Abiapuntu gisa, martxotik aurrera, Eusko Ikaskuntzak gogoeta eta ezagutza eremuak sortuko ditu diziplina arteko taldeak sortzeko eta identifikatutako erronkei erantzuteko proiektu konkretuak definitzeko.

Prozesu hau bi fase handitan egingo da datozen hilabeteotan. Lehenengoa Ebaluazioa, finkatzea eta kohesioa bilatzeko fasea izango da. Diseinatutako prozesua eta aukeratutako metodologia aztergai izango dituzte Eusko Ikaskuntzako pertsona talde batek eta diziplina edo sektore, genero, adin eta lurraldearen arabera aukeratutako kanpoko zenbaitek. Alor akademiko desberdinetako bazkideek, Datorkigunea proiektuan parte hartu duten gazteek eta Eusko Ikaskuntza eta bere Fundazioetako langileek osatutako talde zabalago batek balioztatuko du ondoren. Kolektibo honek, gainera, aztergaiak baloratu eta aukeratzeko irizpideak zehazteko aukera izango du.
Gaien aukeraketa eta partehartze-berrikuntza irekia izango da bigarren fasea. Bazkideen bilerak egingo dira lurralde guztietan eta bertara gizarte eta kultur eragileak, erakunde eta elkarteetako ordezkariak, dinamizatzaileak eta abar ere gonbidatuko dira. Era berean, topaketa eta elkarrizketa gune birtualak antolatuko dira.
Bi fase hauen bukaeran, Eusko Ikaskuntzak datozen urteetan esfortzua zein gaitan egingo duen aukeratuta izango du, eta identifikatuta izango ditu ikerketa programa bakoitzean inplikatzeko prest dauden pertsona eta erakundeak. Sinergia sortzaile gisa eta erlazio sustatzaile gisa duen bokazioarekin bat, Euskal Herriko erakunde eta gizarte eragileekin harreman egonkor sare bat ehuntzen hasiko da.
