Gizarte erronkei erantzuteko behar dugun etorkizuneko hezkuntza sistema da gure hausnarketa gaia. Erantzun partekatuak askoren artean bilatzeko, gaietan sakontzeko eta adostasun bideak josteko gune egonkorrak eta anitzak sortzea da bilatzen duguna.
Horretarako, elkarlanean oinarritutako bi bide ditugu irekita. Batetik, Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruko herri-hausnarketa abian du Eusko Ikaskuntzak. Asmo honekin Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria osatzea bilatzen dugu. Euskal Herriko jendartearen erronka nagusiak hausnarketa ardatz hartuta, lurralde desberdinetan partekatzen ditugun hezkuntza lehentasunak modu kolaboratiboan identifikatu eta etorkizuneko eszenatoki desiragarriak definituko ditugu horiei erantzuteko beharko lituzketen proposamenen inguruko adostasunak landuz. Honi bidea emateko, Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldean foro partehartzaileak burutuko ditugu 2021ko irailean burututako Ehun zubigileen foroari jarraipena emanez.
Bestetik, erantzukizuneko ibilbide honetan, Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetan irekita dauden prozesu desberdinetan, gaietan sakontzen lagunduko dugu. Hau horrela, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin irekitako lankidetza markoan, 2022ko ekitaldian bi gaien inguruan sakontze ariketa partekatua burutzen hasiko gara: askotariko segregazioari nola egin aurre hezkuntza sistematik eta irakasleen ahalduntzea etorkizuneko erronken aurrean.
Jarduera honetan, Eusko Ikaskuntzak adostasunak eta desadostasunak kudeatzen lagunduko duen eremu deliberatzailea eskaini nahi du: herritarrak, eragileak sozialak, adituak eta erakundeak eroso bilduko duen eremua. Euskal jendartearen erronka nagusiei erantzuteko behar dugun hezkuntzarekin lotutako nahitako eszenatokiak landuz, gizarteko giltzarriak eta zubigileak konektatzea bilatuko dugu elkarrekin etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistema sortzeko.
Testuinguru honetan kokatzen da aurkezten dugun foroa, partehartzera gonbidatzen zaituguna.