Lendakari Jaun agurgarria, Gipuzkoako Aldun Nagusia, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria, Jaun Andreak, Agur, agur t?erdi.
Bekoak goikoa ezkondu leidi, ta txikiak handia benzi leidi, asmoz eta jakitez. Ez dakit zahar hitzak, beti ote diren zuhur hitzak. Baina Eusko Ikaskuntzaren sortzaileek beren goiburutzat erabaki zuten antzinako esaldiari zuhurtzia dario bete betean. Asmoa, borondatea, erabakia, ausardia, ekimena, nahia, gogoa ezinbestekoa da. Baina okerreko bidetik zenbat-eta gehiago saiatu, orduan eta urrutiago helburutik. Orobat, ordea, norabiderik onenaz gehien dakiena ere, geldi egonean balego, helburutik gero eta urrunago legoke, gaurko mundu orobildu honen baitan, gelditzen dena abiada handiz hasten baita atzeratzen.
Aulestiatarren armarriaren leloa, Eusko Ikaskuntzaren sortzaileek bere egin zutena, goraipatuz nahi izan diot ekin nire hitzaldiari, edukiaren gaurkotasunari eta garrantziari erreparatuta. Hizpide dudan leloak berezko muga oro uxatu eta gogoari eta erabakiari ematen die bidea. Jaiotzako giza desabantailak gaindintzerik badagoela aldarrikatzen baitu, betiere "asmoz eta jakitez" jardunez gero, hau da, faktorerik subjektiboei lotutako indarra eta talentua gogotik uztatuz gero. Izan ere, gaur egun, beste inoiz ez bezala, faktore horiek dira arrakasta eta porrot ororen funtsezko oinarriak. "Asmoz eta jakitez" leloak, halaber, Aulestiarraren armarriaren berezko testuinguru gerraria geure egiteko eta eusko ikaskuntzen erreferentziazko armatzat erabiltzeko aukera ere ematen digu. Ildo horretan, esanahirik jatorrizkoenak, petoenak eta orokorrenak berreskuratuz, asmoa, borondatea, nahia, erabakia edo konpromisoa ematen dizkigu aditzera, batetik, eta jakinduria, ezagutza, zientzia edo moldez aritzeko gaitasuna, bestetik.

Hain zuzen, horiek biak mailarik gorenean eta onenean uztartu dituzten hemengo eta edonongo jakintsuei eskaini nahi diet lehenik hemen bildu garenon esker oneko agurra eta aitorpena. Eta, era berdinean, haien ekarritik ikasteko aukerak eta bitartekoak eskaini dizkiguten gurasoei, etxekoei, irakasleei, lagunei, edonongo erakunde eta herritar denei. Jakintza mailan gu garenaren zati handia baita, artez edo moldez, haien emanari esker jaso duguna.
Horretaz jabeturik gaudelako, jakin bagenekien Jakiundeko kide hautatuak izan garenok, zorretan ginela gizartearekiko. Baina hautapena onartzearekin, zor hori are zintzoago ordaintzen saiatzeko erantzukizuna ere hartua dugu gaurdanik.
Eta zor hori, hain zuzen, "asmoz eta jakitez" beteko dugula agindu nahi dugu. Gizon emakumeei eta herriei nor izateko aukera hobeak eskaintzeko asmoz, dakigun onena gizarteari eskainiz.
Jakintsurik argienak ere berekin du zigorra: zenbat eta gehiago dakien, orduan eta gehiago jabetzearena ez dakienaz. Jakintsuena dago ohartuena, jakiteko geratzen zaionaz. Hargatik gertatzen zaigu hain gogorra jakintsu legez aholkuak ematea. Beti dugu oraindik ere ikasi ez dugun punturen bat, gure iritzia oraindik ez emateko eskatzen diguna.
Beraz, jaso dugun ohorea, eskaintzen zaigun aukera, sentitzen dugun zalantza eta geure gain hartzen dugun erantzukizuna, gerri bat berari lotutako adar bana ezinak bezala ditugu zintzilik. Dena den, eskatzen zaigun egitekoa argi bezain garbi dago: gure ohore, aukera eta zalantzen gainetik, eskatzen zaiguna betetzea zor dugu: dakigunetik, geure egia azaltzea, harrokeriarik gabe, baina inoren beldurrik gabe, pozgarri gerta litekeenean bezala mingarri baledi ere gure herriko edo munduko beste edozeinentzat.
