- Argitalpen urtea:
- 1998
- Argitalpen tokia:
- Donostia
- ISSN:
- 0212-7016
- Egileak:
- Monreal Zia, Gregorio... [et al.]
LABURPENA
Behin R.I.E.V.eko arduradun taldea berritu eta egoitza Iruñean kokatu ondoan, bere azkeneko alean (43.1) aro berri bat abiarazi du aldizkari honek, Gregorio Monreal, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako katedradunaren zuzendaritzapean. Julio de Urquijok 1907an sortu aldizkari hau, gertu dago euskal kultura nazioarteko bilakatuko duten euskarrietako bat izateko eta, ildo horretatik, zientzia komunitatearen eskakizunetara egokitu ditu bere edukiak. Hori dela eta, atal berri bat erantsi zaio aldizkariari. Gissa honetan, ale honetatik aitzina seihilabetean behin Euskal Herriko Unibertsitateetan defendaturiko doktoretza tesi guztien berri emanen du. Oraingo ale honetan, 428 tesiren zerrenda azaltzen da ataleko lehen zatian, bigarrenean, horien artetik bereziki euskal kulturaz diharduten 27en aipamen berezia egiten delarik, beroiei buruzko berri zabalagoa emanez. Bestalde, hasiera hasieratik berezkoa izan duen disziplinanitzeko bokazioaren arabera, ideia eta teorien azalpen gune izaten jarraitzen du R.I.E.V.ek. Tribuna izenburuko ohizko atalak txosten monografikoaren izaera hartu du ale honetan eta "Amerika eta Euskaldunak" gaiari eskaini zaio. Bertan, iaz Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen izen bereko mintegian azalduriko lanak bildu dira eta gai honen inguruan sorturiko bibliografiari buruzko azterketa sakon batez amaitzen da atala. Horretaz gain, Reseña eta Noticia atal ezagunak agertzen ditu aldizkariak. Horietako lehenean, hamabost liburu aipatzen dira eta bigarrenean berriz, alearen argitalpenari dagokien aldian Eusko Ikaskuntzak bultzaturiko jarduerarik nabarmenennak berrikusten dira.