Urteko galdera

Fito Rodriguez / XXI. mendeko idazle erromantikoa

2020/07/17

Fito Rodriguez / XXI. mendeko idazle erromantikoa

Alternatiba erromantikoa

“Eskola Publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa” liburua idatzi dugu Josu Txapartegik eta bion artean eta, haren karira, iruzkin asko iraingarriak izan ziren besterik gabe. Gure liburuaren izenburua probokatzailea dela onartu beharra dago eta askok, zerbait kritikatzerakoan, gure pentsamendua aski “erromantikoa” dela utzi dute idatzita.

Ez dut uste, aldiz, inor kalifikatzeko pentsamendu ildoak erreferentziatzat hartzeak gaitzesgarria izan behar duenik, berez. Aitzitik, norbait zinikoa dela esaten denean Antistenesen edo Diogenesen jarraitzailea dela uste dut eta, nola ez, interesgarria iruditu ohi zait beti. Dena dena, aipatu erreferentziak ez ohi dira erabiltzen bere zentzu hertsian nolabaiteko ahalkeizun gisa baizik eta, horregatik hain zuzen, haien jatorrizko esanahira joateko beharra ikusten dut.

XIX. mendean Erromantizismoak ekarri zuen tokian tokiko hizkuntzaren aldeko jarrera. Goethek, frantsesez ikasi arren, alemaneraz hasi zen idazten, adibidez eta, haiekin batera, sentimenduen heziketa baita modernitatea gauzatzen ere ahalbidetu zuen, estatuaren aldarrikapena eta guzti.

Eta estatua ari garelarik, argi dago Euskal Herrian bi eskola nazional baititugula: frantziarra (école nationale) baita espainiarra ere (escuela pública) eta gure euskal eskola publikoa eginkizun daukagula oraingoz. Horixe da liburuan guk dioguna eta berdin balio du XIX edo XXI. menderako. Euskal Herriak bere eskola sistema publikoa behar du.

Zertara, orduan, erromantizismoaren aipua?

Hegoaldean indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua, hezkuntza nazionalaren oinarria izanik, anabasa izugarria da publikoari eta pribatuari (Eliza Katolikoaren pribilegioak iraunarazteko) antzeko eskubideak aitortuz. Frantzian, ordea, ez da hori gertatzen 1905ko legetik hona zeinak laikotasunaren alde jo zuen argi eta garbi baina egun “Frantziak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela salatu dute”, “Separatismoaren kontrako lege bat Castexen gobernuak  aurkeztuko duen”.

Frantziako Hezkuntza legea argia da, noski, baina askoz zentralistagoa hegoaldean indarrean dagoena Espainiako Konstituzioaren 27. artikulu nahasgarria baino eta, bistan da, ez bata ezta bestea ere ez dira Euskal Herrirako eraiki behar dugun eskola publikoaren eredu.

Hori gauzatu bitartean, aldiz, lurralde desberdinak ditugu, baita hezkuntza eredu desberdinak ere, abiaburu gisa. Eta haietariko inor ez da egun Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa ezta XXI. menderako behar duguna ere.

Diskriminazio kateak, zoritxarrez, bere horretan dirau: estatu espainolak eta frantsesak daukate bertako hezkuntzan, nahi duenean, esku hartzeko aukera eta hori ezin da ahaztu. Gobernu Autonomikoak eta Iparraldeko egiturak konformatzen ari dira zerbait gestionatzearekin eskandalurik sortu gabe. Irakasleok ere ohitu gara egoera honetara eta zauriak ez gaiztotzearekin konformatzen gara. Alternatiba ez da erraza, baina derrigorrez pasa beharko du euskal hezkuntza berri baten diseinuaz, bere kurrikulum propioarekin, pedagogia hurbil eta gaurkotuarekin, gurasoekin konfiantza osoan, herrian eta inguruan ongi txertatua, irakaslego finkoa mantenduz eta hauen ofizioari errespetu handia eskainiz, eta guztia, munduari begira, gure ahalegin onena eskaintzeko herri gisa. Gure herri txiki honetatik zer egin dezakegu mundu ederrago bat posible izan dadin? Botere politiko nahikorik ez dugun bitartean helburu horretara hurbiltzen gaituen erabaki guztiak hartu behar dira norantza horretan. Gure liburua horretan datza.

Labur esanda, balioei eta helburuei dagokienaz, interesgarria da ikustea zer balio diren publiko zentzua hartzen dutenak eta zein pribatutasun aldera lerratzen ditugunak.

Pribatutasunean arazorik gabe onartzen dira: kontrola, ebaluazioa, kontu-ematea, malgutasuna, autonomia, lidergoa, hobekuntza, emaitzen neurketa, kalitatea, bezeroen zaintza, aniztasuna, lehiakortasuna, idearioa, askatasuna, eragiletza, merkatua, konpetentzia, enprendizaia, efikazia, ordena, irudia, bikaintasuna, iniziatiba, aukerak sortzeko pluraltasuna, militantzia, talentuen zaintza, materialen berritasuna, sustapena, pedagogia berrikuntzak...

Egungo merkatuek, botere ekonomikoek edota enpresek funtzio horiek eta gehiago eskaintzen diote iniziatiba pribatuari. Oso alor gutxi uzten dira kanpoan, guztia bereganatu nahi da. Eta helburu garrantzitsuenak, sarritan, ekonomia etekinen zerbitzu hutsera ipintzen dira. Dena negoziorako edo dirua irabazteko helburuaren zerbitzuan. Ez egituretan soilik, izan ere haustura antropologikoaren atarian baikaude: gizaki neoliberalak hezten ari dira zaharkitutako gizaki modernoaren partez.

Zer gertatzen da arlo publikoarekin? Zer balore hartzen ditu kontuan? Ondokoak dira sarritan aipatzen direnak: gizartearen aldeko eskaintza orokorra; hiritar ororentzako zerbitzua; pribatutasunak ahazten dituen arloak betetzea; ildo ideologiko “demokratiko” bat  Konstituzioari ondorioztatzen zaiona; agindupeko edo goitik-beherako egitura; etxetik ekartzen diren desberdintasunentzat konpentsazio programak; dibertsitateen integrazioa; kontzientzia hiritarra; ekitatea (gutxiago dutenei gehiago eskainiz); desberdinen arteko bizikidetza; eskola konpensatorioa, agintariek bere ideologia inposatzeko arriskua; funtzionarioen interesei lotuagoa egotea herritarren interesei baino; burokraziaren arriskua... 

Gauzak horrela ikusita badirudi hezkuntza pribatuak abantaila batzuk badituela gizartearen oniritzia jasotzeko orduan. Lirudike 'publiko' izenarekin eskaintzen den zerbitzua gehiago doala justizia edo gizartearen interes orokor bati lotua, zerbitzuen interesa eta kalitatearekin bainoago.

Hezkuntza mailan, eskaintza pribatuak ikasketen mailari, konpetentzien eta zientzien ezagutzari batez ere erantzun nahiko lioke, oreka sozial orokor bati edo dauden desberdintasunei gehiegi erreparatu gabe, merkatu-munduan baldintza onenekin jokatzera behartuta egongo den haurraren alde.

Bistakoa da garai batean estatuek eta administrazioek jokatu zuten hezkuntza unibertsalaren aldeko apustua beharrezkoa izan zela zetorren mundu produktibo berrirako belaunaldiak prestatuz. Gaur egun, ordea, guztiek dute oinarrizko hezkuntza bat jasotzeko aukera. Aztertu beharko da orain, pribatutasunetik jaio diren iniziatiba horietan zeintzuk diren publikotik ere defendatu beharrezkoak direnak. Arestian esan bezala, askotan gertatu baita justizia edo berdintasun orokor baten izenean jarrera geldo eta konformistak jabetzea zerbitzu publikoetan.

Hezkuntzaren publikotasunak suposatu beharko du hiritar konpetente eta ongi prestatua lortzea, ekintzailea eta saiatua. Baita ere suposatu beharko luke arrazionaltasun handi bat, planifikazio gardena, kalitatea jartzea lehendabiziko helburuen zerrendan. Hezkuntza publikotik aurre egin behar zaie merkatuari, bere horretan, atxekituta datozen iniziatiba pribatuei.  Atentzioa jarriz herritarren interes orokorrak zaintzeko eremu sozial-zibikoetan jaiotzen diren ekimenei. Baita gaurko enpresa berriztatzaileek partekatzen dituzten ildo kooperatibo interesgarriei.
 

XXI. mendeko Hezkuntzak inklusiboa behar du izan

Ongi askatzea komeni den arazo baten aurrean jartzen gaitu gai honek. Milioika hiritar mugitzen dira etengabe batetik bestera munduan. Batzuk ihesean, beste batzuk gosez, alditan politika interesei lotua, asko plazerez...

Denok dugu eskubidea nahi dugun tokian bizitzeko. Baina esaldi hori, pentsamendu guztiak bezala, ez da absolutua. Migrazioak edo aisialdiak herri baten itomena edo kultura txikien desagertzea suposatzen badu, jada ez da defendagarria besterik gabe. Edo elkarrekin konpondu beharko dira eskubide horiek eta desagertze arriskuan jartzen diren errealitatearen eskubideak ere.

