Berri korporatiboak

2009/06/26

"Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntzak" mundu osoko adituak bilduko ditu Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan

Uztailaren lehenetik aurrera izena emateko aukera egongo da.

Berrikuntzak eta Flora Bernard frantziarrak ardatz horri buruz eskainiko duen hitzaldiak emango diote hasiera Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuari. Azaroaren 18an kongresukideek, proposamenak aurkeztuko dituzte eta hausnarketa saioak egingo dituzte Berrikuntzari, Justiziari eta Gizarte Solidarioari buruz. Hori guztia Kongresuari izena ematen dion "gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntzaren" ikuspegitik egingo da. Carlos Jiménez Villarejo fiskal ohiak Justiziari buruzko hitzaldia egingo du eta Antonio Dubois, nazioarteko ekonomia eta garapeneko irakasleak gauza bera egingo du Gizarte Solidarioaren ardatzean. Horretaz gainera, komunikazioen sesioak eta parte-hartze ekimenak ere egongo dira ardatz horien inguruan. Udalek ere euren tokia izango dute eta egindako hausnarketak eta izandako hainbat esperientzia aurkeztuko dituzte.

Azaroaren 19an Nestor García Canclini mexikarrak Globalizazioaren inguruko ponentzia nagusia egingo du. Egun horretako bigarren ardatza Guztionari Balio Handiagoa Ematea izango da eta Etika eta Filosofia Politikoan katedraduna den Adela Cortina izango da ponentea. Azkenik, Genero Sistema ardatzean Gizarte Antropolologoa den Virginia Maquieira izango dugu hizlari. Bigarren egun honetan, komunikazioetako saioetaz gainera World Cafea ere egongo da arratsaldean.

Azaroaren 20ko goiza oso emankorra izango da, izan ere Bizitza Kalitateari, Gizarte Tentsioari eta Gizarte Memoriari buruzko ardatzak landuko dira honako hizlari hauekin: Zigor Zuzenbideko irakasle Carlos Romeo Casabona, bakearen aldeko aktibista den Michael Warschawski israeldarra eta Anjel Lertxundi literaturgilea.

Gazteek ere toki garrantzitsua izango dute Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan, Gazte Foroak hiru egunetan mintegiko 9 ardatzak landuko dituelako gure inguruko unibertsitateetako ikasleekin. Esan behar da, gainera, kongresuak esanahi handia izango duela ikasle askoren ikasturte hasieran, izan ere parte hartu nahi duten guztiek hilabete izango dute euren lanetan sakontzeko irakasleen laguntzarekin. Gainera aukera izango dute EI-Gaztea sarian ere lehiatzeko. EI-Gazteak ekonomikoki sarituko ditu komunikaziorik onena, posterrik onena eta dokumentalik onena.

Eusko Ikaskuntzaren XVII Kongresura joan nahi duten lagun guztiek izena eman dezakete uztailaren lehenetik aurrera. Horretarako, besteak beste, http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos/xvii/ web orria dago, non kongresuaren egitaraua ere egongo den.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp