Gazteak eta politika
Azaroaren 12an,18 eta 30 urte bitarteko 150 gazte inguru Donostian bilduko dira Eusko Ikaskuntzak deituta, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Parte hartuz erabakitzen duzu gaiari buruzko jardunaldi bat partekatzeko asmoz. Bilkura honek ibilbide luzeagoko lan baterako abiapuntu izan nahi du; gazteen iritzian etorkizunean beharko litzatekeen gizarte antolaketaren ereduari buruzko hausnarketak sortzea izango luke lan horrek helburu. Era berean, gazteriaren eta arduradun politikoen arteko espazio partekatuak sortzea lortu nahi da.
Euskara eta gazteria
Euskara da nire aukera. Zein da zure estiloa?, horra gazteak protagonista dituen proiektu baten izenburua. Bai baserri giroan nola hiriburuetan, euskararen egoeraz eta hizkuntza horretan bizitzeko aukerez ohartzea eta gogoetatzea da kontua, baita egindako erradiografiak alderatzea ere. Ikerlan soziolinguistikoa ez bada ere, proiektu honen bidez analisi eta ikerketa metodo zientifikoetara hurbiltzea ziurtatu nahi da. Parte hartuko duten taldeek (8-10 gaztek osaturik), euskara analizatuko dute ondoko herri-hirietan: Bilbo, Markina-Xemein, Donostia, Oñati, Gasteiz eta Aramaio.
Aztarna ekologikoa
Pentsamendu eta behaketarako gaitasunak zein praktika egoki batzuk duten garrantziaz jabetuta, Ei Gazte! egitasmoak euskal gazteen artean kontsumo ohituren hobekuntzarako Aztarna Ekologikoari buruzko tailer berri bat jartzen du martxan. Gipuzkoako eta Bizkaiko talde bik Bizkaiko Ander Deuna ikastolaren eta Gipuzkoako Amara Berri ikastetxeko Aztarna Ekologikoaren kalkulura gerturaketa bat egingo dute. Urria eta azaroa bitartean ekimeneko hirugarren urratsari ekingo diote: egindako egoera diagnosia alderatu, gogoeta egin eta ondorioak ateratzeko asteburu batean zehar elkarbizitza egingo dute aterpetxe batean. Ondorio txostena Eusko Ikaskuntzaren Ei Gazte!-ren esku jarriko dute azaroa eta abendua bitartean eta ondoren zabalkunde lana egingo du honek.
