Paula Kasares eta Xan Aire. Soziolinguista eta Seaskako Hizkuntza Proiektuaren koordinatzailea: Sinergiak gauzatzen direnean hizkuntza garatzeko aukera gehiago ematen dira

2017-12-06

EUSKO IKASKUNTZA

Euskararen garapena eragiten duten zer nolako ekimen nabarmenduko zenuke?

Paula Kasares (P.K.): Euskararen garapenari zer ekimenek eragin dion? Euskararen, hizkuntzaren edo kodearen garapenari, zalantzarik gabe ekimenak, ezinbestekoak eta funtsezkoak izan ditugu azkeneko bost hamarraldietan, euskara batua bera hedatu zenetik. Hizkuntza bat, ez zegoena estandarizatua, ez zegoena nolabait gauzatuta, kode estandar eta bakarra gabe. Hura egin da gaitu, ez bakarrik gaur eguneko zeregin arruntetarako, baizik eta, gaur ernamuintzen ari den kultura digitalean ere, erabili ahal izateko, terminologia aldetik, lexikografian,... Hau da, bost hamarkadetan ia eskuizkribuetatik, ia hilarrietatik —hortik ere pasatu ginen—, baina era bat paperari loturiko edo lotura eskaseko edo gutiko hizkuntza izatetik, erabat zeregin arruntetarako gai den hizkuntza bat izatera.

Baina agian, interesgarriagoa da oraindik ere pentsatzea, zein ekimenek eragiten dioten euskarak adierazpide duen herriari edo hiztun erkidegoari. Eta horietan ere, zalantzarik gabe, aunitz aipa litezke, irakaskuntzari loturikoak hasiera batean, gero horien nolabait instituzionalizatze prozesua unibertsalizatu da, eta gaur egun ez da hain nabarmena ekintzailetza hori, baina oraindik ere bada, erabilerari loturiko ekimenak. Agian, aipatu behar da bereziki interesgarriak direla, ez bakarrik herri ekimen horiek, hainbat arlotan hizkuntza garatzea eta erabilera soziala bultzatzea helburu dutenak, baizik eta, horiek noiz ezkontzen diren erakunde publikoen babesarekin, edo noiz den hori posible. Noiz sinergia horiek gauza daitezkeen, zeren orduan, hizkuntzarako bada nolabait garatzeko aukera gehiago.

Aipatu behar da alde horretatik, euskararen lurraldeetako erakunde publikoen lankidetza hitzarmena sinatu zela joan den uztailean. Lehendabiziko aldia bada, elkarlan esparru bat hizkuntza politika bateratu edo koordinatua egin ahal izateko eta hori ez dugu gaurdaino ezagutu, eta nik uste dut hori ere badela ekimen bat aski aipagarria.

Xan Aire (X.A.): Nik botean hartuko dut, erabilpena aipatu baituzu, erabilpen soziala, ekimen bat zinez azpimarratzekotan eginen nuke BAM ekimena. BAM ekimena, Baiona-Angelu-Miarritzen garatzen ari garen “Ahobizi belarriprest” dinamika da. Ez da berez asmakuntza bat, baina ezagutzen ari den ibilbideagatik eta ezagutzen ari den arrakastagatik, hori azpimarratuko nuke. Aski ikusgarria izan da, nola herritarrak lotzeko gaitasuna ukan duen horrelako dinamika batek, eta beraz, antolatu gira herritarrak bai komunikazio aldetik, bai prestakuntza aldetik, karrikara jaisteko euskara gehiago erabiliz.

Beste aldetik, azpimarratuko nuke arrakasta, erran baita, badirela 15 milako bat aukera euskara erabiltzeko Baiona-Angelu-Miarritzen, batetik hiztun aktiboak eta hiztun pasiboak kontutan hartzen badira. Guk kontutan hartu nahi ginuen 421 jenderekin honelako nukleo bat osatu, karrikara jaisteko, eta barra hori aski errazki gainditu da. Izena emateko epea amaitu baino lehen 600etik gora ziren eta segitzen zuen oraindik jendeak izena emaiten. Beraz, bada zerbait mugitzen ari dena, eta uste dut erabilpenaren paradigma horren gosez dela jendea.

Xan Aire eta Paula Kasares

“BAM ekimena, Baiona-Angelu-Miarritzen garatzen ari garen “Ahobizi belarriprest” dinamika da. Aski ikusgarria izan da, nola herritarrak lotzeko gaitasuna ukan duen horrelako dinamika batek, karrikara jaisteko euskara gehiago erabiliz”.

Ekimen hauek nola laguntzen dute euskal komunitatearen garapenean?

X.A.: “Ahobizi belarriprest” horrelako dinamika batek jadanik baduela gauza baikor bat uste dut, eta jende heldua lanean jartzea litzateke, horrelako aktibismo sinple batean. Behingoan, ez ditugu gure asmo eta esperantza guztiak haur eta gazteengan emaiten, eta uste dut hori dela gauza biziki inportantea, bai orainari begira eta geroari begira ere bai. Hala ere, zehatzago mintzatzeko, bada hor martxan ezartzen den identifikazioa lan bat; identifikazio lan bat pertsonei buruz, identifikazioa lan bat geografikoki eta behar bada, denboran ere, progresiboki gauzak irabazteko izpiritu, zerbait biziki interesgarria dena.

Orokorkiago mintzatzeko, bada hor halako aktibazio bat, erran nezake, halako eskaner soziolinguistiko bat, biziki hurbilekoa, biziki egingarria, aktibatzen dela egunerokotasunari eta zure ohiko espazioari hizkuntzaren ikuspegi horretatik begiratzeko. Behar bada, hori genuen eskas orain arte, funtzio linguistiko batzuk eta sozial batzuk irabazteko.

Bada gero, nabarmen gauza bat, alde batetik, baloratzen dela erabilpen sozialaren alor hori, “Ahobizi” figurarekin, eta bada beste gauza bat, orain artio behar bada ez duguna kausitu, eta da zein inportantea den euskara ulertzea. Euskara ulertzea, alde batetik, jende hiztun aktiboak biderka ditzan bere erabilpen esparruak, eta horretan da “Belarriprest”aren figura, kasik luxu bat, erabilpenari bertze garapen bat emaiteko.

P.K.: Ados naiz gizarte erabilera dela hizkuntza baten bizitasunerako termometroa nolabait, eta guk horretan dugu erronka. Euskara behar da eguneroko bizitzarako erabilgarri, tresna egokia, eta hortaz eguneroko erabileran egon behar du, egon behar du biziko bada. Hizkuntzaren iraupena horri loturik dago eta kokatu behar du erabilpenaren garrantzia gure hizkuntzaren egoeran, hau da, euskaldun komunitatea osatzen duten hiztunek, hizkuntza bat baina gehiago dakite, euskaraz gain bertze hizkuntza bat edo batzuk dakizkite. Eleaniztasun orokortu —euskaldun jendearen artean—, kontestu horretan kokatu behar dugu erabilera, beraz, autu bat dago atzean. Eta autu hori gertatuko da baldin eta adierazpide tresna hori baliagarria baldin bazait dudan behar komunikatibo horretarako. Alde horretatik, jakin badakigu, ezin dugula lehiatu aunitz adierazpide zabalagoak, erakarmen handiagokoak, edo handiagoak diren bertze hizkuntza batzuekin, baina jakin behar dugu ongi probesten euskarak duen balio erantsi hori, euskarak bakarrik duena.

Kulturgintza izan daiteke horretarako esparru arront interesgarria, ekimen funtsezkoa: musika, literatura, artea, oro har. Adibide bat paratzearren, bertsolaritza dugu arront adibide polita, euskaraz baizik bizi ez daitekeena. Bertze hizkuntza batzuetan ezin duzu hori bizi, bertze gauza batzuk biziko dituzu baina ez hori. Jakin izan dugu adierazpide hori, bertsolaritza, egokitzen gaur egungo giro hiritartura eta gaztera. Heldu zen nekazal giro batetik, agian adineko jendeari lotzen zen, kultur adierazpide izatetik eta gaur egun erabat irauli da hori, eta nik hori adibide paradigmatikotzat patuko nuke.
 

Xan Aire eta Paula Kasares

“Batetik, baloratzen da erabilpen sozialaren alor hori, “Ahobizi” figurarekin, eta bada beste gauza bat, orain artio behar bada ez duguna kausitu, eta da zein inportantea den euskara ulertzea. Euskara ulertzea, alde batetik, jende hiztun aktiboak biderka ditzan bere erabilpen esparruak, eta horretan da “Belarriprest”aren figura”.

Zeintzuk dira ekimen horrek bilatzen dituen ametsak? (etorkizuneko ametsak edo nahiak) Zuk, nola ikusten duzu etorkizuna?

P.K.: Historikoki euskaren aldeko aktibismoak edo herri mugimenduak edo gizarte ekimenak, bilatu du euskarak irautea, bizitzea, euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea. Aztertzen hasten bazara zein izan diren premiak, oso bizi irauteari loturikoak dira. Bertze hizkuntza batzuen aldeko ekimenak oso hegemonikoak dira, oso hedatzaileak edo espantsionistak. Hierarkia bati eustea bilatzen dute eta nagusitzea besteen aitzinean. Erabat handinahiak izan dira eta gureak ez. Ez dut ikusten ametsak, nolabait, bizitzetik haratago eramango ditugunik, ez da guti, ez da guti hizkuntza gutxituen esparruan.

Orain, galderaren beste zatiari helduz, hau da, nola ikusten dudan etorkizuna? Erran behar da etorkizuna ikusten dudala itzal-argiz. Euskara bertze hizkuntza gutxiagotuen aldean ez da egoera makalean, azken bost hamarraldi hauetan aunitz gauza aldatu dira eta hobetu dira. Gizarte berreskuratze prozesuan gabiltza, mantso, hutsuneekin,... baina gabiltza. Hartzen baduzu adibidez Frantzian bretoiera, okzitaniera,... zein egoeran dauden, euskarak sendoagoa dirudi parametro batzuen aurrean. Baina aldiz, gure egoerarik hoberenak ere, gure herri euskaldunen egoera ere, ikusten hasten zara zein egoera hauskorra izan daitekeen. Normalean herri ttikiak dira eta hor euskarak badu nolabait gizarte hegemonia bat, komunikatiboa, bizilagunen, gizarte komunikazio sareetan da jabe. Baina hori zein hauskor izan daitekeen, baldin eta herri txiki batetan, adibidez, auzo bat egiten badute eta 200 familia etortzen baldin badira kanpotik. Beraz, nik ikusten dut jauzi kualitatibo bat egin behar dela etorkizunera begira eta erabilera sozialei loturik.

X.A.: Eta horri loturik, egia da BAM ekimenak duen gune geografikoa ez dela batere erreza, baina hala ere apustua egin da hortik hasteko. Baiona-Angelu-Miarritze erdaldun aunitz bada, Frantziatik leku horretara bizitzera urte guztiz aunitz jende heldu da, eta horretarako uste dut orain behar dugula hasi euskaldunen komunitate horren erdigunea osatzen. Inportantea izanen baita euskara ikusgarria egitea eta molde iraunkorrean ere bai. Horretarako dira, “Ahobizi belarriprest” bezalako dinamika batekin eraiki ditugun gotorleku baikor horiek: izan ikastola, gau eskola, gure hedabideak edo mintza praktika bezalako gune horiek. Baina, orain uste dut jendeak nahi duela hori baino zerbait gehiago, nahi duela gotorleku horietatik plazara jaitsi eta karrikara joan, natural, ahal bezain normal euskara erabiliz.

Hor bada lanketa biziki interesgarri bat egiteko eta uste dut pasatzen dela desakralizazio fase batetik. Uste dut tenorea gina dela orain euskararen erabilpena desakralizatzeko, eta hori pasatzen da jendea sentsibilizatzetik. Horrelako imajinario komun bat ukan dezagun euskaldun eta erdaldunen artean, eleanitza erran duzu, baina elkar bizitza bat hizkuntza minorizatuen erabilpena kontutan hartuko duena. Eta desakralizazio fase horrek, nik uste, pasatu behar duela TELP bezalako tresna batzuk ere desakralizatzetik. Kultura bat eman, kultura soziolinguistiko bat eman herritarrei, politikariei, enpresariei,... Egin dezatela urrats hori molde iraunkorrean, euskararen erabilpenaren aldeko urrats hori molde iraunkorrean, eta batez ere azpimarra genezake inportantea izanen dela hor ametsa, egia da, baina ibilbidea ere.

Hor ikusten dugu BAMen nola partekatzen ari giren gure lorpenak, gure nekeziak, gure porrotak ere bai, baina partekatzen ditugu eta entsatzen gera denak elkarrekin inteligentzia kolektibo horretan gauzak aitzinaraztera. Hori bada biziki inportatea, jakinez gainera BAM dela zinez belaunaldi baten ekarpena, gure belaunaldiaz ari naiz 25-40 urte arteko belaunaldi horrek, euskaltzale horrek, bazuela zerbait ekartzearen beharra, segida bat emaiteko eta uste dut ongi etorriak izan girela euskalgintzan horrelako urrats batekin.

Xan Aire eta Paula Kasares

“Nik ikusten dut jauzi kualitatibo bat egin behar dela etorkizunera begira eta erabilera sozialei loturik”.

Ekimen hauek bizkortuz gero, zertan eragin dezake? Zein izan daiteke bere eragin-ahalmena? Zein 'palankak' aktibatuko lituzkete?

X.A.: Badakit euskaltzaleen topaguneak baduela “Ahobizi belarriprest” dinamika hori koskortzeko xedea. 2018 urte hondarrean, hamaika egunez eginen da horrelako ekitaldi bat Euskal Herriko txoko desberdinetan, denek batera eginen dugu “Ahobizi belarriprest”aren inguruko dinamika hori. Uste dut, hor badugula aukera ekimen bateratu hori hartzeko Korrikak emaiten al daukun ilusio berdinarekin. Bada halako ardura bat hartzea, baina ardura ilusionagarria, gauza herrikoi bat eta herritarren esku izaiten al dena, nahiz eta erran duzun bezala erakundeek baduten hori babesteko eskumena. Uste dut, biziki inportantea dela herritarrek ukan dezatela horren esku, izan daitezela horren muinean, erabilpena karrikan irabaziko baita. Erabilpena irabaziko baita plazan eta irabaziko da azkenean oreka bat. Eta hori da interesgarria, eta uste dut hartu behar dela hori halako harrotasun martxa sano bat bezala. Aukera dugula orai artio, gure baitan isildu ditugun zati horiek adierazteko karrikan eta hori pasatzen dela sinpleki “egun on” bat ahal bezain normal erranez gaurko gizartean. Gizartera joan gaitezen eta konekta gaitezen gizartera euskaraz “egun on” sinple horrekin eta hortik has gaitezen delako imajinario komun hori eraikitzen.

P.K.: Erabilera aktibatu nahi delarik, hizkuntza portaerak aldatzeaz ari gara. Hizkuntza portaerak erroturik egoten dira pertsonen arteko harremanetan, harreman ohituretan. Hizkuntza aztura horien aldaketan eraginkorrak izanen dira, kanpaina huts bat, egitasmo tipi bat, mugatzen ez den lan ildo jarraikor eta luzeak planteatzen baldin badira. Nolabait gainditu epe motzeko ekimen horiek eta planteatu lana, hiztun komunitate gisa dugun erronka horri erantzuteko lanak edo programak bertze modu batez. Baina aipatu dudan nire irudikoz, dugun erronka jauzi kualitatibo bat emateko gizarte erabilerari loturik, pentsatu behar dugu, nolabait lan ildo jarraikor horren bidez etor daitezkeela. Ados naiz aunitz aldiz hizkuntza kontuetan, 0 edo 100 moldetan pentsatzera ohituta gaude, eta aldiz, hizkuntza erabilera, mugatua, pittaka-pittakakoa,... izan daitezke horiek urrats interesgarriak. Azken batean, euskarak egunerokoan presentzia toki handiagoa izateko.
 

Xan Aire eta Paula Kasares

“Hizkuntza aztura horien aldaketan eraginkorrak izanen dira, kanpaina huts bat, egitasmo tipi bat, mugatzen ez den lan ildo jarraikor eta luzeak planteatzen baldin badira”.

Eusko Ikaskuntzaren e5 proiektuak, nola lagundu dezake? Proiektu honetatik, zer nabarmenduko zenuke?

X.A.: e5 interesgarria da. Orai artio bereziki azpimarratu dugu “Ahobizi belarriprest”, Euskaraldiaren baitan dagoen ekimen hori, eta ekimen hori —Maialen Lujanbioren hiztegira joaten bagara— aplikazio bat da, eta kontziente izan behar dugu hori “aplikazio” bat dela, “sistema eragile” baten “aplikazioa”. Uste dut e5ak “sistema eragilea” duela galdekatzen. Metaforekin geldituko naiz eta “sistema eragilea” erraiten dutalarik zer erraiten dut, euskalgintza. Euskalgintzari behar zaizkio galderak pausatu gaurko egunean, galderak pausarazi, zertan ote giren, galdekatu ea euskalgintzak gaurko egunean eta gaurko gizartean autoritate egiten duen. Enetako autoritate egitea ez du erran nahi beti zaunkaka hartzea, baizik eta ea gogoetatzea untsa antolatuak ote giren jadanik; gure arteko egiturek funtzionatzen ote duten; ea elkarren osagarri ote diren sistema eragile eraginkor bat konektatzeko euskal gizartean eta ea eragiten dugun herritar xumeetatik goi mailako ikerle eta polikariengana ere iristen ote giren. Uste dut garai ona dela e5ek EAEko euskalgintza bereziki galdekatu dezan, mintegi batzuren inguruan biltzeko jendea, aktoreak. Elkarren artean galderak pausa ditzatela sanoki, parez par, eta behin galdera pertinenteak pausatuta, elkarrekin aurki ditzagun erantzunak etorkizunari begira.

P.K.: Nik guztiz egoki ikusten dut hausnarketarako, iritzi trukerako guneak eta aukerak eta euskararen etorkizuneko eszenatokiak asmatzeko eta horretaz mintzatzeko gunea da azken batean e5. Lehenago erran dut, euskararen aldeko aktibismoak, herri ekimenak edo gizarte mugimenduak, historikoki bilatu duena izan da hizkuntza irautea eta normal erabili izatea. Baina pentsatu beharra dugu, hori arront normala izanda ere, duela bortz hamarraldi edo ez hainbeste denbora, erabat pentsaezina zela. Pentsatzea haurrek eskolan euskaraz ikas zezaketela gauza bat erabat berria zen eta hainbat familiendako pentsaezin, nahiz eta bertze familia batzuek horren alde borrokatu , horren aukera egin... Erran nahi dut, ametsak izan dira, nahiz eta amets horiek gero behin gauzatzen direlarik, oso gauza egunerokoak izan. Baina horretarako hausnarketa, iritzi trukea, amets kolektibo hori egin ahal izatea, iruditzen zait izan daitekeela aurrera egiteko oso bide emankorra. Gainera, aunitz aldiz egunerokoan, bakoitza bere lurraldean, bakoitza bere arloan ibiltzen gara eta nolabait errealitatea den puzzle hori osatu ahal izateko, ikuspegi eta behar guztiak kontutan hartuta, horrelako iritzi truke guneak ezin bertzekoak dira.

Xan Aire eta Paula Kasares

Xan Aire eta Paula Kasares..

Paula Kasares (Iruñea) 

Soziolinguistikan doktorea, Euskal Filologian nahiz Gizarte eta Kultura Antropologian gradu eta graduondoko ikasketak egina.

1994tik Nafarroako toki administrazioan euskara teknikari lanetan luze aritua. 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Egun Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria eta NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle elkartua.

Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. Komunikazio eta hitzaldi anitz eman ditu biltzar-mintegietan, Euskal Herrian nahiz atzerrian, batik bat euskararen transmisioaren, elebitasun goiztiarraren eta haurren hizkuntza sozializazioaren gainean.

2006tik euskaltzain urgazlea da.



Xan Aire (Urepele, Baxenabarre) 

Seaskako Hizkuntza Proiektuaren koordinatzailea ofizioz.

Soziolinguistika-dibulgatzaile amateurra Euskaltzaleen Topagunearen eskutik, batez ere tailer desberdinen bidez, euskaraz zein frantsesez, Ipar Euskal Herrian (gaztetxoekin, gurasoekin, irakasleekin, animatzaileekin, euskara ikasleekin, agente publikoekin, hautetsiekin, herritarrekin...).

Aldudeko ibarreko Adur euskara elkartekidea; Garabide hizkuntza-kooperazio elkartean laguntzaile; BAM dinamikan laguntzaile.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Asier Santas Torres eta Luis Bilbao Larrondo. Arkitektoa eta hirigilea eta Arkitektoa eta hirigintzaren historialaria: 50eko hamarkadan eraikitzen hasi zen nazioarteko Bilbo haren jarraipena da Guggenheim

 

Irakurri

Mertxe Larrañaga eta Yolanda Jubeto. Ekonomian doktoreak: Sistema honek ez luke funtzionatuko ezkutuan dauden hainbat lanik gabe

 

Irakurri

José Luis Larrea eta Aránzazu Ibarrola. Ikerketan eta berrikuntzan adituak: Berrikuntza, izatekotan, soziala da, edo ez da berrikuntza; alabaina, hainbat adierazpide ditu

 

Irakurri

Mayte Sancho eta José Félix Martí Massó. Matia Instituto Gerontológicoko zuzendari zientifikoa eta Neurologoa eta ikertzailea: Gure gizartearen arrakasta da hainbeste jende luzaro bizitzea

 

Irakurri

Mikel Zurbano eta Zelai Nikolas. Ekonomian doktorea eta legelaria: Lurraldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoa da proiektu bat adostea

 

Irakurri