Jakiundeko lehendakaria Pedro Miguel Etxenike fisikaria da eta, horrez gain, sona handiko beste hainbat pertsona elkartu dira Akademian. Zientzia hutsen eta aplikatuen alorretan, arte-sormenean eta pentsamendu kritikoan egindako lanagatik nabarmendutako adituak dira, elkarrekin lan eginda etorkizunerako erronka handi eta berrien aurrean duten pertzepzioa gizarteari eskaini nahi diotenak. Hala, Ikerkuntzako Euskadi saridunak, Principe de Viana saridunak eta Eusko Ikaskuntza saridunak daude Jakiundeko kideen artean, hau da, Literatura, Historia, Antropologia, Zientzia, Zinema, Musika edo Arkitekturaren alorretako espezialista ospetsuak.
Jakiunderen helburua honako hau da: kide horiek guztiek elkarrekin hausnartu eta iritziak ematea, gizartean hautematen dituzten gabeziak eta euskal letrek, zientziek eta arteek datozen urteetan hartu beharko luketen bidea hizpide hartuta. Europako Akademien eredu aurreratuenetan oinarriturik, Jakiundek ondorengo zereginak hartuko ditu bere gain: garrantzi handiko gaien inguruan ikertu eta azterlanak, txostenak eta irizpenak egitea, kulturaren alorreko proiektuetan parte hartzea eta zientzia-komunitatearen barruko zein estatuko eta nazioarteko foro akademikoetako eztabaidetan parte hartzea.
Araudiaren arabera, Jakiundeko osoko kideak urtean hiru aldiz elkartuko dira osoko bilkuretan, batzorde espezializatuek urtean zehar egindako lana berresteko xedez. Akademikoek berek osatuko dituzte batzordeak eta, hala erabakiz gero, dagozkien alorretako adituen aholkularitzaz baliatu ahal izango dira eginkizun horretarako.
Hasiera batean, Zientzia, Arte eta Letren Akademia 26 kidez osatuta egongo da, eta Eusko Ikaskuntzaren jarduera-eremu guztiak ordezkatuko ditu. Hala ere, kopurua 31raino heltzea aurreikusten du araudiak.
Jakiundeko kide hautetsiak honako hauek dira:
- Pedro Miguel Etxenike. Fisikaria, Akademiako lehenengo lehendakaria.
- Javier Aguirresarobe. Zinemagintzako Fotografia Zuzendaria.
- Jesús Altuna. Antropologoa.
- Montxo Armendariz. Zinemagilea.
- Iciar Astiasarán. Farmazialaria.
- José María Asua. Kimika Ingeniaria.
- Bernardo Atxaga. Literatoa
- María Bayo. Sopranoa
- Juan Colmenero. Materia Fisikaria.
- José Luis de la Cuesta. Zuzenbide Penaleko aditua.
- Javier Echeverría. Filosofoa.
- M. Carmen Gallastegui. Ekonomilaria.
- Juan José Goiriena de Gandarias. Medikua.
- Félix Goñi. Biokimikaria.
- Gurutz Jauregui. Zuzenbide Konstituzionaleko aditua.
- Maite Lafourcade. Zuzenbidearen Historian aditua.
- Mariasun Landa. Literatoa.
- José Antonio López de Castro. Biokimikaria.
- Jon Marcaide. Astronomoa.
- Rafael Moneo. Arkitektoa.
- Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian aditua.
- Miguel Sánchez Ostiz. Literatoa
- Inma Shara. Orkestra Zuzendaria.
- Jesus Mari Ugalde. Fisikari Kimikaria.
- Juan Uriagereka. Hizkuntzalaria.
- Enrique Zuazua. Matematika Aplikatuko aditua.
Jakiunde eratzeko ekitaldia ostegunean, urriak 25, goizeko 10:30etan izan zen eta Interneten bidez jarraitu zen zuzenean, streaming teknologiaren bidez.
