Berri korporatiboak

2009/11/18

Eusko Ikaskuntzaren kongresuak

Asteazken goizenan burutu da Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuaren irekitze ekitaldia, Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua, Xabier Agirre, Arabako Ahaldun Nagusia, Jose Maria Muñoa, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria eta Teresa del Valle, Batzorde Antolatzaileko Lehendakaria bertan zeudelarik.

Teresa del Vallek ireki du ekitaldia eta hiru jardunaldietako ildo nagusiak eta egitaraua aurkeztu ditu. Jarraian, Jose Maria Muñoak ongi etorria egin die bertaratuei Eusko Ikaskuntzaren izenean. Erakundeei emandako babesa eskertu eta buruturiko ahaleginengatik edukien prestakuntzan zein antolaketa logistikoan berean lan egin dutenak zoriontzeaz gainera, Muñoak Kongresuaren esanahiaz duen ikuspegia azaldu du:

"Hazkundeak, kontsumoak eta lehiakortasunak benetako aurrerapen iraunkorra bermatzen ez dutela onarturik, elkartasuna, gizarte justizia eta iraunkortasuna bezalako gida balio berrietan sakontzeari ekin beharrean gaude. Eta horretarako beharrezkoa da gauzak behin eta berriro pentsatzea: Justizia kontzeptua mundu globalizatuan, publikoa denaren balioa, gizarte solidario bat eraikitzea, bizitzaren kalitatea, genero harremanak, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubiarena egingo duen gizarte oroimen baten premia". Eta bukatzeko bere uste osoa agertu du: "XVII. Kongresu honek kemena emango digu datozen urteetan mundu zuzenago, solidarioago, kultura aldetik pluralago, kromatikoago eta parte hartzaileago baten alde lanean jarraitzeko, gure Herriaren giza balio tradizionalak izan direnetik eta direnekin".

Patxi Lopez Lehendakariaren ordezkari gisa, Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, Lehendakaria "ezinbesteak bultzaturik" bertan ez dagoela adierazi ondoren, inaugurazio ekitaldian parte hartu du. Kongresuari harrera egiterakoan, haren egokitasuna azpimarratu du. "Gaur badakigu aurrerabidea ez dela soilik ingurumen eta gizarte garapen iraunkorraren bidez lortzen, baizik eta sistema osoa ukitzen duten neurriak eta erabakiak hartu beharra dagoela".

Blanca Urgellek gizarte eredua birpentsatzeko eta horren ondorioz jokatzeko premia nabarmendu du, konpromiso maila handiko gizarte aurrerapen iraunkorrerantz joz, euskal "gu" eraikitzearen alde eginez, gizarte batasunaren eratzaile izango den elkartasun eraginkorrean jardunez. Hartarako, Sailburuaren iritziz, gizarteko kide bakoitzak guztien onaren aldeko ahaleginean konprometitu behar du bere burua.

Zubi eta lokarri den erakundea

Xabier Agirre, Arabako Ahaldun Nagusiak itxi du irekitze ekitaldia. Eusko Ikaskuntzaren esanahia azpimarratzea izan da Ahaldun Nagusiak egindako hitzaldiaren mamia, ekartea era honetara definitu duela "Zubi eta lokarri den erakundea: iraganaren eta etorkizunaren artekoa, Euskal Herriko lurraldeen artekoa, jakintza adar guztietako diziplina zientifikoen artekoa, tradizioaren eta modernitatearen artekoa, jakintza zientifikoaren eta ezagupen horren zabalkundearen artekoa, ohiko artxiboen eta tekonologia berrien artekoa, sentsibilitate eta ideologia desberdinak dituzten pertsonen artekoa".

Kontzeptu horiek guztiak hirurotan laburbildu ditu: Eusko Ikaskuntza zentralitate proiektua, lan zientifiko gero eta zabalagoa eta aniztasun eta bestelakotasunerako bilgunea da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp