Berri korporatiboak

2014/02/01

Batzar historikoa

Iñaki Dorronsoro Presidentearen hitzetan, azken Ezohiko Batzar Nagusia "Diktaduraren ondorengo parentesi luzearen ondoren Eusko Ikaskuntza berraktibatzea erabakitzeko egin zen Oñatiko 1978ko iraileko hitzordutik izan dugun hitzordurik garrantzitsuena" izan zen. Bazkideen erantzuna, eskaeraren garrantziaren mailakoa izan zen.

Abenduaren 20ko Ezohiko Batzar Nagusian Eusko Ikaskuntzaren Eredua eta Oinarrizko Egitura izeneko dokumentua onartu zen. Bertan, urtebete luzez, Eusko Ikaskuntzaren barneko zein kanpoko aditu eta gizarte eragileen, guztira ia laurehun pertsona inplikatuta izanik, barne gogoetaren eta eztabaidaren prozesua islatzen da.

22 saio ireki izan ziren lurralde desberdinetan eta bertan zehaztu ziren ardatz izango zen dokumentuaren edukiak. Hiru bertsio egin ziren, hauek 36 ekarpen eta emendakin jaso zituzten era berean, dokumentuak aberasteko. Gainera, Akademia Batzordea eta Sailetatik kanpoko pertsonek osatutako lan talde misto bat sortu zen eta honek eredu berriaren baitako produkzio zientifikoaren inguruko proposamen konkretua egin zuen. Prozesua itxita, zenbait bazkidek azken alegazioak egin zituzten, Batzar Nagusian ezagutzera eman zirenak.

Iñaki Dorronsorok, 2012ko uztailean bera Presidente aukeratu zutenetik, asanblada egunera arte jarraitutako urrats guztiak deskribatu zituen. Erakunde, partidu politiko eta zientzia, gizarte eta kultura munduko ordezkariekin izandako kontaktuen xehetasunak eman zituen, gure eremuko erakunde zientifiko-kulturalen azterketa eta unibertso hau sakontzearekin batera. Eusko Ikaskuntzaren historiaren errepasoa egin zuen, hastapenetatik gaur egunera arte, eta hasierako eredua, "unibertsitate entsegu" batena, bideragarria ez dela ondorioztatu zuen. Atal ekonomikoak bere hizketaldiaren zati garrantzitsua hartu zuen.

Hogei bazkide inguruk hartu zuten hitza beren iritzi, kezka eta iradokizunak jakinarazteko tartean. Sail, koaderno eta argitalpenen etorkizuna, gazteen papera, lurraldeetako bulegoak edo etorkizuneko zientzia jardueraren edukiak izan ziren aipatu ziren gaietako batzuk.

Bozketa momentuan, proiektuaren aldekoak %67 izan ziren, aldiz, %33k kontrako bozka eman zuten. Parte-hartze indizeak 2008 eta 2012koak gainditu zituen, baina 2005eko abendukoaren mailara heltzeko gutxi falta arren, ez zen iritsi.

Presidenteak etapa berrian guztiak inplikatzeko deia egin zuen eta etorkizuneko "bidea elkarrekin egitera" animatu zituen bazkideak, "guztion esfortzu eta dedikazioarekin bakarrik eraikiko baita", azpimarratu zuen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp