ELKARRIZKETA ANJEL LERTXUNDIREKIN: "Adinarekin ohartzen zara Historiako elementu batzuek zure burua eta zure herria esplikatzen dituztela"
Anjel Lertxundik Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuan aurkezturiko azken osoko txostena ondu du. Eleberrigile, gidoilari, Literatura irakasle eta Eusko Ikaskuntzako kide honek denbora luzea darama oroimenaz eta horrek hizkuntzarekiko duen harremanaz hausnartzen.
Zergatik aurrerapen eta etorkizunarekin lotu ohi dugun ideia batez, "Berrikuntza"z, diharduen Kongresu baten ardatzetako bat "Gizarte Memoria"ri eskaintzea?
Atzera begiratu beharra dugu aurrera joan ahal izateko. Ez dago berrikuntzarik iraganera begiratu gabe. Historiak, izan garenak, izan nahi dugunerako abiapuntu izan behar du beti. Errorik gabeko proiektu bat, edo horietaz kontziente ez dena, airean egindako berrikuntza da, etorkizuna eraikitzeari begira, funtsik eta baliagarritasunik batere nekez izango duena.
Tradizioa, giza komunitateek pilaturiko memoria gisa erreibindikatu behar da?
Beldur naiz ?tradizioa? ez ote den hitz higatu bat, hartaz erabilera okerra egin delako. Belaunaldi berrientzat zerbait zaharkitua, ez-eraginkorra da, gaurkotasunarekin zerikusirik ez duena. Hala ere, gutako bakoitza tradizio gara, tradizioa daramagu gizaki egiten gaituen guztian. Nire iritziz, tradizioaren eta oroimenaren elementurik garrantzitsuena hizkuntza da, gizatalde jakin bat esperientzia pilaketa eta esperientzia horien adierazpena den heinean, mundua ikusteko eta mundu honetan jokatzeko molde jakin batzuk batera jartzea den neurrian. Hori dela eta, hizkuntzan berean gure talde oroimenaren aztarna garrantzitsuak eguneraturik dauzkagu.
Zergatik adinean sartzen garenean gero eta atsegin handiagoz hartzen dugu Historia?
Urteak pilatu ahala, denboraz dugun pertzepzioa aldatuz doa, zabaldu egiten da pixkanaka-pixkanaka eta, horrela, denbora igarotzeari zentzua ematen hasten gara. Kontua ez da, soilik, duela 100, 200 edo 300 urteko gertaera baten garrantziaz ohartzea, baizik eta honaino ekartzen gaituzten gertaeren kate bat, sekuentzia bat dagoela ulertzen dugula. Adinarekin ohartzen zara Historiako elementu batzuek zure burua eta zure herria esplikatzen dituztela.
Pio Barojaren arabera, oroitzapen liburuak jadanik oroimenik ez dagoenean idazten dira. Hala eta guztiz, agian urteekin oroimena ez da galtzen, selektiboagoa egiten baizik.
Egia da, oroimena selektiboagoa egiten da, eta seguruenik deserosoena, ez oroitzea nahiago duguna alde batera uzten joaten da. Oroitzapen literario eta historikoen kontuari dagokionez, oso gai irristakorra dela deritzot, bai baitaude oroitzapen zintzoak eta gauzak ezkutatzeko idatziak daudela ematen dutenak. Dena den, esan beharra dago literatura guztia dela oroimen ariketa, ikusi eta ezagutu dugunean oinarriturik idazten dugulako; ezin da ezerezetik idatzi eta literatura beti aurretik baden zerbaiten gainean eraikitzen dugu.
Ezin gaia utzi, gaur-gaurko "Memoria Historikoa" delakoaz galdetu gabe.
Gerra orok arerioaren memoria ezabatzea du helburu eta gerraondo guztiek memoria berri bat inauguratu nahi dute, garaileena. Hori gertatu zen Espainian, eta Trantsizioa iristean orria beste aldera itzuli eta aurrera begiratzen saiatu ziren, galtzaileen memoria ahaztuz. Ez dut juzgatzen. Soil-soilik oharrarazten dut orain dela hogeita hamar urte atzera ez begiratzeagatik, zailtasunak ditugula orain, duela hirurogeita hamar urteko gertakarien kontakizun gutxi-asko normalizatua osatzeko. Lagun batek esan ohi du garaiz ez esandako egiek, gero, denbora asko behar izaten dutela dagokien tokian jartzeko. Hala da: Trantsizioan egia ez esanak eta nahikoa adorez defenditu izanak gaurko egoera ekarri digute. Garbi dago gizarte akats bat izan zela, memoriaren kontuari behar bezala ez heltzeagatik.
Entzun elkarrizketa osoa ondoko helbidean:
Elkarrizketa