Eusko Ikaskuntzak sendotu egin du euskal gizartearekin duen konpromisoa bere mendeurrenean

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/05/22

Eusko Ikaskuntzak sendotu egin du euskal gizartearekin duen konpromisoa bere mendeurrenean

Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien programa aurkeztu da Donostian. Ospakizunei XVIII. Kongresuak emango die amaiera. Aurtengo udazkenean egingo da Hegoaldeko eta Iparraldeko 5 euskal hiriburuetan, eta azaroaren 23an amaituko da Oñatin

Eusko Ikaskuntzak bere eraketaren mendeurrena ospatuko du aurten, eta 1918an erakunde bultzatzaileek (hots, hiru foru-aldundiek eta Nafarroako Foru Aldundiak) emandako mandatu sortzailearekin duen konpromisoa sendotu eta berritu du. Izan ere, konpromiso irmoa hartu du gizarte zibilarekin, jakintzaren sorkuntzarekin eta Euskal Herriak aurrean dituen erronkak ulertzeko eta haiei aurre egiteko zereginarekin.

Testuinguru horretan, euskal erakundeak bere mendeurrena ospatzeko diseinatu dituen ekitaldien programa aurkeztu du gaur goizean Donostian. Ospakizun horien amaiera gisa, XVIII. Kongresua egingo du aurtengo urritik azarora bitarte euskal bost hiriburutan (Baionan, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Bilbon), eta azaroaren 23an amaituko da Oñatin.

Aurkezpen-ekitaldian, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok, Mendeurrenaren eta XVIII. Kongresuaren Batzorde Antolatzaileko presidente Xabier Alkortak eta erakundea duela bi urtez geroztik XVIII. Kongresuaren esparruan garatzen ari den ikerketa-proiektuetako ordezkari nagusiek hartu dute parte. 

Ekitaldiaren barruan, Eusko Ikaskuntzak “mandatu fundazionalari jarraitutasuna emateko” konpromiso irmoa duela adierazi du Dorronsorok. Ildo horretan, “Euskal Herriko gizarteak eta lurralde guztiek planteatutako etorkizuneko erronkei aurre egiteko erantzun bateratzaileak eta berritzaileak eskaintzen jarraituko dugu”, zehaztu du. 

Eusko Ikaskuntzaren DNAren parte diren konpromiso historikoetako bat Euskal Herriko gizarte zibil osoari egindako ekarpenak azaltzeko zientzia-kongresuak antolatzea da.

Sortu zenetik, Eusko Ikaskuntzen 17 Kongresu antolatu ditu guztira erakundeak, bi helburu nagusirekin: ikerketa eta kultura sustatzea, eta gizartearen premia errealen prospekzioa egitea, erronkei aurrea hartzeari eta etorkizuneko aurrerapenari begira.

Aurten, mendeurrenaren ospakizunak baliatuta, Eusko Ikaskuntzak XVIII. Kongresua antolatuko du. Xabier Alkortaren hitzetan, “Eusko Ikaskuntzaren azken urte hauetako esperientziak eta jakintza batu eta metatzeko prozesuaren emaitza izango da”.  

Kongresu horretan, euskal komunitateek aurrean dituzten erronka eta aukera nagusietako batzuen inguruko proposamenak aztertu eta landuko dira, Euskal Herriko gizarte-kohesioa eta lurralde-kohesioa lortzeko.

Jardun-arloak

Eusko Ikaskuntzaren ikerketa-proiektuen azterketa eremuek erakundearen jardueraren orientazio estrategiko berri bati erantzuten diote. Orientazio hori 2013ko azaroko Batzar Nagusian onartu zen; nolanahi ere, aldaketa estrategikoa izan zen, eta etorkizuneko jarduna adierazten duen enbor komun bat duen zuhaitz baten bidez irudikatu zen grafikoki. Orientazio estrategiko horri ‘Euskal Herriko gizarte iraunkorra XXI. mendean’ izena jarri zioten. 

Etorkizunerantz proiektatutako enbor horretatik, ikerketa-proiektuaren ardatz diren lau adar edo arlo tematiko nagusi sortzen dira.

Hona hemen arlo horiek:

  • Egitura sozio-politikoa
  • Euskara etorkizunean 
  • Eredu sozio-ekonomikoa
  • Errealitate sozio-kulturala 

Baionatik Oñatira

Geroa Elkar-Ekin / El futuro que nos (re)une lelopean, XVIII. Kongresua urriaren 5ean hasiko da Baionan. Bertan, hurrengo kongresu-saioetako jardun-ardatzak izango diren oinarrizko formulazio edo galderak aurkeztuko dira.

Urriaren 19an, euskararen etorkizunaren eraikuntza lantzeko bilkura egingo da Gasteizen. Urriaren 26an, berriz, hirugarren bilkura egingo da Iruñean, eta gizarte-kohesiorako bideak eta euskal komunikazio-sistemak betetzen duen zeregina aztertuko dira bertan. Laugarren bilkura Bilbon egingo da, azaroaren 9an, eta ongizate-eredua, lurralde-garapena eta enpresa-ereduak izango ditu ardatz. Azaroaren 16an, gobernantza demokratikoari buruzko topaketa egingo da Donostian. 

Azkenik, azaroaren 23an, Kongresuaren amaierako ekitaldia egingo da Oñatin. Bilkura horretan, proiektu bakoitzak sortu dituen galderei erantzungo zaie, planteamendu horiek gauzatzeko proposamen zehatzak egingo dira (proposamen-arkitektura gisa), eta Liburu Zuria izenekoan jasoko dira. 

Prozesuak bi urtetik gorako iraupena izan du, eta herritarrak, gizarte-eragileak, eragile politikoak, adituak eta erakundeak inplikatu dira. Emaitzazko edukiak “baterako gogoeta-prozesu baten parte dira, eta Liburu Berde/Liburu Zuri eskeman oinarrituta daude”, XVIII. Kongresuko Zientzia Batzordeko bozeramaileek adierazi dutenez. 

Liburu Berdeak garatzen ari diren kontzeptu eta ideien inguruko gakoak eta diagnostiko orokorra finkatzen ditu; Liburu Zuriak, berriz, Liburu Berdean jasotako ideiei erantzun behar dieten aukerak edo proposamenak jasotzen ditu.

Ekitaldian, gainera, XVIII. Kongresuaren kartela aurkeztu da. Hainbat koloretako sokak lotzen dituen korapilo baten simulazio batekin ilustratuta dago, eta, Xabier Alkortak adierazi duenez, “erakundearen zein Kongresu honen ezaugarri bereizgarri den batzeko eta elkartzeko espiritua islatzen du”. 

Kongresuaz gain, jarduera-programa osatu bat antolatu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrenaren esparruan. Programa horren barruan, besteak beste, 1978an demokrazia iritsi ondoren bere jarduerari berriz ekin zionetik erakundea zuzendu eta piztu duten lehendakari eta bazkideei eskainitako omenaldiak, erakundearen 100 urteko historiari buruzko liburu baten argitalpena, dokumental baten aurkezpena eta antzerki-lan esklusibo bat izango ditugu.

XVIII. Kongresuaren aurkezpena Donostian

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp