Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sarien 2025eko deialdia irudi berrituarekin zabalik da

Sariak

2025/02/13

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sarien 2025eko deialdia irudi berrituarekin zabalik da

Saria 1995ean sortu zenetik 30 edizio gainditu dira eta bi erakundeek zientzia, ikerketa eta sorkuntzarekin duten konpromisoa berretsi nahi izan dute sariaren irudi berriarekin.

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak sarien deialdi berri bat martxan jarri dute, hain zuzen 31. edizioa izango dena. 1995az geroztik, bikaintasuna saritzen da Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan, eta 2019az geroztik, baita gazteek aurkeztutako egonaldi, sorkuntza edo ikerketa proiektuak ere.

Egun, euskal esparruan ospetsuenetakoa den sariak bere irudia berritu du, Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxaren arteko zientziaren, ikerketaren eta sorkuntzaren aldeko konpromiso partekatuaren sinbolo izango den motibo organiko batekin, gure gizartearen etorkizunerako eta garapenerako oinarri gisa.

Bi sari: CV bikaina eta Gazte Saria

Aurten ere Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan nabarmendutako pertsona bat sarituko da. Hautagaitzak norberaren izenean edo unibertsitate, zientzia eta kultura erakundeek aurkez ditzakete. Ebaluazio-epaimahaia Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, LABORAL Kutxako lehendakariak, Euskal Herriko zazpi unibertsitateetako ordezkariek eta Musikeneko zuzendaritzak osatzen dute. 20.000 euroko saria ematen da.

Bestalde, sei edizioren ostean jada egonkortuta dagoen Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariak 35 urtetik beherako gazteek aurkeztutako egonaldi, sorkuntza edo ikerketa proiektu onena aukeratuko du, Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan baita ere. Proposamenen egokitasuna, izaera berritzailea, gaurkotasuna eta etorkizuneko proiekzioa, euskararen erabilera eta genero ikuspegia baloratuko dira. Saria 6.000 eurokoa da.

Bi kasuetan, hautagaitzak onartzeko epea martxoaren 31n amaituko da. Oinarriak Eusko Ikaskuntzaren web orrian ikusgai daude.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp