Urteko galdera

Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal / Tolosako Herrikide ikastetxeko bizikidetza arduradunak

12/23/2020

Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal / Tolosako Herrikide ikastetxeko bizikidetza arduradunak

Aspaldion maiz irakurri eta entzun ditugu egungo mundua definitzeko hain ezagun egin den VUCA akronimoa, hots, aldakorra, zalantzazkoa, konplexua eta anbiguoa dela. Zer esanik ez pandemia garaia bizitzea egokitu zaigun honetan.

Horrez gain, egungo Euskal Herriko gizarteak ez dauka estatu propiorik eta bi estaturen menpe bizi da. Markorik egokiena ez bada ere, hezkuntza sistema propioa garatzeko ardura eta erantzukizuna daukagu, pertsona erdigunean jarri eta osotasunean hezteko ardura eta erantzukizuna, alegia. Eta helburu hori lor daitekeela sinetsita gaude.

Ezertan hasi aurretik, ze pertsona mota hezi nahi dugun aztertu behar dugu. Hiru hitzetan laburbiltzekotan, pertsona autonomo, konprometitu eta sortzailea esango genuke guk. Ordenagailu, internet eta big data garai honetan gizakiak propio dituen kualitateak eta adimen artifizialak ordezkatu ezin izango dituen ezaugarriak lehenetsi behar ditugu pertsona are gizatiarrago izan eta denon artean gizarte hobea eraiki dezagun.

XXI. mendeko hezkuntzak, zein helburu lehenetsi beharko lituzkeen erantzuteko oraintxe hiru urte SM argitaletxean Begoña Ibarrolarekin elkarlanean argitaratu genuen "Inteligencias Múltiples. De la teoría a la práctica escolar inclusiva" liburuko azken ondorioetan aipatzen genituen hainbat ideia errekuperatuko ditugu:

  • Curriculum-ean egungo eta etorkizuneko bizitzarako hain lagungarri diren konpetentzia eta abilezia sozioemozionalak txertatzea era sistematiko eta sekuentziatuan landu ahal izateko.
  • Ikasle bakoitzaren autoezagutza bultzatzea, indarguneak identifikatu eta horietatik abiatzea pertsonaren alderdi guztien garapen osoa erdiesteko norbere muga eta zailtasunak ukatu gabe.
  • Ikaslea ahalduntzea bere autonomia eta erantzukidetasuna sustatuz.
  •  Ikasleei emozio eta gatazkak era egokian kudeatzeko eta erabakiak hartzeko estrategiak eskaintzea, betiere balore etikoekin bat datozen estrategiak.
  • Esparru sozial eta solidarioa lehenestea Ikaskuntza eta Zerbitzua bezalako metodologien bidez lan kooperatiboa eta konpromisoa sustatuz.
  • Jakinmina eta ikasteko interesa pizten lagunduko duten metodologia eta teknologiak erabiltzea.
  • Akatsa ikaskuntza prozesuaren ezinbesteko ataltzat hartzea eta ahal den guztietan umorea martxan jartzea izan ditzakegun porrotak desdramatizatu eta erlatibizatzearren.
  • Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu konplexu honetan ebaluazio autentikoaren alde lan egitea, hots, hezten laguntzen duena, garapen pertsonal eta kolektiboa ebaluatzea oinarri duena.
  • Familiekin elkarlan estuan aritzea derrigorrezkoa baita hezte prozesuan eskolako profesional zein familien parte hartzea.
  • Hezkuntza kalitatezkoa izan dadin lan eskerga eskatzen du. Hori horrela, ezinbestekoa da hezkuntza komunitate osoa eta eskolatik haratago dauden beste gizarte eragile eta erakunde ugari lan honetan inplikatzea.
  • ...

Hezitzaileok ideia, esaldi eta aldarri hauek edo antzekoak behin eta berriz entzuten ditugu hitzaldi eta formazio saioetan, edo irakurtzen ditugu gaiari buruzko liburu eta artikuluetan. Berrikuntza bezala aurkezten zaizkigu nahiz eta gehienak ez diren hain berriak ere izaten. Berri bezala har daitekeena da ideia hauek hezkuntzan zenbateraino ari diren zabaltzen.

Hezkuntza kalitatea hobetzeko pozgarria izan daitekeen kontua ilundu egiten da hezkuntza eragileon artean sortzen diren hainbat eta hainbat hika-mika medio.

Ezin ukatu azken urteotan eztabaida profesional sutsuak sortzen ari direla hezkuntza munduan. Eztabaida profesionala garrantzitsua ez ezik, beharrezkoa ere bada XXI. menderako egokia den hezkuntza plana diseinatuko badugu. Penatzen gaituena zera da, eztabaida honen nondik norakoak.

Izan ere, ez dirudi hezitzaileok ikasleentzako nahi ditugun konpetentzia horietan oso trebatuta gaudenik, zoritxarrez. Maiz hezkuntzaren inguruko hausnarketa baino gehiago izaten da halako alderdi politiko edo sozialak botatzen dituen esaldi enkapsulatuak errepikatzea, ia batere iritzi propio edo kritikorik sumatzen ez den diskurtso prefabrikatua.

Gainera, aurrez aurre dauden lubakietan kokatzen gara eduki eta konpetentziez hitz egiterakoan adibidez. “Konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza jorratu behar denez, edukiak ez dute garrantzirik” bezalako esaldi biribilak botatzen ditugu konpetentziak eta edukiak elkarren kontrako kontzeptuak bailiran. Honelako eztabaida artifizial bezain antzuek betetzen dituzte gai honi buruzko liburu, artikulu eta, hitzaldi ugari. Ezer gutxi eraiki daiteke lubaki horietatik.

Eta zer esan pertsonen arteko konpetentziei begiratzen badiegu? Hitzetik hortzera dabiltzagu entzute aktiboa, enpatia, asertibitate edo komunikazio ez bortitza bezalako hitz ponposoak. Ikasleak konpetentzia horietan trebatu behar ditugu beste behin ere. Eta guk, hezkuntza eragileok zer nolako maila ari gara erakusten? Konpetentzia horiek ebaluatuko balizkigute ze “nota” jasoko genuke? Asko edo gehiegi hitz egiten dugulakoan gaude, gure betebeharra desberdin pentsatu edo sentitzen duena komentzitzea balitz bezala. Oso oso gutxitan izaten dugu benetan entzuteko jarrera, belarria ez ezik zentzumen eta gorputz osoa funtzio horretara jarrita, aurreiritzi eta sineskeriak alde batera utzita. Eta asko hitz egiten dugula esan dugun arren, gure esaldi asko ez dira ni-mezuen adibiderik egokienak. Beste behin ere ikasleei erakusten diegu gatazkak konpontzeko ni-mezuak erabiltzearen garrantzia honelako zerbait esanez: “lehendabizi emozioa edo sentimendua adierazi eta ondoren zerk sortarazi dizun emozio hori”. Izan ere, badakigu horrela hitz eginez gero, aukera gutxiago dagoela beste pertsonak erasotzat hartzea esandakoa, ez duela berehala jarrera defentsiboa izango, entzute aktiboa eta egiazko ulermenerako eta enpatiarako prestatuago egongo dela. Eskolako “adostokietan” edo bitartekaritza zerbitzuetan komunikazio teknika hauek lantzen ditugu bai baitakigu aldeentzat baliagarriak diren konponbide eta adostasunetara iristeko aukera handiagoa izango dutela. Baita adostutako akordioa betetzeko probabilitatea ere askoz handiagoa dela gatazka izan dutenak prozesu hau betetzen dutenean.

Eta hezitzaileok, helduok orokorrean, honela jokatzen al dugu desberdin pentsatzen duenaren aurrean? edo epaitu, kritikatu eta kontrako lubakian kokatzen dugu? Desberdintasuna, etorkina, kulturartekotasuna edo hizkuntz aniztasuna aberastasun seinale direla esaten eta dokumentuetan idazten ohituta gaude. Ideia horrekin bat al dator gure eguneroko jokabidea? Elkar ulertzen saiatu al gara aurten bertan planteatu diguten galderaz dihardugunean, XXI. mendeko Euskal Herriak , nolako hezkuntza sistema behar duen, alegia.

Bada, ikasleentzako nahi ditugun konpetentziak guk geuk garatu behar ditugu lehendabizi eta gure eguneroko bizitzan aplikatu, baita hezkuntzari buruzko eztabaida sozial zein profesionalean. Guk geuk menderatzen ez ditugun konpetentziak ezin izango dizkiegu gure ikasleei erakutsi egiten dugun hori jasoko baitute eta ez esaten edo idazten dugun hori, guk ere horixe bera egin baitugu gure ikaskuntza prozesuan edo beste era batera esanda, garena garatzeko prozesuan.

Bada, zorionez, berri on bat gai honetan: konpetentzia hauek ikasi, garatu eta bizitzeko garaiz gabiltza edozein adinetan ikasteko modukoak baitira. Has gaitezen XXI. menderako nahi dugun hezkuntza sistema denon artean eraikitzen , elkarri entzunez, elkarrengandik ikasiz, elkarren artean adostuz, elkarlanean, norberak duena adieraziz eta partekatuz. Hau guztia posible da. Lehenago ere ezinezkoak ziruditen kontu asko atera izan ditugu aurrera garaian garaiko egoerari erantzuteko tresnak sortu eta abian jarriz. Euskeraren gainbehera eten eta gorako bidean jartzeko hizkuntza ereduak, hezkuntza sareak eta itunak, curriculum propiorako Heziberri 2020... esaterako. Tresna horiek ez dira jada baliagarriak garai honetarako eta berriz ere sormena martxan jarri beharra daukagu. Erakuts dezagun markorik egokienetik ez abiatu arren (estaturik gabeko herria, hizkuntzari begiratuta egoera diglosikoa, hezkuntza sare desberdinetan zaitituta ...) Euskal Herrirako egokia den hezkuntza sistema propio eta kalitatezkoa eraiki dezakegula.

Horretarako:

  • Urratsez urrats, txikitik handira, umiltasunez, baina aldi berean irmotasunez.
  • Ikastetxe bakoitzari, bere testuingurua inork baino hobeto ezagutzen duenez, hezkuntza proeiktua garatzeko egiazko autonomia emanez, hausnarketa, eztabaida eta planifikazioa sustatuz.
  • Planifikaziotik hurrengo fasera salto eginez: ekintza-hausnarketa-ekintza ereduari jarraituz.
  • Ebaluazio autentikoa edo hezigarria martxan jarriz hezkuntza esparru guztiak ebaluatuz eta doiketak eginez sistema hobetze aldera.
  • Aurreko guztiarekin bat datorren lidergo eredu hezigarri eta gizatiarraren bidez, pertsona erdigunean hartzen duen lidergoa alegia.
  • Eskolan lan egiten dugun hezitzaile eta langileen, familien, ikasleen eta gizarteko eragile guztion parte hartzea eta kooperazioa sustatuz komunitate osoa behar baita haurra, pertsona hezteko.

Hori guztia praktikan jartzen hasten bagara inklusiorako bidean sartuta izango gara; ametsa eraikitzen joateko oinarririk egokiena.


Eusko Jaurlaritza

Share:
Facebook Twitter Whatsapp

OTHER ANSWERS IN 2020