Cerca de 700 personas participaron en los tres días de conferencias, comunicaciones, debates, presentación de publicaciones, instalaciones artísticas... todo con un común denominador: la Innovación Social
Azaroaren 18, 19 eta 20an Gasteizko Europa Jauregiak hartu zuen Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua, gizarte aurrerapen iraunkorraren berrikuntza gaiari buruzkoa. Jarduera biziko hiru jardunaldi izan dira ekitaldi programa trinko batekin,goizetan goiz hasi eta arratsalde aski aurreratu bitartean.
Ia 700 pertsonak parte hartu zuten Kongresuan aurrez aurreko eran, eta horiei Internet bidez jarraitu ahal izan zutenak erantsi behar zaizkie, bide horretatik informazio estaldura garrantzitsua burutu baitzen. Gai ardatz bakoitzeko adituek aurkeztu zituzten beren osoko txostenak, bederatzi guztira: Flora Bernard (Berrikuntza), Carlos Jimenez Villarejo (Justizia), Alfonso Dubois (Gizarte Solidarioa), Javier de Lucas (Globalizazioa), Adela Cortina (Guztionari balio handiagoa ematea), Viginia Maquieira (Genero Sistema), Carlos Romeo Casabona (Bizi Kalitatea), Michael Warschawski (Gizarte Tentsioa) eta Anjel Lertxundi (Gizarte Memoria).

Guztira, 259 kongresukidek prestaturiko 172 komunikazio aurkeztu ziren. Gainera, udalei buruzko tailerretan hainbat udalerritako ordezkari instituzionalek parte hartu zuten: Bilbo, Gasteiz, Hondarribia, Lekeitio, Mungia, Ormaiztegi, Tolosa, Trebiñuko Konderria, Usurbil, Zarautz eta Zumaia.
Kongresuak zortzi arte instalazio izan zituen, eta hamabost argitalpen aurkeztu ziren bertan. Poster lehiaketa bat egin zen hamabi lanen aurkezpenarekin, baita argazkiei buruzko beste bat ere, "Hiriko banaketak" deiturikoa.
Bereziki esanguratsua izan zen gazteen presentzia, 300dik gora guztira. "Gazte Foro"an 22 irakaslek zuzenduriko 60 talde bildu ziren. "Gazte Foro" horretan aurkezturiko komunikazioen kalitatea eta kopurua izan da Kongresuko ustekabe atseginetako bat.
Jose Maria Muñoa,Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak amaiera ekitaldian esan zuenez, "hemen ez da ezer bukatzen, gaur lana hasten da, horri ekiteko material nahikoa baitago". Ildo beretik, Teresa del Valle, Kongresuko Lehendakariak ondokoa adierazi zuen: "Ondorioek orain aldiko proiektu baterako ezezik,etorkizuneko proiekturako ere balioko dute".
