1. Sarrera
2001eko bere txosten zabalenean, “Converging Technologies for Improving Human Performance”, Estatu Batuetako National Science Foundation-ek (NSF) “Berpizkunde Berria” (New Renaissance) bultzatu zuen, nano-bio-info-kogno (NBIC) konbergentzian oinarrituta. Ondoren, ideia hori Europako Batasunak hartu zuen, Euskal Herrian eragin nabarmena ukan zuelarik. Izan ere, bertako hainbat lurralde historikok (NBIC) konbergentzian oinarrituta, ikerketa, garapen eta berrikuntzako, (I&G+b), politika ausartak garatu baitzituzten. I&G+b plan horiek zientzietan eta teknologietan oinarritu izan dira gehienetan, baina arteak, giza zientziak eta gizarte-zientziak barne hartu ohi zituzten.
Honela, NSFren ekimenak “mainstream” berri bat ekarri eta ezarri die garapen industrial handia duten herrialde eta eskualdeei. Hasieran konbergentzia nano-teknologietan, bio-teknologietan, informazio-teknologietan eta zientzia kognitiboetan zentratu zen, eta horregatik NBIC siglak hartu zituen. Arlo horietan guztietan azken bi hamarkadatan berrikuntza handiak egon dira, garapen teknologiko horiek sostengatzen dituzten oinarrizko zientzietan izan duten garapen ikusgarriak bultzatuta. Hala ere, "Berpizkunde Berria" aurrerago egin du eta dagoeneko neurozientzien bazter etikoen eremura iritsi dela esan genezake. Prof. Yuste-k (BRAIN Initiative® and Columbia University, New York) maiz dio, aurreikus daitekeen gizakien pentsamenduak, gizakien beraien garunetan dekodifikatzeko, sentimenduak areagotzeko edota memoriaren edukia aldatzeko gaitasun teknikoak, ozenki eskatzen duela “neuro-eskumen” egokiak, gizakien pribatutasun mentala gorde ahal izateko. Bistan da hau, aurrerapen teknologikoen eta balore humanistiken beharrezko konbergentziaren adibide kanonikoa dela.
Ez da NBIC motako konbergentzia programek soilik zientzia-teknologikoko ezagutza eremu askotan eragin sistemikoa izan dutela (material berriak, adimen artifiziala, robotika, biologia sintetikoa, espazio esplorazioa, kosmologia...), gizarte zientziak (gizarte sareak, online publizitatea, informatikako zuzenbidea...), arteak (bideo-jokoak, net-art, arte digitala...) eta humanitate tradizionalak ere eraldatu dituzte (ondare kulturala, humanitate digitalak, ekonomia sortzailea, hizkuntza-aniztasuna, etab.). Adimen-artifizial sortzaile motatakoen agerpenak, konbergentzia programa interdisziplinariotik sortutako erronka garrantzitsu horien adibide bezala balio du[1]. Large Language Models-en oinarritzat hartuta, eraikitako AI-ak pertsonekin elkarrizketan aritzeko gai direla frogatu baita; koadroak margotzeko, melodiak sortzeko, mota guztietako galdera zehatzak erantzuteko, eta poema eta kontakizun laburrak sortzeko ere bai. Era berean, programa informatikoak automatikoki sortzeko gai dira hitz arruntez emandako iruzkinei jarraiki, eta datu-base handiak (Big Data) kudeatzen dituzte, zientifikoak, ekonomikoak, sozialak, linguistikoak edo pertsonalak badira ere. Hori bai, emaitza horiek guztiak lortzeko I&G+b politikak behar dira, adostuak, pluralak, egonkorrak eta iraunkorrak. Big Data egungoak finantzaketa oparoa eta etengabea eskatzen du. Lehenengo Berpizkunde aroan, 15-16 mendetakoa, garaiko klase sozial altuko aberatsek diruz hornituko zuten bezala, orain 21 mendeko Berpizkunde Berriaren aroan finantzatzaile mota berriak azaldu dira, erakunde publikoetakoak eta pribatutakoak.