Bestetik arazo handi bat da migrazio guzti honen integrazioa kokatzen diren lurraldean. Bizitzen jartzen zaren lekuarekiko errespetuak eskatzen duen jarrera. Ez dirudi oso defendagarria espazio berri batera joan eta hango ohiturei, hizkuntzei edo legeei jaramonik egin gabe bizi nahi izatea. Integrazio minimo bat lortzea elkarbizitzaren derrigorrezko helburu bat izan beharko luke, ez bada nahi denbora pasa ahala komunitate desberdinen arteko ezin ikusiak borroka bihurtzea ([1]).

Gaia delikatua izanagatik iritzi batzuk mahairatzea komeni da. Banaketa garbi batetik abiatzea komeni da: gauza bat da edozein gizarteetan elkar bizitzarako behar ditugun tresnak. Beste gauza da norberaren kontzientzia, norberaren ohiturak, gustuak eta afizioak.

Euskal Herriko migrazioari so esan liteke euskaldunok ez dugula datozenen ideietan, asmoetan, erlijioetan edo ohituretan sartu behar.  Hona etorri direnei ez zaie zergatik gustatu behar pilota jokoa, elkarte batean afaltzea, bertsoak entzutea edo txapela eramatea. Hori bai, hemengo oinarrizko lege demokratikoak errespetatzeko ardura izan beharko lukete,  denak bezalaxe. Eta gero gelditzen zaigu gai inportante bat: euskararena. Arestian esan bezala, ezinbestekoa litzateke zentro guztiek beren eleaniztasun planarekin batera harrera plana ere uztartzea.

Hizkuntzarenak aparteko garrantzia dauka. Herri honen hizkuntzari zor zaion errespetuagatik eta gizarteko oreka bat lortze bidean, etorkinei bereziki erraztuko zaie euskararen ezagutza eta neurri bereziak hartu horretarako.

Irakaskuntza sistemak arlo honetan garrantzia handia dauka.

Bukatze aldera, Euskal Herria, historian zehar herri zatitu eta menperatu gisa ikusten dugu oraingoz. Ez dugu Konstituzio frantsesaren ez espainolaren zilegitasunik onartzen, lege inposatu gisa sentitzen ditugu ([2]). Bere herriarentzat egitura politiko burujabe bat amestuz bizi gara eta horren alde dihardugu, jakitun  1979ko Autonomia Estatutuaren mugak zeintzuk diren. Frantziako estatuaren kasuan, are larriago atzematen dugu euskaldunen eskubideen etorkizuna. Kontziente gara bertatik egiten diren lege guztiak Estatuen mugarekin topo egingo dutela. Haien onarpenaren pean bizi garela.  1993ko Euskal Eskola Publiko Legeak osatzen joan zirenean sektoreok kontziente ginen oztopo nagusia zein zen: ezarrita zegoen eskola publiko ereduari funtsezko aldaketak ezartzeko ezintasuna: batez ere euskalduntasunean, curriculumean eta zentroen autonomian. Konstituzio espainiarraren 27. eta 149. artikuluen morroi jaio zela Frantziako Karta Magnak jaiotzeko ere aukera eman ez bitartean.

Dena den hezkuntzarako eskuduntza ez dela behar bezala erabili argi dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzara BPGren %3,55 soilik bideratzen du. Europan Bulgaria eta Irlandak bakarrik bideratzen dute proportzio txikiagoa.

Hegoaldean, beraz, geroztik Kataluniaren kasuak erakutsi du indar estatalen interesen  indarra, beraiena dela eskubidea Konstituzioaren 155. artikulua hezkuntzari aplikatzea edo ez. Menpekotasun egoera horretan bizi da euskal herritar asko eta asko. Badago, beraz, gatazka ideologiko nabarmen bat. Gatazka politikoa bezala izenda dezakeguna. Nazio batzuk beste batzuen gainetik jartzen direnean jaiotzen diren gatazkak dira.  Funtsezko elementu hau ahazten denean edo apur bat gordeta mantentzen denean... ezin dira ondoren ulertu publiko/pribatu terminoen inguruan sortzen diren eztabaida gehienak.

Euskal Herrian zapalketa politikorik ez dagoela pentsatzen dutenek, gaur legez dagoen eskola publikoaren alde bakarreko defentsa egingo dute. Funtsean eskola horren atzean dagoen estatuaren zilegitasuna onartzen dutelako edo ez zaielako larrerik inporta.

