Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria
2025. Jon Esnaola Agirre
Jon Esnaola Agirre (Tolosa, 2000) konpositorearen ‘LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez’ musika-proiektuak, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2025 irabazi du. Sariak, 2019tik aurrera, babesa ematen dio 35 urtetik beherako gazteei Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan sormen-lanak, ikerketa-lanak edo egonaldiak egiteko.
Epaimahaiak, bere erabakian, “LUURen bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso garrantzitsua eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko gaitasun nabarmena” azpimarratu ditu. Horri gehitu behar zaio kanpoko proiekzioa duten euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala.
Nestor Basterretxea eskultorearen omenez sortu zen, kultura garaikidearen oinarrizko figura gisa, eta euskal nortasunean sakonki errotutako artearen bilaketan inspiratuta, LUURek folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu, ikuspegi abangoardista eta berritu batetik. Horrela, konpositoreak egungo lengoaia artistikoek kultur ondarearekin modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela agertu nahi du.
Borondate horrekin berarekin, aurretik Jon Esnaola Agirrek hainbat lan konposatu ditu euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta: Eduardo Chillidaren Idazkiak eta Jorge Oteizaren Quousque tandem…!, edo Gravitaciones, Euskal Ahaide Kosmogonikoak, Luz Oscura eta Atauts, besteak beste.
LUUR, gainera, natura defendatzeko eta babesteko kantua eta deia da, eta, alde horretatik, obrak oinarri ekologista nabarmena du.
76 interpreterentzat idatzia eta hamar minutu inguruko iraupenarekin, LUUR datorren udan estreinatuko du Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO), Unai Urrechoren zuzendaritzapean. Donostiako, Bilboko eta Gasteizko entzunaretoetan, besteak beste, entzun ahal izango da lana.
Sariak, 6.000 eurorekin eta aitortza publikoarekin lagunduta, zalantzarik gabe, bultzada nabarmena emango dio Jon Esnaola Agirreri bere ibilbide oparoan. Egun, Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, azken konposizio-urtea egiten ari da, baina, 24 urte izanik, aurretik, bi aldiz jaso du Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria, Italy Percussive Arts Society saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria. Era berean, Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordean parte hartzeak euskal kultura eta musikarekiko konpromiso aktiboa erakusten du.
Epaimahaia
- Arantza Cuesta. Eusko Ikaskuntzako Zuzendaria
- Marije Etxaniz. LABORAL Kutxako Komunikazio Zuzendaria
- Asier Blas. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordea
- Iratxe Uriarte. Euskadiko Gazte Kontseiluaren Presidentea
- Urkiri Salaberria. Doktorea, Arte eta Ondarean aditua
- Noemi Santisteban. Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-Mailako Eskolako Zuzendaria
- Nagore Ipiña. Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko dekanoa
- Iñigo Ibaibarriaga. EUNEIZ unibertsitatearen izenean