Omenaldiak

Gure bazkideak

2026/05/22

Omenaldiak

Bi bazkideri omenaldia egin diete, arlo akademikoan eta ikerketan egindako ekarpenengatik.

Idoia Fernandez

Maiatzaren 7an, Bilboko Hezkuntza Eskolan, AKADEME emakume akademikoen garapen profesionaleko programaren bultzatzaileei omenaldia egin zitzaien. EHUko Berdintasun Zuzendaritzak antolatu zuen ekitaldia, AKADEMEren hamargarren urteurrena zela eta, eta Idoia Fernandez Eusko Ikaskuntzako bazkidea laudatu zuen, Redu Unibertsitate Irakaskuntza Sareko egungo presidentea eta duela hamarkada bat Hezkuntza Zientzietako irakaslea, hain justu ahalduntze proiektu hau berak proposatu zuenean.

Leire Imaz kideak Idoia Fernandezen lana eta konpromisoa nabarmendu zituen, eta haren "lanerako gaitasuna, ausardia eta proiekzioa" goraipatu zituen.

Beñat Oihartzabal

Beñat Oihartzabal bazkidea omenduko dute ekainaren 6an, Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak antolatutako Ziburuko VII Liburu eta Disko Azokaren baitan.

“Euskara baikara” lelopean, ziburutar azokak, aurten ere, euskarak eta bere hiztunek “askatasun eta nagusitasun lekuak eta mementoak” behar dituztela aldarrikatuko du, eta hori gauzatzeko honelako proposamenak bultzatzen ditu.

Inaugurazio ekitaldian, Beñat Oihartzabal idazle, hizkuntzalari eta irakasleak Ipar Euskal Herriko kultur munduaren aitortza jasoko du eta ondoren Céline Mounolekin solasean arituko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp