Berri korporatiboak

2009/11/11

170 komunikaziok lagunduko diete Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko 9 hitzaldi nagusiei

300 aditu inguru lanean ari dira datorren astean egingo den kongresuaren 9 ardatzetan aurkeztuko dituzten hausnarketa eta ikerketak burutzen. Berrikuntza, Globalizazioa, Gizarte Tentsioa, Gizarte solidarioa, Genero sistema, Justizia, Bizi kalitatea, Guztionari balio handiagoa ematea eta Gizarte memoria dira Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza aztertuko duten ardatzak.

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuak buru belarri ditu profesionalak eta ikerlariak euren lanak kongresularien aurrean aurkezteko eta eurekin ezagutza konpartitzeko eta berrikuntzak bilatzeko gizarte aurrerapen iraunkorra lortzeko.

9 hitzaldi nagusiei 170 komunikaziok lagunduko diete 33 saio, tailer eta mahaingurutan banatuta. Horietan 250 pertsona inguruk hartu du parte. Estatutik etorritako lagunak dira, hala nola, Murtziatik, Cataluñatik, Valentziatik, Andaluziatik eta Galiziatik. Atzerritik ere badatoz partaideak, hain zuzen, Frantziatik, Ekuadorretik, Kolonbiatik, Brasildik, Mexikotik, Txiletik eta Argentinatik. Guztiak koordinatzeko eta saioetako kalitatea bermatzeko beste 60 pertsona daude lanean.

Azaroaren 19an egingo den world kaferako parte hartzea zabalik dago eta horretarako 50 lagun inguruk eskatu du bertan egotea, kongresuan bertan animatuko direnekin. Ekintza guztien artean nabarmendu behar da kongresuko lehen egunean, azaroaren 18an Auñamendi Euskal Entziklopedia aurkeztuko dutela, Eusko Ikaskuntzak abian duen proiektu enblematikoetako bat. Kongresuko ardatzen inguruko beste 15 liburu ere aurkeztuko dira, ikusentzunezkoak ikus daitezkeen bitartean. Ezin dugu ahaztu 16 lan aurkeztu direla Guztionari balio handiagoa ematea ardatzaren barruko "Hiriko Zatiak" argazki lehiaketara eta guztiak egongo direla ikusgai.

Gazteek ere zeresan handia izango dute Gazte Foroan, Eusko Ikaskuntzaren eremuko unibertsitateetako ikasleentzako bereziki gertatutako kongresu paraleloan. Guztira 315 ikaslek bilatuko dute euren lanekin eta besteek egingo duten hausnarketekin berrikuntza, gizarte aurrerapen iraunkorra lortzeko. 60 talde osatu dute guztira eta 22 dira koordinatzen eta gidatzen ari diren irakasleak.

Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresua azaroaren 18an, 19an eta 20an egingo da Gasteizko Kongreso eta Erakusketen Europa Jauregian.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp