Berri korporatiboak

2009/10/01

?Euskonews´: hamaika urte, 500 ale, milaka irakurle

La publicación decana y líder en el sector de la prensa cultural vasca en Red celebra su número 500 invitando a reflexionar sobre el porvenir

Joan den irailaren 18an argitaratu zen Euskonews astekariaren 500. zenbakia. Argitalpen hau zaharrena eta liderra da Sareko euskal prentsa kulturalaren sektorean. Izaera bereziko argitalpen hau Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako sei kideren lankidetzaz burutu da. Horiek gogoeta egiten dute etorkizunaz, nork bere jakintza arlotik: Jose Antonio Garrido (ingeniaria), William Douglass (antropologoa), Enrique Zuazua (matematika aplikatuan aditua), Iosu Zabala (Mondragon Unibertsitateko errektorea), Carmen Mijangos Ugarte (kimikaria).

1998ko irailaren 8an agertu zen Euskonews, euskal zientzia, kultura eta gizarteari buruzko lehen online aldizkariaren aurreneko alea. Asteko elkarrizketaz eta "Gaiak" atalean bilduriko artikulu nagusiez gain, 2000 urtetik hamabost egunean behingo leiho bat eskaintzen ari zaio arte adierazpenari "Artaretoa" atalaren bidez, eta ondoko urtean eskulanaren sorkuntza erantsi zuen "Artisautza" delakoaren bidez. 2002tik, "KOSMOpolita" atalak tribuna bat eskaintzen du munduan zeharreko euskal aztarna berreskuratu eta zabaltzeko asmoz. Azkenik, "Euskobooks" liburu aukerak, efemerideek eta irrati elkarrizketek osatzen dute aldizkariaren egungo edukien aurkibidea.

Euskonews Multimedian elkarrizketak eta grabazioak biltzen dira ikus-entzunezko euskarrian, Eusko Ikaskuntzak Euskomedia Fundazioaren bidez ekoizturiko bideo eta bestelako materialekin batera.

Gainera, 2007ko urtarriletik Euskonews Gaztea gehigarria argitaratzen da, gazteek eta gazteentzat egindako aldizkaria. Euskal Herri osoko hainbat ikastetxetako milaren bat ikaslek parte hartu dute aldizkariaren lehenengo 126 aleetan.

2008 urtean, Euskonewseko 3.100.000 orri baino gehiago kontsultatu ziren. Era berean, euskal esparruko informazio bolumenari dagokionez, egunerokoak ez diren agerkarietan lehenengoa da Google bilatzailean.

Eusko Ikaskuntzak erakundeen dirulaguntzarik gabe argitaratzen du Euskonews aldizkaria eta bere 3.300 bazkidek egiten duten lanaz elikatzen da. Aldi berean, astekaria partaidetzari eta lankidetzari irekitako foroa da, lanen zorroztasun eta kalitate exijentzia beste mugarik ez duela.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp