Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2024

Sariak

2024/05/17

Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2024

Hizkuntzalariak euskarari eta elebitasunari egin duen ikerketaren bitartez, euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifiko eta kulturaren inguruan ekarpen nabarmena egin du.

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak jakitera eman dute gaur 2024ko Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria curriculum nabarmenaren irabazlea. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariekin batera, eta Itziar Laka Mugarza ebatzi dute 2024ko irabazle gisa.

Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariak ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko.

Hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian, estatuan eta nazioartean, eta hizlari gisa parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan. Epaimahairen ustez, “eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz”.

Itziar Lakaren ibilbidean funtsezko dimentsioa da euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu du.

Jardun akademikoarekin eta ikerkuntzakoarekin batera, Itziar Lakak lan itzela egiten du zientziaren eta zientzia-kulturaren zabalpenean. Zentzu horretan, epaimahaiak adierazi du “Elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez”.

Hala, Itziar Lakaren maila handiko ikerkuntza- eta zabalkunde-jarduerek zalantzarik gabeko balioa dute zientziarentzat, kulturarentzat eta euskal gizartearentzat orokorrean.

Sarituak

Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2024

Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria

Aurreko astean, hilaren 7an, ezagutzara eman zen Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariaren irabazlea eta, sariak seigarren edizioa betetzen duen honetan, Garazi Navasek eta Maite Aizpuruak lortu dute aitortza “Adarbakarra eta soinujolea” lan performatiboari esker. Bere proposamenak euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertzera gonbidatzen dute, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta. Diziplinartekotasunetik (musika, literatura eta antzerkia) euskal kulturaren elementuak eguneratuko dituzte. Saria 6.000 eurorekin lagunduta dago.

Saritutako proiektuak

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria 2024. Maite Aizpurua eta Garazi Navas
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp