Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta
Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta proiektua 2023 eta 2024 urteetan garatu da, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak urtero sinatzen duten hitzarmenaren baitan kokatuta. Metodologia mistoko (kualitatiboa eta kuantitatiboa) ikerketa honen xedea da, Nafarroako euskararen sustapenari eta Foru Komunitateko bi hizkuntza propioen kudeaketari begira, herritarren artean erresonantzia sozial zabala lortzen duten elementu diskurtsiboak identifikatzea.
sarrera
Nafarroan, bi hizkuntza propio izanik (gaztelania gehiengoan eta euskara gutxiengoan), euskararen babesaren eta sustapenaren inguruan, adostasunekin batera, desadostasunak ere gertatu ohi dira aspaldidanik Nafarroako eragile linguistiko eta soziopolitikoen artean; eta, beste maila batean, herritarren artean ere jarrera desberdinak agertzen dira. Normalean, estilo bateko zein besteko hizkuntza-politiken inguruan elkarrizketa maila txikia gertatzen da hizkuntza-politika horien eragina (positiboa, neutroa zein negatiboa) jasotzen duten talde sozialen artean: euskal hiztunak, gaztelaniazko hiztunak, administrazio publikoak, elkarte zibilak, hezkuntza arloko aktoreak, langileen ordezkariak, ordezkari politikoak, eragile sozialak, ikerlariak, gizarte osoa.
hasierako gogoetak
Ikerketa honen abiapuntuko ikuspegia da gizarte batean hizkuntza aniztasuna gertatzea ez dela gatazkaren sinonimoa izan behar, maiz inplizituki ulertzen den bezala, baizik eta aberastasun sozialaren iturria, hiztun talde desberdinek partekatzen dutena bilatu eta kudeaketa egokia egiten bada.
Hori guztia kontuan hartuta, honelako gaiak sortzen dira:
- Badaude nafar gizartean euskararen inguruan erresonantzia lortzen duten elementu diskurtsiboak, euskararen sustapena eta herritar guztien segurtasun linguistikoa ahalbidetuko lituzketenak?
- Baldin baleude, zein lirateke haien osagaiak?
- Zein dira erresonantzia soziala lortzen duten euskararen sustapenari buruzko elementu diskurtsibo nagusiak?
- Zein da diskurtso edo elementu horien banaketa soziala?: Hizkuntza taldeen arabera; adin taldeen arabera; jeneroen arabera; eremu soziolinguistikoen arabera.
- Badaude erresonantzia sozial nahikorik lortzen ez duten diskurtso linguistikoak? Zein dira nagusiak?
helburuak
Proiektuaren helburu nagusia da euskara sustatzeari buruz nafarren artean erresonantzia soziala lortzen duten eta hizkuntza babestea ahalbidetzen duten elementu diskurtsiboak identifikatzea.
Horrekin batera, helburu espezifiko bat dago: euskararen sustapenaren inguruan identifikatutako elementu diskurtsiboen oinarrizko banaketa soziala aztertzea, hizkuntza-taldeak (euskaldunak eta gaztelaniadunak), adin-taldeak, generoa eta lurralde soziolinguistikoak kontuan hartuta.
ikerketaren faseak
Azterketa kualitatiboaaren fasea (2023)
Helburu hauek betetze aldera, 2023. urtean proiektuaren lehen fasea garatu da: fase kualitatiboa. Nafar gizartean sortzen edo eraikitzen ari diren diskurtsoak aztertzeko, talde triangeluarrak, talde sozializatuak ere esaten zaienak, bereziki egokiak dira eta horiekin lan egin da. Horiek diseinatzeko, kuota selektiboak hartu dira kontuan, hala nola: adina, generoa, jatorria, euskara jakitea/ez jakitea, edo Nafarroako eskualdeak.
Talde bakoitza lau pertsonaz osatua egon da eta osotara bederatzi talde triangular egin dira Nafarroako eskualde ezberdinetan: Elizondo-Bortziriak aldean, Tafalla aldean, Lekunberri-Larraunen, Tuteran, Lizarraldean eta Iruñerrian.
Saioak, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek, proiektuko zuzendari zientifikoek gidatuta eta koordinatuta, digitalki grabatu dira eta hitzez hitz transkribatu dira. Azkenik, talde-saioetan sortutako testuei diskurtsoaren analisia aplikatu zaie.
Azterketa kuantitatiboaren fasea (2024)
Ikerketak bigarren fasea izan du 2024. urtean: fase kuantitatiboa. Bigarren une prospektibo honetan, Nafarroako gizarte osoaren lagin adierazgarri, edo errepresentatibo, bati inkesta bat egin zaio. Inkestaren asmoa izan da kuantitatiboki baliozkotzea, edo balidatzea, fase kualitatiboan agertu diren diskurtsoen elementuak, betiere ikerketaren helburuekin zerikusia dutenak.
Metodologiari dagokionez, beharrezkotzat jo da Nafarroako adin, sexu eta eskualde taldeen araberako lagin proportzionala eta estratifikatua egitea. Telefonoz 903 elkarrizketa egin dira, % 95,5eko konfiantza-mailarekin (2σ) eta +/- % 3,3ko lagin-errorearen marjinarekin. Inkestaren datuak Barbwin 7.0 programarekin tratatu dira, eta analisi estatistikoko txosten bat egin da, ikerketaren helbururako garrantzi handieneko aldagai independenteekin kontrastatuta.
Azken txostena (2024)
Azkenik, ikerketa osoaren (kualitatiboa eta kuantitatiboa) emaitzak honekin batera aurkezten den Azken Txostenean bildu dira.
ikerketa taldea
Eusko Ikaskuntzaren gidaritzapean, ikerlanaren zuzendariak Xabier Erize (soziolinguista, Filologian doktorea) eta Carlos Vilches (soziologoa, Soziologian doktorea) dira: helburuak eta metodologia finkatzeaz, ikerketa garatzeaz eta emaitzen txostena egiteaz arduratu direnak.
azken txostena
![]() | Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatutaXabier Erize eta Carlos Vilches 2024ko irailaren 25a | ||
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: