Berri korporatiboak

2014/04/15

DENOK GAI: partehartzea eta gaien aukeraketa

Datozen urteotan Eusko Ikaskuntzak bere lanaren bidez aztertu eta ikertuko dituen gaiak definitzeko prozesuan parte hartzeko gida.

Martxo eta apirila hasieran ebaluazio, finkatze eta kohesiora bideratutako topaketak egin dira DENOK GAI prozesuaren baitan. Honen helburua, datozen urteotan Eusko Ikaskuntzaren ikerketa jarduera eta gogoetaren arreta hartuko duten gai eta erronka garaikideak definitzea da. Bilera hauen ezaugarri nagusia pluraltasuna izan da parte-hartzaileen espezialitate, adin eta generoari dagokionez, lurraldetasuna, Eusko Ikaskuntzaren bizitzan izandako inplikazio handiago edo txikiagoa eta abar. Honen emaitza irizpide metodologikoak eta lan ildoak hobeto zehaztea izan da, eta lehen hipotesi batzuk aurreratu dira.

Zazpi dira DENOK GAI prozesurako zehaztu diren helburuak egungo fasea ekainean bukatu arteraino:

  1. Eusko Ikaskuntzaren etorkizunerako langaiak identifikatzea
  2. Identifikatutako gaiak lehenestea
  3. Pertsona, erakunde eta agenteak identifikatzea: lan ildoak eta konpromiso mailak
  4. Bazkideen motibazio eta inplikazioa lortzea
  5. Erakunde eta gizarte eragileekin sinergiak sortzea
  6. Komunikaziorako sare arin eta dinamikoa sustatzea eta
  7. Partehartzaileen ekarpenak ikusaraztea.

Helburu hauek betetzeko bazkide, elkarte eta ehun zientifiko-kulturaleko kolektiboak eta norbanakoak deituko dira hiru komunitate politiko-administratiboetan antolatutako bilera irekietara.

Aplikatuko den teknika dinamiko bat erabiliz, gehienez 10-12ko taldeak osatuko dira, dinamizazioa, ideiak biltzeaz eta emaitzen bozeramaile izango den pertsona bat izango dute berekin. Lan mahai bakoitzari Euskal Komunitate Globalarengan eragina duten eta bere ibilbide eta nolakotasunagatik Eusko Ikaskuntza hauek lantzeko egoki irizten den zeharkako gaiak identifikatzeko irizpideak emango zaizkio.

Aurrez, maiatzaren 5etik 20ra, proposamenak on line aurkezteko epea irekita egongo da eta horretarako izendatutako pertsona batek bildu eta koordinatuko ditu.

Lan guzti honetan zehar langaiak zehaztu beharko dira, bai eta hauek garatzeko inplikatutako pertsona-erakundeak ere. Emaitza orokorrak azken bileran lortuko dira eta, bertan, aurreko bi saioetako bozeramaileek parte hartuko dute eta on line jasotako ekarpenen koordinatzaileak ere bai. Emaitzak denbora errealean aurkeztu nahi dira.

Duen garrantziagatik eta asmo handiko erronka denez, Eusko Ikaskuntzak esfortzua egingo du hiru hitzorduetarako asistentzia ahalik eta handiena izan dadin.

Maiatza hasieran xehetasun guztien berri emango da ezohiko buletin baten bidez.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp