Corporate news

09/01/2009

Euskaltzaindiak 90 urte betetzen ditu

Hilabete honetan, Euskaltzaindia, Euskararen Akademiak 90 urte betetzen ditu. Eusko Ikaskuntzak erakunde senidea eta haren kide guztiak zoriondu nahi ditu urtebetetze hori dela eta, arrazoi historikoak direla bide haren partaide sentitzen baita.

1918ko irailaren 5ean, Oñatin egindako Eusko Ikaskuntzaren Lehenengo Kongresuko Hizkuntza Sailak euskara ikertzeko eta babesteko erakunde bat sortzea erabaki zuen. Hartarako, oinarriak idatzi beharko lituzkeen txosten bat eginarazi eta lehen euskaltzain osoak izendatu zituen: Resurreccion Maria Azkue, Arturo Campion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo.

1919ko martxoaren 2an, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorrak bere egin zuen bazkideek idatzitako proiektua eta aurkeztu egin zien Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako

Aldundiei, haien onarpena eta laguntza moral eta soziala eskatzeko. Bertan esaten zen Akademia berriak "alde zientifikoan autonomia zabala eta erabatekoa" izango zuela, baina Eusko Ikaskuntzarekiko senide izaera gordez.

"Horren lanak ?esaten zen? hizkuntzaren batasun lexikoa, fonetikoa eta grafikoa finkatzera bideratuko dira, literatura indartsua sortzeko ezinbesteko oinarritzat harturik, eta, halaber, nahitaezko aitzin urrats gisa,geroagoko eta behin betiko literatura euskalkia bateratzeko, euskaldun ororen xede dena".

Hartarako bi sail desberdin hartzen ziren kontuan: zientzia ikerketei zegokiena bata, eta hizkuntza zaindu eta zabaltzeko babes eta gizarte ekintzari zegokiona bestea.

Behin lau Aldundiek proiektua onarturik, Eusko Ikaskuntzak eraketa batzarrerako deia zabaldu zuen, Donostiako Aldundiko Jauregian egingo zena 1919ko irailaren 21ean. Lau euskaltzain sortzailek eta zortzi konpromisariok,aldizkari eta elkarteen ordezkari gisa, Akademia berriaren sorrera bermatu zuten eta gainerako euskaltzain osoak aukeratu zituzten.

Argibide gehiago: ATEJOKA, 012.zk.

Share:
Facebook Twitter Whatsapp