Agenda
Berri korporatiboak
Eusko Ikaskuntzak Hendaian eginen du bere Biltzar Nagusia
- Ordutegia eta data:
- 2020/10/10 10:30
- Tokia:
- Hendaiako Ondarraitz kluba
Datorren urriaren 10ean, 10:30etik goiti, Hendaiako Ondarraitz klubaren egoitzan iraganen da Eusko Ikaskuntza Iparraldeko biltzar nagusia, Kotte Ezenarro auzapeza eta Michelle Mounios-Adurriaga eta Itziar Aizpuru hizkuntza politikaz arduratzen diren hautetsiak hor izanen direlarik.
Bilkura horretan, Eguzki Urteaga lehendakariordeak Hendaiako Herriko Etxearen eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremanaren sendotzearen asmoa azalduko du, oroitaraziz Eusko Ikaskuntzaren helburua Euskal Herria maite duten eta haien lanaren bidez haien kultura eta nortasuna sendotu eta lagundu nahi duten pertsonen batzea dela. Espiritu horretan izenpetuko da pasa den ekainaren 18ko Herriko Kontseiluak aho batez bozkatu hitzarmena, elkartearen eta udalaren artean.
Horrela, Eusko Ikaskuntzak kultur eta zientzia ekitaldiak antolatuko ditu Hendaiako Herriko Etxearekin elkarlanean. Elkarteak 5000 euroko urteko dirulaguntza jasoko du ere.
Hitzarmena izenpetu ondoren, biltzar nagusia hasiko da joan den urteko aktaren onartzearekin. Ondotik, elkartearen 2019ko bilana eta kontuak aurkeztu eta onartuko dira.
Biltzarraren ostean, zintzur bustitzea eta bazkaria proposatuko zaie parte hartzaileei.