Jóvenes de cuatro continentes han trabajado durante el mes de agosto en la rehabilitación del castillo de Azkarate (Baja Navarra), llamado a convertirse en el primer Centro Internacional de la Diáspora vasca
Egunen batean Diasporaren Nazioarteko Zentroa izango denaren lehen harria jarria dago jadanik. Eusko Ikaskuntzako EuskoSarek eta Azkarateko udalak elkarrekin bultzaturiko nazioarteko proiektu baten esparruan, gaur arte amets hutsa zena egia itxura hartzen hastea lortu da aurtengo udan Argentina, Korea, Serbia, Errusia, Turkia, Maroko, Alemania eta Frantziako hainbat gazteri esker.
Etorkizunean Diasporaren Nazioarteko Zentroaren egoitza izango den Azkarateko gaztelua berritzeko lehen kanpaina burutu da abuztuaren 4tik 26ra. Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroa Behereko udal horren artean izenpetu lankidetza hitzarmenak bideratu du lan esparru hori abiatzea, horren antolakuntzan Concordia elkarteak lagundu duelarik (1950etik borondatezko nazioarteko lan esparruak antolatzen aditua). Hainbat zereginetan erabiltzea da eraikuntza historiko hori berregokitzeko azken helburua: udal alorrekoak, kultura mailakoak eta nazioarteko trukeari dagozkionak, hots, sorterria bisitatuko duten euskaldunei edo euskaldunen ondorengoei harrera egiteko gune egonkorra izatea.
Hilabeteko lana...
700.000 euro inguruko aurrekontua hartara zuzendurik, Azkarateko gazteluak Udaleko bulegoak hartuko ditu beheko solairuan, bai eta jatetxe bat ere, Nafarroa Behereko herri horrek ostalaritza alorrean duen hutsunea betez. Hasieran erabaki denez, lehen solairuan herriarekin zerikusia duten kultura erabilerak gauzatuko dira (8 Probintziak Elkartearen bidez), bertan egoitzetariko bat izango duen EuskoSarek munduko euskaldunei zuzenduriko zerbitzuekin batera. Eraikuntza horretako hirugarren eta azken solairua, berrehun metro karratukoa, aterpe gisa baliatuko da bai arbasoen lurra bisitatu nahiko duten familiak hartzeko eta bai emigrazioaren inguruko prestakuntza gaiak landuko dituzten udalekuen egoitza izateko ere.
Joan den abuztuan egindako lehen kanpainan, gazteluaren parte bat egokitzea izan da aurreneko zeregina, borondatezko lankideen funtsezko etxebizitza premiak betetzearren. Gerokoan lan egitera etorriko diren gazteen mesederako izango da lan hori; izan ere, datorren urtarrilerako edo otsailerako (uda australaren garaia) aurreikusia baita bigarren nazioarteko kanpaina. Lan hori egindakoan, eraikuntzaren ezkerreko hegal osoa barnetik husteari ekin zioten, teilatuaren zati bat erori ondoren urez betea baitzen. Azkenik, Azkaraten tabernarik ez denez, ostatu xume bat moldatu da bertakoen eta lankideen arteko elkartzea erraztearren.
...eta aisialdia
Bi animatzaile profesionalek zuzenduriko programa ludikoak Euskal Herriaren errealitate geografikoa eta kulturala ezagutzea zuen helburu. Ildo horretatik, oinezko ibilaldiak antolatu dira Azkarate inguruan zehar Nafarroa Behereko paisaia nabarienen bila. Gazteek hainbat gune ezagutzeko aukera izan dute: artzain saroi bat Iratin, Larrun mendia eta hango usategiak. Halaber, hirietarako bisitaldiak egin dituzte Donibane-Lohitzunera edo Donostira, horren Aste Nagusia zela eta.
"Niretzat esperientzia bete-betea izan da" zioen kanpaina amaitzean Ignacio Uriartek, 30 urteko La Platako (Argentina) kazetaria eta Trenque Lauquengo Euskal Etxeko kidea. "Aiton-amonen lurraldera natorren lehenengo aldia da hau, eta dena berria izan da baina era berean ezaguna". Hendaiako Sandra Lucu, animazioa bere gain zuen arduradunaren iritziz kanpaina, oro har, positiboa izan da: "Gauza asko hobetu beharko dira hurrengo aldietan, baina dagoeneko abiarazi duguna oso garrantzitsua izan daiteke biharko egunean". Iritzi berekoa zen Benoit Etcheverry, EuskoSareko arduraduna Iparraldean, azpimarratu zuelarik Azkarateko jendeak egindako harrera bikaina, eta bereziki bertako udalak, Jean-Michel Galant, herriko auzapeza eta Baigorriko kontseilari nagusia, buru duela.