Eta zor hori -bikain ez bada ere- ondo betetzeko, ba dira gaur, ezinbestean kontutan hartu beharreko baldintzak: 1) Lehenik, zor hori talde bezala ahalik eta ongien betetzeko, nola jokatu behar den ikasi behar dugu. Gutako inor gutxik eskaini dio arretarik eta denborarik munduko Akademiarik onenak nola sortu eta garatu diren ikasteari. Eta horixe da lehenik egin behar duguna, lehen hilabetetan landu beharko genukeena: hainbat akademietako esperientziaz jabetu, eman izan dituzten pauso baikorrak eta ezkorrak ondo aztertu eta ikasbidetzat hartu. 2) Ikasteko gauza garena, gure baldintza berezietara egokitu, "asmoz eta jakitez". Eraginik izan dezakegun ingurunean, zer-nola antolatu eta jokatu behar zehatuz, betiere esperientziatik ikasteko zabalik.
Nire esker ona nahi nuke adierazi, neure gain jarritako misioak agerian uzten duen konfiantzarengatik. Ohore handia da zinez, eta esker onez dut onartzen. Bide berri hori urratzen hasteko, neure buruari gogo biziz ezarri nizkion beste hainbat eginkizun gerorako utzi beharko ditut, nahitaez. Egitekoak gerorako uzteko, ezinbestekoa izaten da bi baldintza batera egokitzea: batetik, funtzio berri garrantzitsuei heltzeko aukera, eta bestetik, norberak hasitakoari jarraipena emango diotenen gaitasunean bete-betean sinestea. Eta oraingoan, bi baldintzak erabat bete dira, argi eta garbi. Ekinean hastear dagoen Erakundea garrantzitsua da dagoeneko, baina etorkizunean are garrantzitsuagoa izango delakoan nago; horretan ez dut zalantzarik. Gainerako kideek ezaugarri dituzten zintzotasun, azkartasun eta gogo mugagabeak ikusita, bistakoa da jarraikortasuna bermatuta dagoela, ezbairik gabe, eta orain hizlari duzuen honen lana errotik hobetuko dutela.
Zer da Akademia bat? Zertarako balio du? Hamaika adiera izan ditzake: jakintsuen ohorezko biltzarra eman dezake aditzera, edota zientzia- eta kultur elkartea. Iritziak iritzi, ia ikuspegi guztiak bat datoz zenbait ezaugarritan. Alegia, osaerari edo kideei dagokienez, Akademiak erakunde eredugarria behar du izan; ekintzetan, berriz, gidaria, eta ekarpen-iturri gizartearentzat, zorroztasuna eta ezagutzak oinarri dituela beti. Halaber, ekintzen poderioz eta aholkuak emanez, bide egokiak aurkitzen lagundu behar du erreferentzia ziurrik gabeko egungo testuinguru konplexu honetan, ziurgabetasuna nagusi den arren, ikasteko gai izan gaitezen. Azkenik, bere txikitasunaz jabeturik eta apaltasunez beti, eginahalak egin behar ditu, gure bizitzan gizatasuna askoz ere tinkoago errotu dadin.
Aipatutako helburua lortzeko, nahitaezkoa da gaur abiaraziko dugun proiektua denon partaidetza behar duen talde-lantzat hartzea. Euskal Herriko Akademia hau guztion artean egingo dugu, ekinaren ekinez, ahalegin anitzak eta lankidetza uztartuz, eta gizartearen zerbitzura egoteko borondate garbiari gogotik eutsiz. Ildo horretan, burokraziari itzuri egiten ikasi beharko dugu. Esperientziaren poderioz, jakin badakigu hedatzeko joera duela burokraziak, eta azkenean, sormena zeharo suntsitzeko gai izan ohi dela. Asmo onak eta formulazio jakintsuak gorabehera, arautegiak zurrun eta zorrotz bihurtzen dira maiz. Zenbait baliabideren okerreko erabilerak saihesteko nahiak eraginda finkatutako arauak hainbatetan, denboraren joanean, oztopo bihurtzen dira erabilera zuzenentzat.
Jakiundeko kideak maiteminduta daude, grina sutsuak jota, nor bere lanaz eta jakintzagaiaz. Eta gure lana maitatuz askoz ere urrats ziurragoak ematen ditugu ezagutzarako bidean, eta askoz ere urrunago eramaten gaitu edozein metodologia-saiakuntzak, derrigorrezko ahaleginek edo agindutako sari nahiz zigorrek baino. Gure lana maitatzea; artea, zientzia eta kultura maitatzea. Idealismoa hori pragmatismorik eraginkorrena dugu. Hortik abiatuta, egunez egun lasai eta etengabe arituz, ekinaren ekinez, gure analisiak zehatzak izango dira, eta kontzeptuak zorrotzak. Ñabardurak zaindu eta preziatu egingo ditugu, eta baita zorroztasuna ere, pintzelkada leunak emanez, errepikapen topikoen azalkeriak uxatzeko. Errealitaterik eza ez dugu itxurakeriaz estaliko.
Gure Akademiaren misioaren ingurune-baldintzak oso bestelakoak dira, horrelako Erakundeak sortu ziren garaikoekin alderatuz gero. Iraganean, ezagutzarik eza eta informazio gabezia elkarri atxikitako ezaugarriak ziren maiz. Gaur egun, aitzitik, ezagutzarik eza neurriz kanpoko informazioari lotuta datorkigu askotan, edo bestela, oinarrizko funtsa eta azaleko itxura hutsalak bereizteko gaitasunik ezarekin du zerikusia. Denboraren erabilera, denbora kudeatzeko ahalmena, ezagutzaren gizarte berriaren oinarrizko arazoetako bat da. Ezagutza ez da bat-batean lortzen, gutxika baizik, arian-arian. Prozesu mantsoa da. Urratsez urrats, gero eta gehiago ikasten dugu, baina poliki. Ez dago ezagutzarik transmisiorik gabe, ezta ekintzarik gabe ere. Eta hain zuzen, hedatu, geureganatu eta, hala dagokionean, eraldatu ahala, orduantxe sortzen du balioa ezagutzak. Horrela sortu da Jakiunde ere, ezagutza kudeatzen laguntzeko nahiak eraginda.
Azkenik, gure Akademiak zentzua izan dezan, gure herriaren zerbitzura egon behar du buru-belarri, dena emanez eta eginahalak eginez Zientzietan, Arteetan eta Letretan ditugun premiei zuzen erantzuteko. Ikuspegi horri helduz, Jakiunde bikaintasunezko Think Tank izango dela esan dezakegu, eta hainbat gogoeta-arlo eta eztabaidagai jorratuko dituela:
- Batetik, zientziaren, artearen eta gizartearen kultur, hezkuntza- eta ikerkuntza-erronka handi berriei erantzungo die. Ildo horretan, ezagutza mailarik handieneko informazioa bermatuko du beti.
- Bestetik, erakunde publiko eta pribatu interesdunek aurkeztutako proposamen eta proiektuak aztertuko ditu, erabakirik egokienak hartzen laguntzeko eta egoki betetzen direla egiaztatzeko. Beraz, epe luzera, organo aholkularia ere izango da.
Europako hamar akademiak "Madrileko Adierazpena" aurkeztu zuten 1992an. Adierazpenaren 2. puntuan, horrelako erakundeen betebeharrak zehaztu zituzten: "Akademia ororen betebehar nagusietakoa gobernuei eta Administrazioei bere eskumeneko gaiei buruzko aholkularitza eskaintzea da, iritzia eskatu ala ez eskatu. Gairik garrantzitsuenek oro har zientziako jakintzagai batekin baino gehiagorekin dutenez zerikusia, Akademien espezializazioa eragozpena izan daiteke egoki oinarritutako aholkularitza eskaintzeko. Aipatutako akademiak bederatzi herrialdeetakoak ziren, hau da, Alemania, Suedia, Frantzia, Italia, Belgika, Ingalaterra, Portugal, Holanda eta Espainiakoak.
Aurrekari askorik gabeko ekimena bada ere, gure Akademia erreferentzia berri bat bezala sortzen da, beste batzuen osagarri, diziplinarteko, bere kideen bikaintasuna oinarri duela. Jakiundek letrak, arteak eta zientziak konbinatzen ditu. Aldendu egiten da espezializazioranzko joera gero eta biziagotik, fenomeno hori arazo larri ari baita bilakatzen gutako bakoitzak egiten duen ikerkuntzan. Baita hezkuntza sisteman ere. Hasieran geure buruari ezarritako bidea aldatzeko prest egote hutsa arrazoi sendoa da ikasleek ahalik eta heziketa zabalena jaso dezaten, haiek gehiegizko espezializaziotik urrun daitezen.
Diziplinartekotasunean du bere indarraren eta balioaren zati handi bat Jakiundek. Eginbehar zoragarri bat dugu aurrean, hots, akademiako kideen talentu zabal eta askotarikoa modu eraginkorrean artikulatzea, soseguz eta zorrotz arituz gaur ohoratzen gaituen gizarte honentzat on izan gaitezen. Gure lanaren zati handi bat kanporanzkoa izango da. Nik bikaintasunaren zentrifugagailu gisa dakusat Jakiunde, bai gauzak egiteko moldean, bai jakintzaren arlo guztietan egindako aurrerapenak gizarteari helaraztean. Gizarteari hobeto informatuta egoten lagundu behar dio Jakiundek, eta, beraz, libreago izaten.
Kalitatezko ekimenek ontzeko denbora egokia behar dute, baterazinak dira presekin, baina, aldi berean, arin bultzatu eta garatu behar dira. Horretaz jakitun, Jakiunde ekimen gazte eta kementsu moduan sortzen da, baina oinarri sendoekin, eta egungo Euskal Herritik begiratzen die etorkizunari eta munduari.
Eskerrak ematen dizkiet Lehendakariari, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari eta neure sorleku Nafarroako Kultur Kontseilariari, gizartearen ordezkari gisa gaur hemen izateagatik. Izan ere, gizarteak ardura erakusten du jakintzaren mugetan gertatzen denaz, errespetatu eta aintzat hartzen ditu humanismo forma guztiak, letrak eta zientziak; hori egite soilagatik kalitate eta eskakizun giro bat sortzen du arazoei aurre egitean, eta hori osmosiz bezala hedatzen da haren gainerako jardueretara.
Eskertu beharra daukagu, halaber, Eusko Ikaskuntzako taldeek eta bereziki Javier Retegi lehendakariak egindako lana. Esparru bikaina eman digute lanean hasteko. Askatasun osoz, eta menpekotasunik eta baldintzapenik gabe ari gaitezke, gure Herriaren zerbitzurako Akademia bat eratzen. Datozen hiletan, erakunde-egitura eta prozedurak garatuko ditugu, eta geure misioa finduko dugu. Hausnarketaren bidez, eta etikan, kulturan eta zientzietan aurreratuen dauden inguruneetako esperientzia onenetatik ikasiz. Beren alorrean daukaten itzalagatik eta kalitate profesionalagatik aukeratutako kideekin. Hori gabe, izan ere, ez da, ez sinesgarritasunik, ez funtzionaltasunik. Gizartea hobeto zerbitzatzeko, pertsona horiek askatasuna, independentzia, zorroztasuna eta sosegua erabiliko dituzte eztabaidan eta egiaren bilaketan. Horretarako, erlatibismo antzuetatik, sektarismoetatik eta modetatik ihes eginda, sinestu behar da badela egia, eta, neurri batean bederen, eta nahi den ñabardura guztiekin, hurbil gaitezkeela beragana.
Jakiunderen egiteko berezia jakintza da, ahalik-eta igoena, edozertaz eta edozein hizkuntzatan ariko delarik ere, baina hiztunak garen gizakion eta herrien garapenik onenari laguntzeko asmoz. Gure asmoak, beraz, bere baitakoa du Lizardik ezin hobeto adierazi zuena:
"Baña nik, izkuntza larrekoa, nai aunat ere noranaikoa, yakite-egoek igoa; soña zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa".
Geure ondorengoekin euskaraz hitz egiteari eutsi nahi diogunok eta jakintzaren aurrerapenetan -eragile ezin bada- partaide izan, Orixerena beste biderik ez dugu: "hats emaiogun hontan iraun dezan".
