Ekainak 30 arte dago zabalik "Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza" Kongresurako parte-hartze proposamenak aurkezteko epea. Komunikazio saioetarako laburpenak aurkezteko data, ordea, lehengoa da eta maiatzaren 30ean bukatuko da.
Garapen iraunkorrerako berrikuntzan inplikatuta dauden gizarte eragile zein herri-administrazioek posterrak, liburuen aurkezpenak, arte instalazioak, erakusketak, dokumentalak, fikziorako proposamenak eta abar aurkez ditzakete parte-hartze proposamenen artean.
Eusko Ikaskuntzak bereziki gizarte eragileak eta herri-administrazioak gonbidatzen ditu Kongresuan parte hartzera, erakunde horiek berebiziko gaitasuna dutelako euskal gizartearen errealitatea islatzeko eta baita ere gizarte aurrerapen iraunkorraren inguruko proposamenak eta aukera berriak plazaratzeko.
Komunikaziorako eta parte-hartze proposamenak Kongresuak izango dituen 9 ardatzen barruan egin daiteke: Berrikuntza, Globalizazioa, Gizarte Tentsioa, Gizarte Solidarioa, Genero Sistema, Justizia, Bizi Kalitatea, Guztionari Balio Handiagoa Ematea eta, azkenik, Gizarte Memoria. Horretaz gainera, World Kafea ere izango da eta irekita egongo da Kongresura hurbiltzen diren guztientzat.
Eusko Ikaskuntzak 2009ko azaroaren 18, 19 eta 20an egingo du "Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza" izeneko XVII. Kongresua Gasteizko Europa Batzar eta Erakusketetako jauregian.
XVII. Kongresuari buruzko informazio gehiago izateko:
http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos/xvii/
