
Gai Nagusiak izenaren baitan biltzen dira Euskal Komunitate Globalarengan eragina duten erronka handien inguruan sortu diren diziplina anitzeko ikasketa eta ikerketa programa berriak. Ekainean Baiona, Iruñea eta Durangon egindako bilera irekien gogoeta eta proposamenetatik abiatuta, Eusko Ikaskuntzako talde profesionala gai bakoitzeko atalak abian jartzeko jarduera plana diseinatzen ari da. Parte hartzeko interesa agertu dutenak gonbidatuko dira eta jende gehiagok parte har dezan ere bultzatuko da. Asmoa da Eusko Ikaskuntzako ahalik eta bazkide gehienen inplikazioa izatea, bai eta erakunde, elkarte, entitate eta norbanakoekin sinergiak sortzea. Irailean editatuko da Gai Nagusiak bakarrik landuko dituen Asmoz ta Jakitez argitalpeneko ale berezia, beharrezko informazio guztia bilduz.
