Eusko Ikaskuntzak Donostian duen egoitzan Manuel Irujo Olloren (1891-1981) artxibo pertsonalen beste sekzio bat entregatu du gaur, asteazkenez, Ane Button Irujok. Politikari nafarraren biloba Ron Bates senarrarekin bertaratu da eta Eusko Ikaskuntzako Lehendakari den Iñaki Dorronsorok egin die harrera.
Manuel Irujo Funtsa 150.000 dokumentu inguruk osatzen dute eta % 40a katalogatu eta digitalizatu egin ditu dagoeneko Eusko Ikaskuntzak. Gogoan izan behar da Irujo entitate horretako Batzorde Iraunkorreko kide izan zela 1932az geroztik. Orain haren ondorengoek helarazitako dokumentuak, funtsean, Londresen 1939-1945 bitartean (II. Mundu Gerran zehar) erbesteratuta egon zenekoak dira.
Manuel Irujo Funtsa libreki beha daiteke www.euskomedia.org webgunean. Gune horretan, halaber, Irujoren biografia aztertzen duen bideo bat ikus daiteke, bere ibilbide politiko, diplomatiko, humanitario eta kulturala azaltzen duena.
Argazki-oina: Ron Bates eta Ane Button Irujo (senar-emazteak) eta Eusko Ikaskuntzako ordekartza, Eva Nieto eta Iñaki Dorronsoro Lehendakaria asteazken honetan Manuel Irujo Olloren dokumentazio pertsonala Eusko Ikaskuntzara helarazteko ekitaldian.