Europako Batasunaren 2003ko konbergentzia programa, Estatu Batuetakoa baina apalagoa izan zen. Aldiz, 2009koan, humanitateak ere bildu ziren, baina Batasunaren Estatu kideen artxibo, museo eta liburutegi publikoak baino ez zituen kontutan hartu. 2009ko txostenak kultura-ondare mota asko baztertu zituen, bereziki Interneten etengabe sortzen ari den dokumentazio digitalaren kontserbazioa eta prozesatzea, hau da, Unescok 1992an “Munduko Memoria” deitu zuena. 2003ko aditu europarren batzordeak NSFren leloa erabili zuen, “New Renaissance”. Hala ere, ez zuten argitu zein berpizkunderi buruz ari ziren, ezta zergatik gauden 21. mendean Berpizkunde Berri baten aurrean ere. Izan ere, “Europako Berpizkundea”-aren historiak garbi erakusten du garapen maila ezberdin anitz izan zirela estatutik estatura. Oso bizia izan zen hainbat herrialdetan, Italian bereziki, baina oso ahula beste hainbatetan, non Erdi Aroko kristau ortodoxiak nagusi izaten jarraitu baitzuten. Hiriak egon baitziren, Florentzia kasu, gaur egungo Silicon Valley-rekin “erkatu” daitezkeenak. Beste batzuk ez. Berpizkundea, Europan ez baitzen unibertsala izan. Foku konkretuak izan zituen 16-17. mendetan eta halaxe da gaur egun ere. Berpizkunde Berria ez da berdin onartua izan munduko nazioetan. Kontutan dauzkagu, eduki ere, honek izan dezakeen ondorio ekonomiko eta demografiko sakonak.
Hitzaurre artikulu honetan, batez ere Italiako zientzien eta arteen arteko harremanei buruz ari gara, bertan sortu baitzen Zientzia Ederren kontzeptua, baina baita Zientzia Berriaren (Vico) kontzeptu senidea ere. Gaur egungo sistema teknosozial handiak[2] (Internet, esaterako) garai hartakoekin (inprenta, batez ere, baina baita Berpizkundeko arkitektura eta urbanismoa ere) erkatu daitezke. Berpizkunde italiarrak aldaketa ugari eragin zituen, baina bi dira hemen interesatzen zaizkigunak: Zientzia Modernoaren agerpena (Galileo, Kepler, Huygens, Newton…), 16. eta 17. mendeetan, eta Letren garapena, literatura eta historia barne. Letra Santuak (liburu sakratuak) ez bezala, zeinak ezagutza teologiko baliozkoaren kanona osatu baitzuten Erdi Aroan. Gogorarazi behar da arteak izan zirela Berpizkunde italiarraren bulkada. Haien bultzadari eta eragindako berrikuntzei esker, zientzia modernoak agertu ziren pixkanaka. Ulertuta matematikak – kontutan izan Grezia klasikoan (Pitagorasen eta Alexandriako eskolak) matematikak jada bere izaera zientifiko-artistikoa agerian utzia zuela, funtsezkoak izan zirela zientzia modernoaren pizkunderako, zeinaren abangoardia Galileo-ren fisika izan baitzen, “natura hizkuntza matematikoan idatzita dago” (Il Saggitario, 1623). Ale monografiko honek, arteen eta zientzien edertasunean zentratuta egonik, arreta berezia jartzen dio matematikari, ez bakarrik garaikideari, baita matematika klasiko eta modernoei ere. Matematikaren berragerpena 16. mendean erabakigarria izan baitzen Berpizkundean, arteen eta zientzien aurrerapenerako besteak beste.
Bi adibide esanguratsu: Berpizkundeko margolariek koloreen teoria, optika eta perspektibaren antzeko zientzia-arazo garrantzitsuak zientzialariek baino lehenago landu zituzten. Gauza bera gertatu zen Berpizkundeko eta Barrokoko musikarekin, akustikaren inguruko ikerketa zientifikoak eta baita soinua teoria, eta bidez batez argiarena ere, osatu baitzirelarik. Denbora eta espazioaren nozioak ere lehenengo artistek aztertu zituzten, eta gero zientzialariek. Zientzien eta arteen arteko harreman asimetrikoa oso nabaria izan zen Berpizkunde garaian, eta ez bakarrik Italian, beste hainbat herrialde europarretan ere, hala nola, Herbeheretan, Frantzian, Erresuma Batuan, eta Alemanian, esate baterako. Esan daiteke ere “edertasun” balioa arteen Berpizkundetik zientzia modernoetara transferitu zela. Edertasuna, antzinako Grezian balio garrantzizkoa izan zen, ez alferrik tradizio platonikoa erabakigarria izan zen Greziako antzinako arte eta zientzien agerpenarentzat, baina Berpizkunde garaian balio nagusi bihurtu zen. Hamazazpigarren mendearen amaierako lehen Akademietako eta Zientzia Aldizkarietako (Londres, Paris, Erroma, Amsterdam, Berlin, Viena, etab.) eztabaida zientifikoetan erabakigarria izaten ohi zen edertasunaren eta formula matematikoen sinpletasunaren arteko erlazio agerian jartzea “egiatasuna” aldarrikatzeko (hala eta guztiz ere, ikus beherago Faraday-k “egiatasunari” buruz zioena)
Gaur egun, oinarri zientifikozko zientziak eta teknologiak ezagutzaren abangoardia osatzen badute ere, era berean, arte eremuan ere berrikuntza garrantzitsuak sortu dira 20. mendearen zehar eta 21. mendearen lehen laurden honetan. Berpizkundeko margolaritzaren edertasunaren pareko formak sortzen duen argazkigintza, berrikuntza hauen adibide agerikoa da, zeinek azken aldian goia jo duen zinematografian, zinema-zientziekin eta arteekin loturak nabarmenki estutu dituelarik. Beraz, gaur egun Arte Eder Zientifikoez hitz egin dezakegu. Labur esanda, Berpizkundeko Arte Ederrak hainbat zientzia eta teknologia garaikidetan berrituak agertzen baitira gaur egun, eta horregatik Aro Berri bat dugula esan daiteke, Estatu Batuetan sortua, baina hainbat herrialde, gizarte eta jakintza arlotara zabaldua. Ale monografiko honek zientzia eta arte praktikoaren arteko lotura estuak bistaratzen baititu, bai Berpizkundean, bai 21. mendean. Horregatik Arte Eder Zientifikoa proposatzen dugu izen burutzat, aro berri honen kontzeptuaren ikurtzat.
Halere, berpizkunde hitzak garai zaharragoetara garamatza, non zientzia eta arteak elkarren artean estu estuki lotuta zeuden. Hori ez zen soilik kristautasun aurreko Europan gertatu: Txinan eta Korean ere bai, eta baita hainbat amerindiarren zibilizazioetan ere. Zetaren Bideak, Txinako kultura Europa hegoaldekoarekin jarri zuen harremanetan, hainbat hiri musulmanen bitartez. Bagdad kasu, non jadanik 8. menderako aurrerapauso zientifiko eta artistiko garrantzitsuak emanak baitziren. Hala eta guztiz ere, Berpizkunde italiarrak bere iturri nagusiak Grezia klasikoan izan zituen, episteme (ezagutza) eta doxa (iritzia) bereizten ziren lekuan, eta han garatu ziren mendebaldeko filosofia, logika, aritmetika, geometria, antzerkiak, musika, margolaritza eta medikuntza. Horien berpizkundea Italian eta Europan, 16. mendetik aurrera, Aro Modernoaren sorrera ahalbidetu zuen, Greko-latindar antzinaren berpizkunde gisa ulertua.
Grezia klasikoko zientzia eta arte ezagutzaren formak berreskuratzea teknologia sistema berriei esker izan zen posible. Hala nola, inprentari, grabatuari edo Berpizkundeko hiri berriei esker, zeinak gizarte-berrikuntza disruptibo gisa ulertu behar diren, ordena feudala hautsiz, hiri irekiak eta herrixkak progresiboki sortzea bultzatu baitzuen. Hiri horietan mezenasgo eskuzabal bat egon zen, zientzia, arte eta teknika arloko sormen forma ezberdinak bultzatu zituena. Kartografia, esate baterako, arte, zientzia eta teknologia, AZT, konbergentziaren adibide gisa balio du, mapek Aro Modernoan izan zuten garrantziagatik. Mapa zehatz eta geografikoki konformerik gabe ez zen posible izango Amerikara iristea edo munduari itsasoz buelta ematea. Eta zer esanik ez Iberiar penintsulan egon ziren mezenasgo forma berriei buruz, merkataritza eta industriaren forma berriek bultzatzaileak, elizak zientzia eta arteetan zuen monopolioa hautsi zutenak.
Italian eta hainbat herrialde europarretan 16. eta 17. mendeetan gertatu zen Berpizkundeaz hausnartzen badugu, haren ezaugarri nagusietako bat, humanismo sakonaz gain, zientziak eta arteak aldi berean bultzatzeko gogoa eta gaitasuna izan zen, baita mezenasgoen bidez zientzia, teknika eta arte-sormenaren sustapena ere. Artea, zientzia, teknologia eta finantzaketa, AZTF, ekimen erabakigarria izan zen Berpizkundeko italiar hirietan, eta berriz ere izan daiteke erabakigarri gaur egun Amerikako Estatu Batuetan eta Europan proposatutako “Berpizkunde Berrian” ere. Italiako Berpizkundearen gailurretako bat, mende eta erdi geroago iritsi zen: Encyclopédie Française-a. Europako Ilustrazioaren lan gorenetako bat, baina argi eta garbi berpizkundetar inza zena kontzepzioz, zientziei, arteei eta ofizioei pareko arreta eman zielako. Horregatik izan zituen hainbeste harpide eta irakurle, gaur egun Wikipediaren kasuan gertatzen den bezala. Azken honek ere, mota guztietako ezagutzak lantzen ditu, betiere, iritzi-sareen bitartez, kontrastatuak direlarik. AZT ekimen modukoak, Berpizkunde europarraren eta haren ondorengo ilustratuen ikur nagusiak, Ipar Amerikan ere loratu ziren. Han, ekialdeko kostaldean, benetako euroamerikar Berpizkundea garatu baitzen, unibertsitate, museo, liburutegi eta sormen-enpresen aldeko hiri garrantzitsuen sorreran oinarrituta.
Amerikako kontinentean izan zen lehen zientzia-erakunde handienetako bat American Academy of Sciences and Arts (AASA) deitu zen. 1795ean sortu zen eta oraindik iharduanean jarraitzen du. Zientzia desberdinak lantzen ditu, baita arte eta letren arloak ere. Kasualitatez, 2022aren amaieran AASA-k adimen artifizialari buruzko obra kolektibo monografiko bat argitaratu zuen. Jakiundek, Eusko Ikaskuntzaren Revista Internacional de lo Estudios Vascos aldizkariaren egun zuen bezalaxe1. Jakiundek kudeatutako lehen ale monografikooi, 2023ko Azaroan Arantzazuko Jakiunde Foroan eztabaidatu eta aztertu zen; gaur egungo Euskal Herriko I&G+b sistemen irekitasunaren adibidea.
RIEV aldizkariaren ale honek, Jakiunderen esku dagoen hirugarrenak, zientzialari, artista eta ingeniarien, enpresariak barne, arteko konbergentziak eta elkarlanak sustatzeko asmoa du. Izan ere, enpresa-zientziez hitz egiteaz gain, enpresa-arteez ere hitz egin baitaiteke. Egungo zientzia, teknologia eta enpresa-praktikak, gaur egungo arte-praktikak bezala, teknologia nano-bio-info-kognitiboen aldaketa handiek eragindako marka sakonak dituzte. Halaber, datu-teknologiek sortzen dituzten aldaketak, zientzien eta arteen eremu anitzetan ez ezik, enpresa, finantza, politika, osasun eta gizarte-jardueretan ere agerikoak dira. Beraz galdera zerau da: Aurre aurrean daukagun berpizkundeak, Grezia klasikoko edo Italiako Berpizkundeko balioen eta humanismoaren berpizkundea al dakar ? Gai hauek, hausnarketarako eta eztabaidarako irekiak daude. Horrelako erronka bat ezin da arrotza izan Jakiunde den bezalako Zientzia, Arte eta Letren Akademiarentzat.
Aurkezpen honi amaiera emateko, Jakiundeko bi kide gorenen, Pedro Miguel Etxenike eta Miguel Zugazaren lau adierazpen ekarriko ditugu gogora. Duela bi urte, Innobasquek biak gonbidatu zituen “Kultura, Zientzia eta Edertasuna” izeneko elkarrizketatik jasoak dira:
“Sormena artearen funtsa da, eta zientziarena ere bai”
“Gaur egun, artea eta zientzia hiriko erdigunean daude”
“Zientziaren eta arteen eremuen artean oreka egon behar du”
“Zientziak eta arteak askatasuna behar dute, eta askatasuna darie”
Lau ideia hauek “Arte Eder Zientifikoak” lema sostengatzen dute, RIEVko ale monografiko honi izena ematen diona. Etxenike eta Zugaza beren elkarrizketan hainbatetan bat etorri ziren. Desadostasunak ere izan zituzten, akademikoen artean ohikoa (eta sanoa) den bezala. Ados ziren hainbat punturen gaindi, artearen eta zientziaren arteko ezberdintasun garrantzitsuak ere aditzera eman zituzten. Hain zuzen, Zugazaren iritsiz, “zientziaren aurkikuntzak denborarekin gainditu egiten dira”; aldiz, “arteak beti gehitzen du, iraganeko osagaiak ez ditu galtzen”. Etxenikek zehaztu zuen: “zientzia aurrerapena da; artea biak aldaketa eta jarraitasuna; baina zientzia, aldi berean, aurrekoaren kontrako matxinada da”. Ez ziren ados jarri “arte eder zientifikoen” gai zentral baten inguruan: egia edertasuna den edo edertasuna ote da egia, John Keats idazle eta poeta ospetsuak aldarrikatu zuen bezala. Etxenikek adierazpen horretatik urrundu zen eta Faraday ekarri zuen gogora, zeinak esaten baitzuen “ez dago ezer hain ederra, egia izatea merezi duena”. Aldiz, Zugazak zioen “edertasunak egiarekin lotura izan behar duela, eta zentzu horretan berriro elkartzen direla zientzia eta artea”. Elkarrizketa gai sakonagoetan murgildu zen, Etxenikek esan zuenean “zientziaren edertasunaz hitz egiten dudanean, ez naiz edertasun sentigarriaz ari, baizik eta Poincarék aipatzen duen barneko, egituratutako edertasunaz”. Edertasun ulerkorra. Gai handia, batez ere pantailen bitartez eta adimen artifizialaren bitartez moldatutako “mezu” eta “arte obrak” inguraturik gauden garai honetan, horietako batzuk ulerkorrak eta artistikoak baitira, beste batzuk ez.
Eztabaida irekita dago. RIEVko ale monografiko honek hala eutsen baitio. Jakiundeko hainbat akademiko, jatorri profesional eta akademiko oso ezberdinetakoak, hemen bildu ditugun ekarpen paregabe hauen bitartez. Zientzien, arteen eta edertasunen inguruko elkarrizketa luzatzea posible egin baitute RIEVko zenbaki monografiko hau prestatzeko gonbidatuak izan diren bi editorek, Dr. Naroa Ibarretxek (Deustuko Unibertsitatea) eta Dr. Roldán Jimenok (Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Egin duten koordinazio eta “peer-review” ebaluazioa lan bikaina izan da. Esker onik biziena helarazi nahi diegu bi editore gonbidatuoi eta RIEVko ale hau osatzen duten artikuluen egileei ere.
Ugalde, Jesus M.[3]
Echeverría, Javier[4]
Editors in Chief
[1] Ikus Revista Internacional de los Estudios Vascos. RIEV, 67,2 (2022).
[2] Ikus Revista Internacional de los Estudios Vascos. RIEV, 68,2 (2023).
[3] Jakiunde. Prim, 7. 20006 – Donostia-San Sebastián. jesus.ugalde@ehu.eus
[4] Jakiunde. Prim, 7. 20006 – Donostia-San Sebastián. javierecheverria@jakiunde.eus