Berri korporatiboak

2009/11/09

Beethovenenganako hurbilketa berritzailea Musikeneren orkestra sinfonikoaren eskutik

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuaren eremuan Musikene orkestra sinfonikoak bibolinerako Re maior op. 61. Ludwig van Beethovenen kontzertua eskainiko du Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan azaroaren 18an, 19:30etan.Kongresuko Berrikuntza ardatzaren barruan, orkestra zuzendaririk gabe joko dute eta hainbat pertsonaia historikok bizitza propioa hartuko dute Beethovenengana hurbiltzeko.

Oh, gorrotagarri, temati edo ardigaldutzat hartzen nauzuen gizonak! Zeinen oker zaudeten! Beethovenen hitz horiekin hasiko da Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan parte hartuko duten pertsonentzat eta herritar guztientzat Musikenek egingo duen kontzertua. 50 minutu inguruko iraupena izango du eta Beethovenen bibolinerako Re maior op. 61 obra eskainiko dute. 1806koa da eta bibolinerako idatzi zuen lan bakarra.

Musikeneko ikasleak bibolin eta orkestarako kontzertura eta bere egilearengana era ez ohikoan hurbilduko dira. Musikari eta historia iturriei sor zaizkien errespetua zainduz, sormena eta ezagutza batu dituzte berrikuntzaren bila eta entzuleei musika entzuteko eta ulertzeko era berri bat eskaintzeko. Hainbat sorpresaren artean, esperimentu gisa orkestra zuzendaririk gabe joko dute, 1806an obra hau estreinatu zutenean gertatu zen bezala. Horretaz gainera, hainbat pertsonaia historikok bizitza propioa hartuko dute eta hain gurtua zein eztabaidatua den Beethovenen izaerara hurbilduko gaituzte.

Bestalde, zuzeneko musika edozein eremutan gai kultural eta ludikoa da eta baita ere harreman sozialak bultzatzeko balio du, besteak beste kongresuko partaideen artean solasaldiak sortzeko. Finean, Musikenek erakutsiko dio Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuari Euskadin dagoen goi mailako musika ikastetxe bakarrak egiten duen lanaren emaitza. 2001 urtetik egin duen lan handi eta etengabearen ondorioz Europako abangoardian jarri da, berrikuntzan oinarritutako ibilbidea erabiliz, beti ere tradizioaren onena eta aukera hezitzaile eta artistikorik aurreratuenak bateratuz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp