Euskal Udalek beren lekua dute Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuaren egitarauan. Azaroaren 18an tailerra izango da eta hilaren 20an euskal udalei eskaitako komunikazio saioa. Juan Luis Moragues, abokatu eta Eusko Ikaskuntzaren Programa Enblematiko eta Berezien arduradunak koordinatuko duen tailer honetan, egungo krisi ekonomikoaren aurrean udal partaidetzaren eredu berriei buruzko gogoeta bati helduko zaio erantzun sozialen bila. Zehazki, agintarien edo "erabaki hartzaileen" eta herritarren arteko elkarguneak sortzeko premiaz jardungo dute, baita herritarren parte hartzeak dakarren aberaste kolektiboaz ere, ezagupenaren mobilizazioaz den bezainbatean.
Udalen ordezkariekin ikuspegia partekatzea da tailer honen helburua,geroko eztabaidan aberasteko asmoz. Eusko Ikaskuntzak buruturiko esperientziak deskribatuko dira eta ariketa praktikoak egingo dira esperientzia "bizitzeko" eta udaletan aplikatu ahal izateko.

Azaroaren 20an egitekoa den komunikazioen saioak tokiko ondarearen tratamendua eta berreskuratzea izango du aztergai eta Euskomedia Fundazioko Koro Muro Arriet izango da horren koordinatzailea; 14 komunikazio aurkeztuko direla aurrikusi da.
Gazte Foroa
Hiru jardunaldietan goizez egitekoa den Gazte Foroa XVII. Kongresuan integraturik dagoen halako kongresu txiki bat da eta unibertsitarioak izango dira horren protagonistak. Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko Unibertsitate guztietako ikasleak diren ia 350 gaztek, 70 lantalde baino gehiagotan banaturik,lan egin dute Kongresuaren bederatzi ardatzetarako ekarpenak prestatzen, doktore maila lortzeko lanean ari diren hainbat ikasle eta irakasleen koordinaziopean. Horien ondorioak geroago argitaratzekoak dira.
