaren artean gainditu ezineko leize bat dagoela. Leizea, ordea, gainditu egiten da de facto eguneroko bizitzan halabeharrez. Ez baitago zientzia egiterik oinarri humanistiko gutxienekorik gabe eta ez dago kultura humanistikorik horraino heltzeko metodo zientifikoari eutsi gabe. Formazio zientifiko-teknologikoa izan dutenek euren bizitza profesionaletan berehala egiten dute topo alderdi humanistiko lantzeko behar izanarekin, proiektuak eta ikerketak taldean beste "gizakiekin" burutu behar dituztelako eta gizakiaren izatea, izaera eta izana ondo ezagutzea ikerketa proiektu jakin bat ondo zedarritzea bezain garrantzitsua izan daitekeelako... edo gehiago. Gizakia (gizaki zientifikoa baita), bestalde, gizartean bizi da eta haren baitan garatzen du bere jarduera. Gizarteak historia bat, kultura bat, jatorri bat eta norabide bat dauka.
Zein eredu behar dugu, bada, jakintza arlo guztien artean komunikazioa eta elkar-eragiketa egon dadin? Bere baitan hartzen gaituen Europa zaharrak baditu hainbat aje, baina badu tradizio bikain bat ere bai: unibertsitateetan garatu izan zen kultura humanistiko, unibertsala. Unibertsitateak izan dira neurri handi batean ahalbidetu dutenak jakintzen arteko elkarrizketa. Gaur egun badirudi tradizio horri harresiak jarri nahi zaizkiola eta espezializaziora jotzen dela zenbaitetan. Ipar Ameriketako unibertsitateen sistematik badira zenbait alor inportagarriak ez direnak, baina bada bat Europan ezarri beharko litzatekeena: graduko ikasleek eurek, zientzia eta teknologietakoak barne, euren ikasketa planaren zati bat diseinatu behar dute irakasgai humanistikoak aukeratuz. Horrek euren adimena, euren inteligentzia, euren jakin-nahia eta sormena areagotzera eramaten ditu eta benetako unibertsitarioak bilakatzeko aukerak ematen dizkie. Antzerako esperientziak badira Espainiako zenbait unibertsitateetan. Madrilgo Carlos III unibertsitatean, adibidez, gradu guztietako ikasleak behartuta daude irakasgai humanistiko batzuk hartzera (gizakia, gizartea, filosofia edota historia jorratzen duten irakasgaiak), zeharkako formazio eta prestakuntzari garrantzia emanez.
Izan ere, gure gaur egungo eta geroko gizartearen arazoak konpontzeko ez da nahikoa izango integralak edo kalkulu matematiko korapilatsuak egitea. Literatura, filosofia eta historia arloetan lanketa bat egin beharko dugu, gizakia hobeto ezagutzeko eta gizakiekin eraginkortasun handiagoz jarduteko. Formazio humanistikoa ezinbestekoa da enpresa-sorkuntzan eta lidergoan: horretaz garaiz konturatzean datza arrakastaren giltza
This website uses cookies, both its own and those of third parties.
Select the option of cookies that you prefer to navigate even its total
deactivation. If you click on the button "I accept" you are giving your
consent for the acceptance of the mentioned cookies and the acceptance of
our cookies policy. If you want to determine what you accept and what you
don't, click on "Configuration". Click on the "Read more" link for more information.