Zer da Eusko Ikaskuntza?

Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak emateko elkargune zientifiko kulturala da Eusko Ikaskuntza. Etorkizuneko eszenatokiak eta estrategiak diseinatuta, herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzen du, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan.

Eusko Ikaskuntza: Oñati 1918

Euskal Herri osoa hartzen duen erakunde bakanetakoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ofizialki hedatuta dagoen diziplinarteko zientzia-erakunde bakarra da. 

Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzea izan da erakundearen helburua mende batetik gorako ibilbidean zehar.

Eusko Ikaskuntzaren misioa proposamenak egitea da, erakunde publikoek eta herritarrek oro har gizarte-eredu hobearen bidean aurrera egin dezaten. Tresna erabilgarria izan nahi du, gizartearen erronkak eta premiak politika publiko eramateko.

Iragana ulertzetik abiatuta, Eusko Ikaskuntza begirada luzeaz arduratzen da. Lurraldeen berezitasunak kontuan hartuta eta oztopo administratiboak, ideologikoak eta gizarte mailakoak gaindituz, Euskal Herriaren eta/edo bertatik jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du. Beti ere, euskal komunitate globalaren orainerako eta etorkizunerako formulazioak eta orientabideak sortzeko helburuarekin. Horretarako, eztabaida soziala eta herritarren partaidetza sustatzen ditu, gogoetarako guneak bultzatuta, ezberdinen artean adostutako proiektu bateratu eta eramangarri bat sendotzeko.

Adimen kolektiboa pizten du pertsona konprometituen artean hausnartzeko eta, elkarlanean aritzeko gaitasuna indartuz, denak proiektu berberari lotuta: Euskal Herri askotarikoa, kohesionatua eta solidarioa garatzea.

Bazkideak dira Eusko Ikaskuntzaren oinarri nagusienetako bat. Bere ezagutza edota eskarmentu mailatik, erantzun berritzaileak eskaintzeko prest dauden pertsonak dira, erakundeak abiatzen dituen azterketetan eta hausnarketetan parte hartuz edo bere egitekoa babestuz eta bultzatuz.

Eusko Ikaskuntza. Jardunaldia (2016)


Baloreak
 

  • Disziplinartekotasuna
  • Lurraldeen arteko zubilana
  • Hiritarrekin lotu
  • Belaunaldiak uztartu
  • Erakudeen arteko elkarlana
  • Euskararen erabilera bermatu
  • Genero ikuspegia
  • Independentzia ideologikoa
  • Nazioarteratzea


Berdintasuna helburu
 

Eusko Ikaskuntzaren Estatutuen aitzinsolasean jasotzen den bezala, gizarte demokratiko eta bidezkoago batekin duen konpromisoaren adierazle da erakundeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde duen jarrera aktiboa. Argi dago emakume eta gizonen arteko berdintasun errealik gabe nekez iritsiko garela Euskal Herri askotariko, kohesionatu eta solidarioa eraikitzeko asmora. Horretarako, orain eta hemen ekitea erabaki du.

Konpromiso honek bi norabidetan lan egitea eskatzen dio. Alde batetik, erakundearen barnera begira, berdintasun irizpideek gidatu ditzaten bere lan- eta erakunde-kultura, baloreak, gobernantza eta kudeaketa. Eta bestetik, gizarteari begira, Euskal Herriaren kezka eta erronka nagusiei etorkizunerako irtenbideak proposatzeko bidean genero berdintasuna nahitaezko baldintza izan dadin, ez bakarrik emaitza eta edukietan, baita ere adostasun horiek lortzeko herritarren eta eragileen arteko lankidetza prozesu guztietan ere.

Asmo horrekin, feminismoaren paradigman, genero ikuspegian, intersekzionalitatean eta emakumeen ahalduntzean oinarriturik, “Berdintasunerako I. Plana (2019-2022)” landu genuen. Printzipio horietan oinarrituz, onartu da Berdintasunerako II. Plana (2023-2026), ondorengo helburu estrategikoak finkatzen dituenak:

  1. Proiektuen fase guztietan genero ikuspegia txertatu
  2. Egunerokotasunean Eusko Ikaskuntzak duen berdintasunarekiko konpromisoa handitu
  3. Eusko Ikaskuntzako emakumeen jabekuntza kolektiboa lortzea
     
Eusko Ikaskuntzaren berdintasunaren aldeko konpromisoa


Fundazioak
 

Eusko Ikaskuntzak izaera propio duten bi fundazio dauzka bere baitan.

Batetik, Asmoz Fundazioa, 2002an sortuta, bere jarduera nagusia da punta-puntako profesionalek tutorizatutako kalitatezko online ikastaroak prestatu eta eskaintzea.

Bestetik, José Miguel de Barandiaran Fundazioa, 1988an on Jose Migel Barandiaranekin batera sortua, azken honen ekarpenak aztertzea, eta haren obra zabaltzeko xedez.