Horiek ez dira gehiegi kezkatuko euskal haurrak bertako erro kulturaletan heziak izateko duten eskubideaz edo Euskal Herriaren etorkizuna ongi babesteko eskolak duen zeregin funtsezkoaz. Kolonizazio kulturalik ote dagoenik ere ukatuko dute. Ondoren“corresponde al Gobierno [español] la ordenación general del sistema educativo, la programación general de la enseñanza, el diseño del currículo básico, determinar los contenidos comunes, los criterios de evaluación...”  LOMCE legeak 2.013an agintzen zuena bere horretan onartuko dute.

Ikuspegi estatal sektore hauek, euskara haurrekin aberastasun osoarekin lantzea helburu gehiegizkoa edo ezinezkoa bezala hartzen dute; aski delakoan ulertze moduko tamainan lantzea euskara edo gutun bat idazteko lain ikastea. Alditan galdera zuzenagoak ere jaurtitzen dituzte, euskal kultura zer den zalantzan jarriz edo ia inposatu nahi diogun haurrari ildo ideologiko konkretu bat leporatuz.  Hemen pentsamolde asko dagoela eta ez kultura bat eta bakarra. Ez dute inolako kolonizazio ideologikorik sumatzen inon.

Euskararen erabilera behera doala inkestak erakusten dutenean edo erdal komunikabideak erabateko jabetasuna hartu dutela ikustean, gauzak berez horrela direla erantzungo dute, mugimendu natural baten emaitzak, gustatu ala ez mundu osoan antzeko gertatzen direnak. Baina bitartean urte hauetan ezarri dizkigute LODE, LOGSE, LOCE, LOE eta LOMCE legeak, derrigor betetzekoak. Eta lege hauetan guztietan azpimarratzen da estatuaren agintea eta euskaldunon hareekiko subordinazioa.

Arlo curricular euskalduna zalantzaz eta tantaka onartzen nola joan diren ikusita, erdi espainol, erdi frantses, erdi euskaldun gizaki bat diseinatzen ahalegindu dira; ez euskaldun oso bat, euskaldunon hizkuntza eta errealitatearekiko jabetza osoarekin. Horra progresista horien bigarren hanka-sartze galanta: ezagutza konkretuekiko defendatzaile sutsuak baina erreferentzia kulturalekiko tonu apalekin. Inongo arazorik ez die sortzen urtero milaka gaztetxo euskara duin batekin jabetu gabe ikastetxea uzten dutela jakiteak. Milaka nerabe gizarteratzen direla euskal kulturaren erreferentzia funtsezkoenak zeintzuk diren jakin gabe. Baina hori bai, badakite ordenagailuaz edo ingelesez, lasai beraz. Euskalduntasunaren beharrezkotasuna zalantza jartzen dutenek ez lukete inoiz ere ahaztu behar euskaldunoi gainetik ezartzen zaizkigun bi estatuen lege guztiak.

Aurrerago esan dugu: publikotasunaren izenpean interes politiko jakinak mugitzen ditu estatuak. Euskal Herriak burujabetasun politiko nahikoa lortu arte mesfidantza handiz interpretatu beharko genuke publiko kontzeptuaren atzean ezkutatu daitezkeen botere zentralistaren interesak. “Publikoa” izan daiteke herritarren onurari begira antolatzen eta eskaintzen den zerbitzu bat... baina izen berdina erabiliz estatu batek sor lezake zerbitzu bat bere interesak babesteko. Nazio hegemoniko baten ahotik hitz egin eta erabakitzen duen estatu horrek, bere nazionalismoa zabaltzeko erabiliko du duen boterea. Wert Espainiako ministro ohiak lotsarik gabe aitortu zuen haur katalanak espainoldu nahi zituela. Beste askok esan ez baina berdin pentsatzen dute. Eta publikotasunaren egiturek eskaintzen dien abantaila norabide horretan erabiliko dute. Estatu baten intentzioa beti da bere eremuan bizi den gizaki oro molde jakin batzuetan integratzea, batzea, uniformatzea, hiritar homogeneo bat sortzea ([3]).

Gurean, berriz, XXI. mendeko eskola publikoa behar dugu benetako euskal herritar askeak hezi ahal izateko.


[1]     Alvite, J P, (1995)“Racismo e inmigración” in Racismo, antirracismo e inmigración, Tercera prensa-Hirugarren prentsa, 89-122.

[2]     Txillardegi (1987) Euskal kulturaren zapalketa. EKB

[3]    Bertaud, J.P. (1989) “Instruire mais dans quelle langue?” in: J’étais enfant en 1789, CNDP.


Eusko Jaurlaritza

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2020-ko BESTE ERANTZUNAK