Proiektuak, aldi berean, ikerketa akademiko kualitatiboa eta ekintza komunitarioko tailerrak garatzen ditu Gipuzkoako hiru udalerritan: Arrasaten, Ordizian eta Hondarribian, maiatzaren 30era arte.
Zein izan da Eliza katolikoaren papera euskal komunitatean eta zein dira bere gainbeheraren ondorioak? Nola indartu daiteke kohesio soziala kode moral eta espiritual anitzak dituen gizarte batean? Zein izan daitezke gaur egun komunitateak ehuntzen dituen balioak?
Galdera horiei eta beste askori erantzun nahi die Eusko Ikaskuntzak abian jarritako “Sinesmen dibertsitatea eta komunitatearen ehuntzea” proiektuak.
Bertan, Euskal Herriko panorama erlijioso eta espiritualaren eraldaketa sakona jorratzen da. Testuinguru horren ezaugarriak dira katolizismoaren eraginaren gainbehera historikoa, sekularizazio-prozesu azkarra eta immigrazioak, besteak beste, bultzatutako aniztasun gero eta handiagoa. Horren aurrean, proiektuaren helburu nagusia kohesio soziala eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzea da, askotariko sinesmenak dituen gizarte batean bizikidetza indartzeko.
Horretarako, metodologia bikoitza proposatzen da: alde batetik, ikerketa akademiko kualitatiboa, egungo egoeraren erronkak eta ondorioak sakon ulertzeko; eta, bestetik, ekintza komunitarioko programa zabal bat, lau modulu tematikotan egituratua. Modulu hauek espiritualtasunaren eta komunitatearen arteko loturaren funtsezko alderdiak aztertzen dituzte: trantsizio-erritualak, leku sakratuak, auzolana bezalako praktika solidarioak eta hizkuntzaren dimentsio espirituala (euskara). Aurreikuspenen arabera, 2026an egingo dira lehen bi moduluetako tailerrak, eta, beste biak, datorren urtean.
Proiektuaren emaitzei dagokienez, orain arte esparru akademikoan zein ekintza komunitarioan landutakoaren lehen ondorioak ezagutu ahal izango dira, uztailaren 17an, EHUk Donostian antolatutako Uda Ikastaroen esparruan.
