RIEV eremu digitalera zabaldu da

Argitalpenak

2022/10/24

RIEV eremu digitalera zabaldu da

Zientzia eta kulturako euskal aldizkaria kode irekian banatuko da, bere 115 urteko historian erakutsi duen kalitate eta izen onari eutsita.

Zabalkundea eta sarbidea nazio mailan zein nazioartean biderkatzeko asmoz, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (Revista Internacional de los Estudios Vascos, RIEV) aldizkariaren 67.1 zenbakitik aurrera, online bertsioan bakarrik argitaratuko da, kode irekian eta doako harpidetzaren bidez. Eta hori guztia, euskal esparruko goi mailako kultura eta zientzia dibulgazioan, argitalpen zaharrena denak 115 urteetan erakutsi duen kalitate eta zorroztasun berdinarekin.

Eusko Ikaskuntzak formatu elektronikoa aukeratu du bere argitalpen enblematikoarentzat, horrek dakartzan abantailei erreparatuz: azkartasuna, berehalakotasuna, interaktibitatea, biltegiratzeko gaitasun handia, erabilgarritasuna eta edukien jabetza intelektualeko eskubideen edo banaketaren kudeaketari dagokienez. Zientzia-aldizkari nagusien estandarren arabera, web orri berriak bere funts guztietan bilaketak egiteko aukera ematen du, argitalpenaren historia, artikuluak bidaltzeko jarraibideak, argitalpen-taldeko kideak, etab.

Etapa berri honek bat egiten du denboran ehun urte betetzen direnean Julio de Urquijo bizkaitar filologoak RIEV Eusko Ikaskuntzari lagatu zionetik. Gainera, urte honetatik aurrera, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak bere gain hartuko du urtero argitaratzen diren bi zenbakietako baten edizio osoa.

RIEV 67.1 aleak, modalitate berri honetan lehena denak, zortzi azterlan biltzen ditu: Espainiako eutanasiaren erregulazioa, Covid 19k eragindako desberdintasunak, Europar Batasuneko lurralde-politiken argiak eta itzalak, Xabier Leteren musika-lana, Garapen Iraunkorrerako Helburuak, euskal gizarte zibilak bake-prozesuan duen eginkizuna, euskal kulturaren irakaskuntza Boiseko Unibertsitatean eta euskara eta polonieraren arteko itzulpengintzaren estrategiak eta erronkak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp