Agenda

TransisLab partzuergoaren laugarren topaketa

Jardunaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak

TransisLab partzuergoaren laugarren topaketa

Ordutegia eta data:
2025/11/20
Tokia:
Irun. Ficoba

Azaroaren 20an eta 21ean, Irungo Ficoban, TransisLab partzuergoaren laugarren koordinazio-topaketa egingo da.

TransisLab mugaz gaindiko gizarte-berrikuntzako laborategia da, eta Euskal Herriko landa-eremuetako bizitza-luzeraren erronkei aurre egiteko erremintak eskaintzea du helburu.

Ekitaldi honek partzuergoko kide guztiak bilduko ditu, orain arte egindako aurrerapenak aztertzeko eta proiektuaren garapenean hurrengo faseak elkarrekin zehazteko. Halaber, topaketa baliatuko da proiektuaren bazkide-elkartu diren erakundeei orain arteko aurrerapenen berri emateko.

Eusko Ikaskuntzak aktiboki parte hartzen du bere partzuergoko kide gisa, Euskal Herriaren lurralde-oreka eta bertako herritar guztien ongizatea sustatzeko duen konpromisoak bultzatuta, landa-eremuetan bizi diren eta hauskortasun-egoeran dauden pertsonei arreta berezia eskainiz. Topaketa honetan, Eusko Ikaskuntzak bere bi ardura nagusietan egindako aurrerapenak aurkeztuko ditu:

  • Batetik, proiektuaren transferentzia gida aurkeztuko du, non zehaztuta dagoen 2026an zehar egingo diren ekitaldien bidez proiektuan sortutako tresna eta ezagutzak eragile ezberdinei transferitzeko modua. Izan ere, TransisLaben helburu nagusia da tokian tokiko erakundeek eta erabiltzaileek sortutako baliabideak modu eraginkorrean erabiltzea.
  • Bestetik, kapitalizazio gida ere aurkeztuko du. Bertan jasotzen da, behin proiektua amaitutakoan, zein living lab eredu bultzatuko den, interesa duen oro bertara atxiki dadin eta sortutako tresna eta metodologiak erabil ditzan.

Behin topaketa hau eginda, proiektua bete-betean sartuko da bere azken urtean, hain zuzen ere, emaitzak gizartera transferituko diren azken fasean.