2. deialdia. Eusko Ikaskuntzaren ikerketa sustatzeko eta babesteko programa

Eremu tematikoak
Etorkizuna Irudikatu
Kategoria
Ikerketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2025-09-08-2025-12-23

Etorkizuneko ikerketa-gaien sustapena bultzatzeko eta azterketa-, prospektiba- eta ikerketa-lan horien hasiera bultzatzeko, Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko 8 unibertsitateekin lankidetzan (EHU, Deustu, MU, NUP, UNAV, UNED, UPPA eta UBM), ikerketa sustatzeko eta laguntzeko programaren 2. deialdia abiarazi du. Deialdiaren helburua da etorkizuneko ikerketa-gaien hasierako azterketa-lana sustatzea, lehen hilabeteetako ikerketa-lana bultzatzea eta etorkizuneko ikerketa-ildoen "artearen egoera"-ren lanketa erraztea.

 

1. Deialdiaren xedea

Etorkizuneko ikerketa-ildoak sustatzeko, Eusko Ikaskuntzak 3 laguntza /beka programa (aurrerantzean, LAGUNTZA) eskaintzen ditu 2025-2026 ikasturterako, garatu beharreko ikerketa- edo azterlanak bultzatzeko.

2. Norentzat

Eusko Ikaskuntzaren ikerketa sustatzeko eta laguntzeko programa masterandoei zuzenduta dago bereziki, baina doktoregaiei eta graduetako 4. mailako eta gradu bikoitzetako 5. mailako ikasleei ere irekita egongo da (aurrerantzean, programaren laguntza jasotako guztiak, bakarka edo taldean, ONURADUNA gisa izendatuko dira).

Ikerketa edo azter-lana ikasle bakar batek nahiz ikasle-talde batek aurkeztu ahal izango du, beti ere, laguntza bakarra izanik talde osoarentzat.

3. Iraupena

Programek 6 hilabeteko iraupena izango dute, urtarriletik ekainera (12 hilabetera arte luzatu daitekeelarik, programaren onuradunak hala eskatuz gero).

4. Ikerketa gaiak

Eusko Ikaskuntzak honako arlo eta lan-ildoei buruzko ikerketa edo azterlanak hobetsiko ditu:

  • Identitatea eta aniztasuna Euskal Herrian.
  • Gazte-kultura eta belaunaldien arteko transmisioa.
  • Belaunaldien arteko elkartasuna Euskal Herrian.
  • Lurraldea, migrazioa eta errotzea.
  • Hizkuntza, hezkuntza eta bizikidetza.
  • Espiritualtasun, sinesmen eta balio berriak.
  • Parte-hartzea, demokrazia eta konpromiso soziala.
  • Adimen artifiziala, humanismoa eta giza zientzien etorkizuna.
  • Euskal Herriko hizkuntza praktiken eta ideologien azterketa.
  • Garapen sozioekonomikoa.
  • Pertsonen osasuna eta ongizatea.
  • Gure Zuzenbidearen abantailak egungo erronken aurrean.
  • Paisaiaren esanahi berria gastronomiaren sektorean.
  • Gai librea.

5. Hizkuntza

Ikerketak edo azterketa-lanak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egin ahal izango dira.

6. Laguntzaren zenbatekoa

Eusko Ikaskuntzak 2025-2026 ikasturtean 3 laguntza eskainiko ditu, bai norbanako bezala aurkeztuta zein taldeari bere osotasunean, 2.000 euro garbikoa bakoitza.

Eusko Ikaskuntzak 1.000 euro garbi ordainduko dizkie laguntzaren onuradun bakoitzari, taldeak onuradun bakartzat hartuta, 2025eko abenduan, eta gainerako 1.000 euroak lana entregatu eta baloratu ondoren (2026ko ekainean edo programa entregatzeko ezarritako egunean).

Egindako lana esleipenean zehaztutako epean aurkezten ez bada edo eskatutako kalitate-maila betetzen ez duela uste bada, bigarren ordainketa ez da egingo eta lehenengo ordainketa onuradunak itzuli egin beharko du.

Eusko Ikaskuntzak zuzenean ordainduko dio ikasleari edo taldeko kideei esleipenean ezarritako zenbatekoa, egoki iritzitako bitartekoen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko zerga-betebeharrei dagokienez, jasotako laguntzak Pertsona Fisikoaren Errentaren Gaineko Zergarekiko salbuetsita egongo dira inolako atxikipenik jasan gabe. Era berean, Gizarte Segurantzari dagokionez, laguntza hauek ez dute inolako kotizatzeko beharrik suposatzen.

7. Hautagaitzak aurkeztea

Eusko Ikaskuntzaren laguntzaren onuradun izan nahi duten pertsonek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidea bideratzeko:

  • Eskaera-inprimakia beteta
  • Hautagaiaren curriculum vitaea, eskaera-inprimakian erantsi beharrekoa
  • Hautagaiaren NANaren kopia, eskaera-inprimakian erantsi beharrekoa

Hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauetan zehazten diren baldintzak berariaz eta formalki onartzea.

8. Betebeharrak

Eusko Ikaskuntzaren laguntza bateragarria da beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzekin. Hala ere, hautagaiak edo hautagaiek zehaztu egin beharko dute zenbateko laguntza eta zein erakunderengandik jasotzen duten, edota erantzunaren zain dagoen.

Halaber, Eusko Ikaskuntzaren laguntzan onuradun izandako lanak bestelako lehiaketetan ere aurkeztu ahal izango dira.

9. Epeak

Eskabideak aurkezteko epea hau izango da: 2025eko irailaren 8tik 2025eko azaroaren 23ra.

10. Epaimahaia eta hautaketa-irizpideak

Hautagaiak honako erakunde hauetako ordezkariek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu:

  • Eusko Ikaskuntza
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Deustuko Unibertsitatea
  • Nafarroako Unibertsitatea
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • UNED, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala
  • Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatea
  • Université Bordeaux Montaigne

Epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

  • Aukeratutako ikerketa-gaiaren interesa eta gaurkotasuna.
  • Proposatutako iker- edo azter-metodologia.
  • Hautatutako gaiak eta metodologiak etorkizunean ikerketa-ildo nagusi izateko eskaintzen duten aukera eta irismena.
  • Lana egiteko erabiliko den hizkuntza euskara izatea hobetsiko da.
  • Hautagaiak hautatzerakoan lurralde-, genero- eta hizkuntza-oreka kontuan hartuko da.

11. Epaimahaiaren erabakia

Eusko Ikaskuntzak 2025eko abenduan jakinaraziko du epaimahaiaren erabakia. Jakinarazpenean, laguntzaren onuradunen izen-abizenak, aukeratutako ikerketa- edo ikasketa-lanen izenburua eta horiek gauzatzeko epeak zehaztuko dira.

Jasotako proposamenek ez badute eskatutako interes edo kalitate-mailarik, epaimahaiak programaren bat edo batzuk esleitu gabe utzi ahal izango ditu.

12. Programaren beste ekarpen batzuk

Laguntzaren onuradunek, unibertsitatean izan dezaketen tutoreaz gain, Eusko Ikaskuntzako aditu baten laguntza ere izan dezakete, nahi izanez gero.

Era berean, laguntzaren onuradunen ikerketa-lanak edo azterlanak Eusko Ikaskuntzaren sozializazio-ekitaldietan integratu ahal izango dira: jardunaldietan, mintegietan, hitzaldi-zikloetan, kongresuetan, RIEV dibulgazio-aldizkarian... edo Eusko Ikaskuntzarekin adosten diren eta bi aldeen onespena duten bestelako euskarrietan.