Eusko Ikaskuntza Soziolinguistika Klusterraren hausnarketa estrategikoan partaide

Berri korporatiboak

2025/05/21

Eusko Ikaskuntza Soziolinguistika Klusterraren hausnarketa estrategikoan partaide

Euskararen biziberritzeko ikergunearen ‘2025-2028 plan estrategikoa’ definitzeko saioetan parte hartzen ari da, klusterreko Zuzendaritza Batzordeko kide bezala.

2025eko martxoaren 26an egin zen hausnarketa estrategikoaren 1. saio orokorra. Bertan parte hartu genuen 26 erakunde ezberdinetako kideok, besteak beste, Klusterraren Bulego Teknikoko langileak, Zuzendaritza Batzordeko kideak, bazkide diren erakundeetakoak, unibertsitateko ikerlariak eta administrazio publikoko langileak. 

Lehen saio horretan, atzera begiratu bat egin eta Klusterrak 2004tik hona egindako ibilbidearen errepaso kolektiboa egin zen. Lehen ariketarekin mugarri nagusiak nabarmendu ziren eta ikerguneak euskararen biziberritzean egindako ekarpenak gogoratu eta aitortzeko aukera izan genuen. Horretaz gain, Klusterraren xedearen eta ildo estrategikoen inguruan jarduteko aukera izan zen beste ariketa batzuen bitartez.

Hausnarketa estrategikoko bigarren saioa ekainaren 19an izango da; saio irekia izango da eta prozesua borobildu eta bukatzeko aukera izango da.

Euskararen biziberritzeari ekarpena egiteko asmoz eratu zen Soziolinguistika Klusterra 2004an eta hasieratik unibertsitateko ikerlarien eta euskararen aldeko gizarte-eragileen arteko elkarlana bilatu du, ezagutzan oinarritutako hizkuntza-politikak eta esku-hartze estrategiak garatzeko. Eusko Ikaskuntza, 2006az geroztik Soziolinguistika Klusterreko Zuzendaritza Batzordean da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp