Jarduna

Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko garapenerako erronkak identifikatu eta ezagutarazi egiten ditu. Eragileen eta herritarren arteko eztabaida gunea da, erakunde publikoei norabideak proposatzeko bitartekoa.

Bost eremu tematiko nagusien gainean lan egiten du. Gainera, bere jarduketa Eusko Ikaskuntzaren Estatutuetatik datozen ezaugarri batzuetan zehazturik ageri da:

  • Aurrea hartzea: Oinarrizko eskasiak eta gizarte erronkak aztertzeko.
  • Azterketak eta Berrikuntza: Erabakiak hartzen lagunduko duen eztabaida soziala sortzekoz
  • Integrazioa: Gizarte zibilarena
  • Zabaltzea: Bere gogoetak, azterlanak eta ikerketak gizarte osoari
  • Sustatzea: Zientzia eta kultura azpiegituretan diren gabeziak zuzentzeko

 

Egiteko era
 

  • Pentsamendu ireki, anitz eta independenteko guneak sortzen ditu euskal gizartearen testuinguruan eta baita globalean ere.
  • Ikuspuntu zientifiko, ireki eta diziplinartekoa abiapuntu duela, ikaskuntza, ikerkuntza eta ezagutza aplikatuaren sustapena bultzatzen du.
  • Gizarte-erronka estrategikoei buruzko azterketa eta hausnarketa bultzatzen ditu, eta erantzun berritzaileak eskaintzen dizkie gai horiei. Euskal Herriaren eraldaketa ahalbideratzen du, gizartetik abiatuta eta gizartearekin bat.
  • Gizarte-ehunaren artikulazioa katalizatzen du, kohesioa areagotze aldera.
  • Berdintasun-irizpideekin dihardu eta belaunaldien arteko lana sustatzen du.
  • Hainbat erakunderekin eta elkarterekin lankidetzan aritzen da ezagutza-sareak sortzeko.
  • Komunikaziorako eta hedapenerako askotariko euskarriak erabiltzen ditu, sortutako ezagutza gizarteratzea eta gizarte-itzulkina bermatzeko xedearekin.

Eusko Ikaskuntzaren funtzioa osagarria da Euskal Herriaren garapenean diharduten erakunde publikoek eta eragileek betetzen dutenarekin. Eusko Ikaskuntzak, herri-akordio oinarrizkoenak ehuntzen laguntzeko, epe luzeko markoak eraiki behar ditu, lankidetza bidez; eta haietatik abiatuta ekarpen lagungarriak egin exekuzioan dabiltzanei.

Erakunde gehienak, epe motz-ertainean mugitzen dira edo/eta esparru administratiboen mugak zaindu behar dituzte. Hain zuzen horregatik da beharrezkoa begirada orokorra eta epe luzekoa; eta oso egokia izan da Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrena baliatu izana norabide horretan biziberritzeko. Orain garrantzitsua da funtzio banaketa argitzea eragile ezberdinen arteko konfiantza eraikitzeko, hori gabe ezin baita lankidetza iraunkorrik sortu.

Nola gauzatu egiteko hau? Lehen oinarria da mendeurreneko kongresuak utzi duen ondarea. Liburu Zurian badago gaien agenda bat, prozesuan identifikatu diren ekinbide eta lan ildo nagusiekin. Horietatik lehentasuna edo abagune egokiena dutenak aukeratuko dira aldiro eta sakontzeko bidean jarriko, lanketa bakoitzari dagokion dinamika antolatuta. Aukeraketa horretan zenbat eta parte handiagoa izan erakundeak, gizarte eragileek, adituek eta herritarrek, orduan eta doituago egongo da Eusko Ikaskuntzaren jarduera gizartearen premietara.

 

Aliantzak eta Sareak
 

Eusko Ikaskuntzak eskura dauka aliantza sistema egonkor bat eraikitzea egitasmo partekatua garatzen lagundu dioten eta gero ere lagundu diezaioketen erakunde eta eragileekin, gizarte antolatuak eskatu ahala erantzunak garai eta molde egokietan eman ahal izateko.

Sarean eta lankidetzan aritzea, gainera, guztiz bat dator lankidetza gobernantza edo gobernantza demokratikoaren ereduarekin. Testuinguru horretan, Eusko Ikaskuntzak, eredu berri horretan lagunduko duten foroak sustatuz, sareak eraikiz, herritarrak bere esparru horretaz bildu eta ohitura berriak sortuko ditu. Parte-hartzea sustatzen duten espazio birtual irekiak ere abian jartzen ditu.

Gai baten inguruko interes taldeen artean lankidetza hasieratik abiatzen da, jomuga eta norabidea elkarrekin finkatzeko; behin egitekoa finkatuta, funtzio banaketa adosten da eta alde bakoitzak dagokion zatiari ekiten dio; jarraipena eta ebaluazioa ere elkarrekin egiten dira, hurrengo urratsen oinarria identifikatzeko.

Horri dagokionez, egun Eusko Ikaskuntzak abian dituen proiektuak ezagutu ditzakezu.