Corporate news

01/01/2011

José Antonio Arana Martija, Eusko Ikaskuntzaren 2010eko Manuel Lekuona Saria

Musicólogo, folklorista, bibliógrafo, documentalista y euskaltzale, Arana Martija obtiene el Premio Lekuona por una vida de dedicación a la cultura vasca

Eusko Ikaskuntzak 2010eko Manuel Lekuona Saria José Antonio Arana Martijari (Gernika, 1931) ematea erabaki du, mende erdi luzean zehar izandako euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa.

Bolara batean Frantzian erbesteratuta egon ondoren Humanitate eta Musika ikasketak egin zituen Gasteizko Seminarioan Zuzenbide eta Ekonomia Zientzietako lizentziatura lortu baino lehen. Berrogeita hamargarren hamarkadatik zenbait enpresatan egindako lanarekin batera garatu ditu musika, euskara, historia, folklore eta dokumentazio ikerketak.

XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta dibulgazioan irudi aktiboenetakotzat jotzen da. José Antonio Arana Martijaren lana zabala da eta, zentzu askotan, oraindik gainditu gabea. Hori da 1976an argitaratu eta ondoren berrargitaratu den Música Vasca liburuaren kasua, tokiko musikaren historiaren inguruan egindako lehen bilduma lan global, zabal eta dokumentatua izan zen eta orain arteko bakarra da. Aipatzekoak dira baita Santa Cecilia eta Gernikako Andra Mari abesbatzen sorrera eta zuzendaritzan egindako lanak. Gainera, nabarmentzekoak dira euskal musika sistema hobetzeko egindako txostenak.

Euskaltzaindiko liburuzain 1978tik eta euskaltzain oso 1988tik, José Antonio Arana Martijak lan handia egin du dokumentalista eta bibliografo gisa, katalogo, kantutegi eta bestelako bilduma garrantzitsuak sortuz.

Eusko Ikaskuntzako kide, Musika Saileko presidente izan zen 1987 eta 1990 urteen artean. Real Sociedad Bascongada de Amigos del País eta Eusko Ikasketen Institutu Amerikarreko kide da.

Frankismo garaian zenbaitetan kartzelara eraman zuen bere konpromiso politikoa ezin da aipatu gabe utzi. Demokrazia iristearekin, Gernikako zinegotzi eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako batzarkide aukeratu zuten.

Saritzat Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emango zaio sarituari oraindik zehazteko dagoen egunean egingo den ekitaldi publiko batean.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp