Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2025. Xabier Etxeberria Mauleón

2025. Xabier Etxeberria Mauleón

Xabier Etxeberria Mauleón (Arroitz, 1944). Filosofian doktorea da Deustuko Unibertsitatean, baita unibertsitate horretako Etikako katedradun emeritua ere 2010. urteaz geroztik.

Irakasle-ibilbidean, arlo hauek landu ditu: Etika Filosofikoa, Lanbide Juridikoen Etika, Antropologiaren Etika eta Gizarte Lanaren Etika. Deustuko Unibertsitatearen enkarguz, etika profesionalen irakaskuntza antolatu zuen titulazio guztietan, 1990eko hamarkadan. Xabier Etxeberriak esparru horretan egindako lanen artean, honako hauek azpimarra daitezke: alde batetik, Desclée De Brouwer argitaletxeko «Lanbideen Etika» bilduma, iberiar penintsulan Jesusen Lagundiaren babespean dauden unibertsitate guztietako eta Latinoamerikako unibertsitate askotako profesionalak prestatzen lagundu duena, eta, bestetik, Unibertsitate Jesuiten (UNIJES) Lanbideen Etikako Taldearen sorrera.

Latinoamerikako hainbat herrialdetako unibertsitateetan irakasle-lanetan aritzearen eta erakunde indigenekiko lankidetzaren bidez, oso lotuta dago kontinentearekin. Xabier Etxeberria erreferentzia ospetsua da herri indigenen giza eskubideen defentsan, luze jardun baitu ikertzaile eta prestatzaile gisa Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Pedro Arrupe Institutuaren bitartez.

Zuzenean inplikatu da etikaren eta giza eskubideen ikuspegitik eragin politiko eta soziala duten identitate kolektiboei buruzko eztabaidan, eta inplikazio horretan oinarritzen dira berak egindako gogoeta asko eta lan praktiko handia (hitzaldiak, eztabaidak, ikerketa partekatuak eta abar).

Bakearen eta indarkeriarik ezaren aldeko militantea izan da gaztetatik, eta bakearen aldeko gizarte-mugimenduan parte hartu du, hezkuntza arautuko espazioetan zein arautu gabeetan. Bakeaz – Bakeari buruzko Dokumentazio eta Ikerkuntzarako Zentroko Hezkuntzaren arloko arduraduna izan da.

Euskal Herrian bizikidetza berrezartzearekin konprometituta dago ikuspuntu akademiko, pertsonal eta politikotik, eta indarkeriaren biktimen bidegabeko sufrimendua aitortzearen bidez elkarrizketa eta adiskidetzea bultzatzen dihardu aspalditik. Konpromiso horren erakusgarri ditugu, adibidez, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundean parte hartzea, Biktima Hezitzaileen programa prestatzea —programa horrek Adi-Adian izena du gaur egun— eta garai hartako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako Topaketa Errestauratiboen programa planifikatu eta gauzatzea.

Terrorismoaren biktimez eta herri indigenez gain, Xabier Etxeberriak buru-belarri jardun duen hirugarren gizarte-taldea adimen-desgaitasuna duten pertsonena da. Ia mila erakunde biltzen dituen Plena Inclusión mugimenduaren barruan, pertsona horien eta haien senideen eskubideen inguruan laguntzen, aholkatzen eta ikertzen dihardu. Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioko (FEVASeko) Estatuko Etika Batzordeko kidea da. Halaber, hainbat kongresu eta proiektutan hartzen du parte, eta argitalpen ugari plazaratu ditu desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruz eta pertsona horiek behar dituzten zaintza-mota desberdinetan aplikatu beharreko ikuspegi etikoari buruz.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria