Maiatzaren 26an Eusko Ikaskuntzako bazkideen urteko Batzar Nagusia egin zen Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, 2006ko jarduerari zegozkion jarduera txostena eta emaitzen balantzea eta kontua onetsi zituzten.
Jose Luis de la Cuesta, Lehendakariaren Albokoak Jakiunde-Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren abiatzearen berri eman zion Batzarrari, horren lehen osoko bilkura eratzailea aurtengo azken hiruhilabetekoan egitekoa delarik. Halaber, Elkartearen Estatutuak berritzeko egutegirako proposamena aurkeztu zen, Elkarteen alorreko azken lege aldaketek eta gobernu organoek dagokien jarduera modu eraginkorragoan betetzeko premiak hartaraturik.
Ekainaren 30a baino lehen, bazkide guztiek Estatutuen proiektu berria jasoko dute, eta zuzenketak aurketu ahal izango dituzte, banaka zein taldeka, irailaren 15a arte. Hilabeteko epean, Batzorde tekniko batek proposamenak aztertuko ditu eta, azkenik, bazkideek onetsi edo arbuiatuko dituzte, abenduaren 1erako deitzekoa den ohiz kanpoko Batzar Nagusian.

Eginkizun historiko hirukoitza
Javier Retegui lehendakariak "Eusko Ikaskuntza: bokazio kolektiboa" txostena aurkeztu zuen Batzar Nagusian. Horretan, Elkartearen jardueran "jauzi kualitatibo handia" proposatzen da, eta lau lan eremu handi finkatzen ditu hurrengo urteetarako: ekonomia, gizartea, kultura, eta dagoeneko abian den benetako aurrerabide eta aurrerabide iraunkorrari dagokiona. Txostenaren testu osoa bazkide guztien helbidera bidaliko da. (Ikus horren laburpena AtJ honen 4. orrian).
Azkenik, Leopoldo Zugaza bazkideak Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorrak emandako Ohorezko Bazkidearen ezaugarria jaso zuen, kulturaren hainbat alderditara osorik emandako bizi jardunbidearen ezagutza gisa.
